Zabalik dago neguko bertso barnetegirako izen ematea
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak otsailaren 6tik [barikua] 8ra [domeka] bitartean antolatu du aurten neguko bertso barnetegia, Baratze Baserri Eskolan. Izena eman gura dutenek urtarrilaren 22ra [eguena] bitartean dute horretarako aukera, elkartearen webgunean.
Beste urte batez, Gautegiz-Arteagako Baratze Baserri Eskola izango dute topaleku Bizkaiko bertsolari gazteek, bertan egingo baitute otsailaren 6tik [barikua] 8ra [domeka] bitartean neguko bertso barnetegia. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat pentsatutako egonaldiak, bertsoarekin gozatzeaz gain, bertso eskoletan aritzen diren gazteek elkar ezagutzea du helburu, “harreman sarea sendotzeko”. Horregatik, parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 22ra bitartean [eguena] zabalik dute izena emateko aukera.
Horretarako, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen web orrialdean eskuragarri dagoen izen emate orria bete beharko da eta, zehaztu dutenez, ordainketa egiaztagiria atxiki beharko da. Barnetegiaren prezioa 73 eurokoa izango da, baina familia ugariek %15eko beherapena izango dute: 63,50 euro. Ordainketa egiteko bi kontu korronte zenbaki zabaldu dituzte antolatzaileek, bata BBK bankukoa (ES15 2095 0036 62 5060246189) eta, bestea, Laboral Kutxakoa (ES43 3035 0042 95 0420011426), eta kontzeptuan barnetagia eta parte hartzailearen izen abizenak zehazteko eskatu dute.
Halaber, barnetegian daudela bertsozaleek dirurik beharko ez dutela nabarmendu dute, mugikorraren erabilera “oso mugatua” izango dela zehazteagaz batera. Aforoari dagokionez, hori ere “mugatua” izango dela azpimarratu dute antolatzaileek eta, horregatik, parte hartzaileen zerrenda osatzeko izen emate ordena eta eskualdeen arteko oreka eta generoa hartuko dituzte kontuan.
Gazteek barnetegira eraman beharrekoak ere dituzte: Osakidetzaren txartela, lo zakua, mendirako oinetako erosoak, kirolerako arropa eta etxeko zapatilak. Hala ere, edozein zalantza gazteen bertso irakasleari galdetuz edo bulegora deituz —94-681 27 11— argitu ahal izango dela argitu dute.