Guggenheim Urdaibai proiektua baztertzea "erabaki arduratsua" izan dela berretsi du Etxanobek
Guggenheim Urdaibai makroproiektua bertan behera uztearen arrazoien artean, izapideek eta epaitegietan argitzeke dauden prozedurak argitzeak "zortzi edo hamar urtez" proiektua geldi egotea ekarriko lukeela nabarmendu du Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Bizkaiko Batzar Nagusien Iraskunde, Gobernamentu on eta Gardentasunerako Batzordean.
Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak Bilboko Guggenheim museoko patronatuak “aho batez” hala bozkatuta, Urdaibaiko biosferaren erreserbaren erdian Guggenheim Urdaibai museo makroproiektua eraikitzeko plana “berta behera” uzteko erabakia jakinarazi zuen Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak abenduaren 16an. Erabaki horren aurrean, EH Bilduk eta Bizkaiko Talde Popularrak “irizpide-aldaketagatik” azalpenak eskatu dizkie ahaldun nagusiari gaurko [urtarrilak 13] Bizkaiko Batzar Nagusien Iraskunde, Gobernamentu on eta Gardentasunerako Batzordean. Guggenheim Urdaibai proiektua museoko patronatuarentzat eta Bizkaiko Foru Aldundiarentzat proiektua “Urdaibairako eta Bizkaiarako ikaragarrizko proiektu aukera zela eta oraindik dela” berretsi du Etxanobek, baina bideragarritasuna aztertzean proiektua aurrera eramateko epea luzatuko zela ikusita, “erabaki arduratsua” hartu behar izan dutela azaldu du.
Guggenheim Urdaibai proiektuak berez eskatutako izapideek eta epaitegietan argitzeke dauden prozedurak argitzeak “zortzi edo hamar urtez” proiektua geldi egotea ekarriko lukeela zehaztu du Etxanobek, eta egoera horren aurrean, patronatua osatzen duten kide guztiek aurrera ez jarraitzea erabaki zutela: “Aurrera ez egitea erabaki da, ez egingarria ez delako, edo inolako astakeria delako; erabakitzen da ikusten delako inolako pausorik eman barik egon beharko ginatekela gutxienez zortzi urtetan. Hori da erabakiaren muina”.
Etxanobek Guggenheim Urdaibai proiektuaren ibilbidea gogoratu du, horren bi faseak —2008tik 2011ra artekoa eta 2022tik 2025era artekoa— eta bakoitzean jarraitutako pausoak azalduz. Azken proiektuaren bideragarritasunean oztopo nagusiak ere zerrendatu ditu ahaldun nagusiak, eta besteren artean kostaldeei buruzko legediak ezartzen dituen murrizketak, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako “ingurumen araudi zorrotza” eta hainbat udalerriri eragiten dien hirigintza-izapidetze “konplexua” aipatu ditu. Zehaztu duenez, egoera juridiko eta administratiboa ikusita, patronatuak ez zuen auzia “2035. urtea baino lehen” argitzea aurreikusten.
“Lan konplexuak eta garestiak”. Halaber, aldundiak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriotik Urdaibaiko estuarioaren inguruan garapen iraunkorreko jarduera bereziak sustatzeko jasoko zituen 40 milioi euroez galdegin die ahaldun nagusiari, eta honek, Dalia fabrika eraitsi dutela eta “lurren eta akuifero deskontaminazio lanak nabarmen aurrera” egiten ari direla zehaztu du, lanak “konplexuak eta garestiak” izaten ari direla nabarmenduta: “Lan horren helburua ingurua egokitzea zen, Guggenheim Bilbao museoa Urdaibain handitzeko aurreikusitako bi kokapenetako bat hartzeko. Hala ere, ez dut uste ganbara honetan inork zalantzan jartzen duenik egindako lanak bere horretan duen balioa; ingurunearen eta herritarren mesedetan arinago edo geroago, baldintza batzuetan edo besteetan, egin beharreko lana zen”. Hala, orain arte Dalia inguruan egindako lanen zenbatekoa 1.166.982,02 eurokoa dela argitu du Etxanobek.
Etorkizun hurbilari dagokionez, Etxanobek Agirre Lehendakaria Centerrek aurrera eramandako entzute prozesua gogora ekarri du, lehen datuak uztailean argitaratu ostean azken balorazioa urtarrilean jakinaraziko direla iragartzeagaz batera. Era berean, balioan jarri gura izan du uztailetik indarrean dagoen Busturialdea-Urdaibairako Plan Estrategikoa, horren “izaera parte hartzailea” nabarmenduta: “Entzute prozesuan eskualdeko herritar batzuei egindako elkarrizketetatik Guggenheim Urdaibaitik haratago doazen ideia, gogoeta eta proposamenak agertu dira, eskualdearen etorkizunari, espektatibei eta garapen ekonomikoei begira plan estrategikoan txertatu daitekeen materiala dutenak”.
