Ateak Ireki programak Busturialdean egonaldia egiteko aukera eskainiko die euskal diasporako gazteei
Egonaldia ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean egingo da, eta etxean gazte argentinar, uruguitar eta australiarrak hartu gura dituzten harrera-familiek zabalik dute izena emateko aukera.
Iaz Ateak Ireki programan parte hartu zuten gazte estatubatuarrak.Ateak Ireki Datozen urteetan estrategikoak izan daitezkeen familia eta gazteen arteko sare eta harremanak lortu eta sendotu asmoz jaio zen Ateak Ireki programa 2022. urtean, eta geroztik, uda guztietan diasporako euskal komunitateko gazteak Euskal Herriko etxeetan jaso ahal izateko sarea osatuz joan dira. Batzen Kultur Elkarteak sustatuta, azken hiru urteetan hainbat gazte estatubatuarrek Goierriko (Gipuzkoa) harrera-familiekin egin izan dute hiru asteko egonaldia, euskara-murgiltze programan eta murgiltze kulturaleko jardueretan parte hartuz eta Euskal Herriko gazteekin betirako adiskidetasunak sortuz. 2026ko udari begira, ordea, bigarren helmuga gehitu diote Ateak Ireki programari: Busturialdea-Urdaibai.
Euskal Australiar Alkarteak eta Batzen Kultur Elkarteak elkarlanean sustatutako eskaintza berriak eskualdea bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko die euskal kulturan eta komunitatean “interes berezia” duten 18 eta 25 urte bitarteko gazte argentinar, uruguaitar eta australiarrei —estatubatuarrak eta kanadarrak Goierrin izango dira—.

Iazko parte hartzaleek herri kirolak ezagutu zituzten.Ateak Ireki
Antolatzaileak egonaldiaren programa eta nondik norakoak prestatzen ari dira oraindik, baina data nagusiak finkatuta daude: egonaldia ekainaren 27tik [zapatua] uztailaren 19ra [domeka] bitartean egingo dute. Epe horretan, besteak beste, Zornotzako Barnetegian euskara programa batean parte hartzeaz gain, bertsolaritza, euskal dantzak, euskal kirola, musika, literatura eta gastronomia ere ezagutuko dituztela aurreratu dute. Hala, parte hartu gura duten gazte australiar, uruguitar eta argentinarrentat bezala, harrera-familia izan nahi duten Busturialdeko familiek ere zabalik dute dagoeneko izen emateko aukera, programaren web orrialdean.
Harrera-familiak.
Parte hartzaileek euskal ohitura eta kulturan busti eta “etorkizunean euskal komunitatearen aktibo izan” daitezen, sustatzaileek harrera-familiek izan ohi dituzten ezaugarri batzuk finkatu dituzte, hala nola, etxean gehien erabiltzen den hizkuntza euskara izatea eta hiru astez pertsona bat etxean hartzeko gaitasun ekonomikoa izatea; aukeran, diasporako parte hartzailearen antzeko adineko kide gazte bat izatea eta gutxienez familiako pertsona batek ingelesez hitz egiteko gaitasuna izatea (beharrezkoa balitz itzulpenekin laguntzeko). Halaber, azpimarratu dute “edozein familiak” eman dezakela izena, berdin bikotea, seme-alabak dituen familia zein pertsona bakarrekoak izan: “Garrantzitsuena parte hartzaileari giro segurua, adeitsua eta euskara praktikatzeko aukera eskaintzea da”. Gainera, euskara jakitea derrigorrezkoa ez dela nabarmendu dute, “ongi etorria” bada ere : “Helburua euskara praktikatzeko giroa eskaintzea da; ingelesa eta gaztelania ere erabili daitezke komunikatzea. Pazientzia eta umorea dira gakoa”.

Iazko parte hartzaileak, GoierrinAteak Ireki
Ateak Ireki “boluntariotza eta kultur trukea” da, eta horregatik, familia anfitrioiek ez dute ordainsaririk jasotzen. Parte hartzaile eta familien parekatzea antolatzaileen esku geratuko da, eta azaldu dutenez, bien profilak kontuan hartuta egingo dute: interes komunak, hizkuntzak, ohiturak eta beharrak kontuan hartuta: “Helburua bi aldeentzat esperientzia aberasgarria eta segurua bermatza da”
Familien ardura izango da parte hartzaileei etxea ireki eta eguneroko bizitzan horiekin bat egitea, hau da, logela eta ohea ematea, otorduak koordinatzea, etxeko arauak argi ematea eta kultur trukea sustatzea. Bestetik, aste barruan antolakuntzaren esku geratuko jardueren egitaraua kudeatzea, bazkariak barne. Familiak, beraz, gosariaz eta afariaz arduratu beharko dira: “Asteburuak harrera familiekin egoteko eguna dira; familiak erabakiko du zer, non eta nola egin”.