Busturiko Udalak "hirigintza-etorkizuna zehaztuko duen HAPO berria" idatziko du
Busturiko Udalak HAPO berria idazteko kontratua esleitu du, 223.345 eurotan. Dokumentu berriak azken urteetako hirigintza-aldaketa berriak beregain hartuko ditu, eta "araudi berriagaz bat" etorriko da. Halaber, herritarren partaidetzarako programaren hasiera ere onartu du udalak.
Busturiko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria idatziko du, “zaharkituta” gelditu den 2005eko dokumentuari uko egin eta etorkizuneko hirigintza planteatzeko dokumentu estrategiko “ahalik eta zehatzena” izateko. Aitor Aretxaga Busturiko alkateak zehaztu duenez, dokumentu berriak azken urteetako hirigintza-aldaketa berriak beregain hartuko ditu, eta “araudi berriagaz bat” etorriko da.
HAPO berria idazteko, udalak beharrezko dokumentu teknikoak idazteko diziplina anitzeko talde teknikoa kontratatzeko lizitazioa egin zuen, eta hiru proposamen jasota, Arrutiark-en esku geratu da 223.245 euroko kontratua.
Plana idazteko prozesuarekin batera, herritarren partaidetzarako programaren hasiera ere onartu du udalak: “Gure gobernu taldearentzat, herritarren eguneroko arretan oinarritutako entzute aktiboa lehentasuna da udal-funtzionamenduan”, adierazi du Aretxagak. Hala, herritarren partaidatzearen programa “parte hartze eraginkor, egituratu eta informazio eta partaidetza mekanismoak ezartzen dituen tresna eraginkorra” dela zehaztu du.
Parte hartze zuzenagoa. Programan talde politikoen, teknikarien eta herritar banako eta antolatuen ahotsa jasoko dela nabarmendu du, herritarren beharrizanei erantzungo dien plangintza diseinatzeko “funtsezkoa” delako udalerriko “sentsibilitate guztien parte hartzea eta ekarpenak” biltzea. Hala, herritarren parte hartzea antolatzeko zenbait kanal finkatu dituzte, hala nola, jende aurreko bilerak, informazio eta prestakuntzarako hitzaldiak, Busturiko Udalaren web orrialdea eta tailer eta lantaldeak. Azkenari dagokionez, hirigintza tailerrak eta lantaldeak sortuko direla zehaztu dute, besteak beste uri-arazoak sakonago ezagutzeko, hainabt gizarte taldek, haurrek, emakumeek edo pertsona adinduek espazio publikoak nola erabiltzen dituzten ezagutzeko eta, aldi berean, giza talde bakoitzak bere inguruko arazoetan “parte hartze zuzenagoa” izatea ahalbidetzeko.