"Gatazkaren ondorio guztiak ixteko eta bukatzeko garaia da"
Sare Herritarrak milaka lagun elkartu zituen zapatuan [urtarrilak 10] Bilbon, 'Ezin da gehiago luzatu' lelopean euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrieri bukaera ematea exijitzeko manifestazioan. Prozesuak aurrera jarraitu arren, "azken txanpan" sartu direla azpimarratu dute.
Sarek zapatuan 'Ezin da gehiago luzatu' lelopean deitutako manifestazioaSare Herritarra Beste urte batez, Sare Herritarrak euskal presoen eskubide urraketa behin betiko bukatu eta horiei espetxe legedia arrunta aplikatzearen aldeko aldarriz bete ditu Bilboko kaleak. Urteak daramatzate deitzaileek “bidegabekeriei eta salbuespen legediei bukaera ematea” eskatzen, eta bide horretako “azken txanpan” daudela uste badute ere, “prozesua ez dela bukatu” azpimarratu zuten Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek milaka pertsona batu zituen manifestazioaren bukaerako ekitaldian. Ezin da gehiago luzatu lelopean, Euskal Herriak bizi izan duen “gatazkaren ondorio guztiak ixteko eta bukatzeko garaia” dela aldarrikatu zuten.
“Euskal gizartearen konpromisoak posible egingo ditu konponbidea, baketa eta elkarbizitza”
Sare 2014. urtean ezarritako helburuak lortzen ari dela nabarmendu zuten Azkarragak eta Atxak, 2023az geroztik euskal presoen urruntze eta sakabanaketarekin amaitu eta zigorrak espetxeko lehen graduan betetzeko politikak atzean uzten joan direlako: “Iaz esan genuen gure aurpegiak aurreko urtean baino alaiago zeudela, eta hurrengo urtea hobea izango zela. Eta bai, hala da, hobea da”. Halere, prozesuak aurrera jarraitzen duela eta, hamarkadetan izandako konfrontazio eta sufrimenduarekin amaitzeko “bide bakarra giza eskubidcak denon artean erreibindikatzea” dela zehaztu zuten: “Euskal gizartearen konpromisoak posible egingo ditu konponbidea, bakea eta elkarbizitza. Bidegabeko egoerak ezin dira gehiago luzatu. Konfrontazio eta sufrimendu urteen ondorioz, gure herriko elkarbizitzan haustura gertatu da”.

Milaka pertsonak egin zuten bat zapatuan Sare Herritarrak deitutako menifestazioarekinSare Herritarra
Aurrerapausoak ematen ari direla eta, elkarrekin bestearekiko eta pertsonen eskubideekiko aitortza eta errespetuan oinarritutako “elkarbizitza demokratiko eta normalizatua” eraikitzeko unea dela aldarrikatu zuten: “Lan egin dezagun gizarte justuagoa, libreagoa eta humanoagoa eraikitzeko. Helburu horretan ez da inor sobran. Edo beharbada bai”.
“Soberan”. “Soberan daude tematzen direnak biktimen mina eta sufrimendua interes alderdikoien alde erabiltzen, eta tematzen direnak biktimen artean kategoriak daudela defendatzen”, adierazi zuten bozeramaileek. Errespetuak eta aitortzak “denentzat berdina” izan behar dutela aldarrikatu zuten, haien hitzetan, “inork ez duelako legitimitatetik biktima baten minaren intentsitatea minaren eragilearen arabera neurtzeko”. Biktimen sufrimendua gutxietsi edo interes alderdikoietarako erabiltzea salatu zuten, haien memoriak “etika publiko partekatuaren funtsezko elementua” izan behar duelako: “Aitortza bera exijitzen dugu torturatuentzat, milaka baitira; segurtasun indarrek eraildakoentzat; indarkeria guztien biktimentzat; eta bai, halaber, euskal presoen eta haien senideen gorputzak eta arimak puskatzeko diseinatu zen espetxe politikaren biktimentzat”. Sarekideek eskubide urraketak azaleratu eta horien egileak babesten dituen “inpunitatea bukatu” behar dela aldarrikatu zuten.