Era berean, Etxanobek Bilboko Guggenheim Museoak motor ekonomiko gisa duen balioa azpimarratu du, Barne Produktu Gordinari (BPG) “677 milioi euroko ekarpena” egiteaz gain, 14.319 lanpostu mantentzea ahalbidetzen duela nabarmenduz. Horregatik, patronatuak “museoak nazioarteko erreferentzia” izaten jarraitzeko formulak bilatzen jarraitu beharko duela azaldu du.
“Autokritika eza”. Iker Casanova Alonso EH Bilduko bozeramaileak aldundiaren “autokritika eza” salatu du, proiektua bertan behera uzteko arrazoietan txosten tekniko edo judizialak aipatu dituztelako, eta ez herritarren borondatea. Hala, “herritarren nahiari lepoa ematea” leporatu dio Casanovak ahaldun nagusiari, “barkamena eskatzera” animatzeagaz batera. EH Bildukoentzat, “hasieratik jakina” zen proiektua ez zela bideragarria izango, eta ondorio horretara iristeko “17 urte behar izana ulertezina” dela adierazi dute.
Bizkaiko Talde Popularreko ordezkari Raquel Gonzalez Diez-Andinok eskualdera bideratzekoak ziren 40 milioi euroen erabilerari buruzko “gardentasun osoa” eskatu dio aldundiari. Era berean, “proiektu fantasma” gisa deskribatu duen Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren kudeaketagatik erantzukizun politikoak eskatu ditu.
Bestetik, Eneritz de Madariaga Martin Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeramaileak “erakunde pribatu baten beharrak lurralde bateko legeriaren gainetik” jarri izanagatik kexka agertu du. Gainera, aldundiak “denbora eta azterketak legea bihurritzen saiatzeko” erabili izana gaitzetsi du, eta kanpoko auditoria bat eskatu du, “zentzurik ez zuen proiektu batean inbertitutako euro bakoitza fiskalizatzeko”. Goyo Zurro Tobajas PSE-EEko bozeramaileak, ostera, eskualderako plan estrategikoan jarri du fokua eta zehaztu du, horretara bideratutako 303 milioi euroekin, aldundiak “zonaldeko ingurumenaren berroneratzea finantzatzen” jarraitu behar duela.
Azkenik, Julen Karrion Lamikiz batzarkide jeltzalearentzat “argi” geratu da “nork lan egin duen, nork entzun duen benetan, eta nork nahiago izan duen beldurra astindu, erantzukizunik ez hartzeko”. Halaber, Busturialdeak “etorkizuna duela” azpimarratu du, parte hartze “erreala” duen eskualdeko plan estrategikoa baitu. Gogoratu du plana 13 plan nagusik osatzen dutela —Autzagane-Muxika errepidea hobetzea, Bermeoren eta Muxikaren arteko bidegorri-sarea handitzea, garraio publikoa hobetzea eta trena indartzea, talde kalteberei laguntzea eta tokiko enplegu-plana, etxebizitza-sustapen publikoa, LHa indartzea Barrutialden eta Nautika Eskolan, Muxikako eskualde-industrialderako sarbideak hobetzea, Inamaren partzela berregokitzea, oinarri teknologikoko industria-proiektu berriei laguntzea, Bermeoko portua eraldatzea eta ekonomia urdina bultzatzea, jarduketak Santimamiñen, Foruan, Kantera Gorrian eta euskal emigrazioaren interpretazio-zentro berrian, Gernikako Merkatu plaza berriztatzea, hiri-, ekonomia- eta gizarte-eragile gisa eta ekonomia garatzeko eskualde-agentzia bat sortzea—. Halaber, horri proiektu estrategikoetarako aurreikusitako 225 milioi gehitu behar zaizkiola azaldu du: saneamendua eta ur-hornidura, Biosfera Erreserbako ingurumen lehengoratzea, trenbideen modernizazioa, Sollubeko errepidearen hobekuntza… Busturialdea Urdaibaik “aurrera egiteko” proiektuetako batzuk dagoeneko martxan daudela azpimarratu. Hala, batzuentzat “okurrentziak” direnak “aurrekontua eta epeak dituzten proiektu zehatzak” direla nabarmendu du, erakundeen arteko elkarlanari esker gauzatuko direnak: “Hori da Euzko Alderdi Jeltzalearen eredua: lana, lana eta lana”.