Goiuri Bilbaok irabazi du Bermeoko Berbalagunen udazkeneko lehiaketa
Argazkia: Bermeoko Berbalagun. Bermeoko Berbalagunen udazkeneko lehiaketa irabazita, Bermeoko produktuen sortatxoa jaso du Goiuri Bilbao bermetoarrak.
Galderen artean, besteren artean, hainbat sinonimo eta Bermeogaz mugakide diren udalerriak igarri behar izan dituzte parte hartzaileek, eta Gabonetako kantarik gogokoena zein duten ere galdetu diete herritarrei, eta Josu Bergararen Etxe honetan kanta dela bere gustokoena erantzun du Bilbaok.
Lehiaketaren arduradunek eskerrak eman dizkiete parte hartzaile guztiei, eta “hurrengo lehiaketa laster” izango dela gogoratu dute.
Bestalde, Bermeoko Berbalagun egitasmoaren arduradunek aurtengo ikasturtearen berritasunetako bat nabarmendu dute; izan ere, hainbat Berbalagun talde dituzte, eta aurten beste taldetxo bat gehitu dute: herri kirolen taldea.
Aste honetan egingo dute lehenengo saioa; eguenean (urtarrilak 15) elkartuko dira, 19:30etik 20:30era bitartean, Bermeoko Herri Eskolan: “Herriko eskolan elkartuko gara herri kirol errazak egiten hasteko, lagunartean eta doan. Lagunarteko ekintza da, eta ez Berbalagun ez da balizko ezbeharren erantzule egiten”.
Eguenero geratuko dira, eta parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea, 607 609 580 telefono zenbakira deituta (Whatsapp bidez mezua idazteko aukera ere eman dute).