Era berean, espetxeko eskubideen urraketa bere horretan mantentzen tematzen direnak ere soberan daudela nabarmendu zuten: “Soberan daude besteei autokritika eskatu bai, baina beren buruaren autokritika egiteari uko egiten diotenak, egindako tortura sistematikoengatik. Estatuko terrorismoagatik, lege bereziengatik, agintekeriagatik edo horiek onartu, babestu edo justifikatzeagatik. Soberan daude beren estrategia mendekuan eta gorrotoan oinarritzen dutenak”.
Bilboko kaleak hartu zituzten hango eta hemengo herritarrei eskerrak eman zizkieten sarekideek, ikusitako “aniztasun ideologikoa” azpimarratuz: “Ez du axola norekin zoazen, baizik eta garrantzitsuena giza eskubideen defentsa da, eta hor demokrata guztiok egin behar dugula topo”. Denek, aho batez, arlo legegile, judizial eta politikoan presoei oraindik aplikatzen zaizkien salbuespenak bukatzea exijitu zuten denek: “Benetan demokratikoa izan nahi duen gizarte batek ezin du ukatu euskal presoek eskubidea dutela beren bizitzak normalitzatzeko, ziegetatik ateratzeko, zigorrak erregimen irekiak betetzeko edo, besterik gabe, etxera itzultzeko”. Hala, euskal presoei lege arruntek preso dagoen edozeini baino gehiago exijitzearen kontra agertu dira.
“Euskal Herrian, elkarbizitza ez da ahanzturaren bidez etorriko, egiaren eta aurrera egiteko borondate partekatuaren bidez baizik”

Duela hamar urteko manifestazioa gogoan, orduan esandakoa ekarri zuten gogora Atxa eta Azkarragak: “2011. urtetik hona, euskal presoek urrats gehiago egin dituzte bakearen eta elkarbizitzaren alde, Espainiako eskuin politikoak eta judizialak biak batera baino”. Horregatik, Saretik presoen eskubideak eskatzen jarraituko dutela berretsi dute, “azken presoa etxera itzuli arte”: “Eskatzen segituko dugu gure leloak, gure erreibindikazioak eta gure banderolak erakutsiz, batzuei molestatu arren, lelo eta banderola horiek oroigarri bate ere badirelako: mendekuzko espetxe politikaren biktima guztien oroigarria“. Horrela, presoak bisitatzera zihoazela errepidean hildako 16 senideak eta kartzelan hildako 35 presoak gogoratu zituzten.
“Euskal Herrian, elkarbizitza ez da ahanzturaren bidez etorriko, egiaren eta aurrera egiteko borondate partekatuaren bidez baizik”, zehaztu zuten. Modu berean, Euskal Herrian emandako “eskubide urraketa guztien memoria kolektiboa” eraikitzearen garrantzia ere izan zuten hizpide eta horretarako, “gogoeta kolektiboa” egin beharra dagoela aldarrikatu zuten: “Indarkeriarik gabeko bakeak ez du ezertarako balio bidegabekeriak eta memoria falta dauden bitartean”
Euskal Herriak izandako gatazkaren ondorio guztiak ixteko garaia dela aldarrikatu zuten, herritarrek sufrimenduaren bukaera erreibindikatzeko eta entzutearen, elkarbizitzaren, elkartasunaren eta konponbidearen aldeko apustu irmoa egiteko eskubide eta zilegitasuna dutela zehaztuz: “Azken txanpan gaude. Uneren batean sentitzen badugu nekatzen garela, ikas dezagun atseden hartzen, baina sekula ez etsitzen. Iraganeko belaunaldiei zor diegu, baina, batez ere, etorkizuneko belaunaldiei, guk jaso genuena baino gizarte hobea izan dezaten. Aukera bat daukagu elkarbizitzan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko, heldua eta elkarrizketarako irekiagoa”.