BiziPuntuak, Ibarrangelun, Foruan eta Muxikan
Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletaren erabilera sustatzeko azpiegitura-sarea sendotu du bederatzi BiziPuntu berri jarriz; horri esker, 110 geltokik osatzen dute sarea. Arduradunen berbetan, jarduketa horrek “aurrerapauso garrantzitsua” suposatzen du mugikortasun jasangarria bultzatzeko bidean, aldundiak bizikletaren eguneroko erabilera errazteko eta Bizkaiko hiri-espazioaren kalitatea hobetzeko daukan estrategian.
Sarearen lurralde-osotasuna sendotuz eta eskualde arteko orekari eutsiz, geltoki berri horiek dagoeneko kokatzen ari dira bizikleten sarrerako eta igarobideko puntu estrategikoetan: bana Ibarrangelun, Foruan, Muxikan, Atxondon, Areatzan, Arrankudiagan eta Derion eta bi Getxon —2021ean Bermeon, Gernika-Lumon eta Mundakan ipini zituzten eta 2022an Muruetan—. Gogoratu dutenez, BiziPuntuek aukera ematen diote edozein erabiltzaileri oinarrizko doikuntzak egiteko, gurpilak puzteko edota konponketa txikiak burutzeko, “bizikletaren erabilera seguruagoa, arinagoa eta autonomoagoa bilakatuz”.
Eguneroko joan-etorrietan zein aisialdiko eta turismo aktiboko ibilbideetan erabiltzen dituzte BiziPuntuak, eta udalerrien arteko “konektibitatea hobetzen” dute, garraio-sistema desberdinen arteko intermodalitatea erraztuz: “Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen mugikortasun aktibo, osasungarri eta emisio baxuko ereduan kokatzen da sarea. Hedapen honi esker, Bizkaiak aurrera egiten du dagoeneko errotuta eta herritarren artean oso ondo baloratuta dagoen sare baten garapenean. 110 BiziPuntuen sarea gaur egun erreferente bihurtu da Euskadin, eta Bizkaian garatzen ari den mugikortasun jasangarriaren ereduan oinarrizko azpiegitura da, lurraldearen ingurumen, energia eta kohesio politikekin bat etorriz”.
BizkaiBizi zerbitzua. BiziPuntuen sarearen hedapena BizkaiBizi zerbitzuaren funtzionamendu “arrakastatsuari” gehitzen zaiola azpimarratu dute arduradunek. Horiek azaldu bezala, bizikleta partekatuaren sistema publikoak mugikortasuna “eraldatu” du bederatzi udalerri aitzindaritan —Barakaldon, Getxon, Leioan, Portugaleten, Santurtzin, Bilbon, Erandion, Sestaon eta Berangon— , bizikleta ohiko garraiobide eraginkor bihurtuz: “Esperientziak erakutsi du, aisialditik harago, BizkaiBizik eguneroko ohiturak aldatu dituela. Lanerako, ikasketarako nahiz bizitza sozialerako joan-etorri jasangarriak erraztu ditu, eta bidezko mugikortasuna indartu du, dentsitate eta tamaina desberdinetako udalerrietan zerbitzu estandar bera bermatuz”. Bere eragin soziala nabarmendu dute: “Herritarren jarduera fisikoa areagotu da, mugikortasun osasungarriago eta eskuragarriago baten eredua sendotu da, eta garraio publikoarekin intermodalitatea finkatu da”.
Aldi berean, lurraldeko puntu estrategikoetan kokatutako bizikletentzako aparkaleku seguruak biltzen dituen BiziPark sareak hazten jarraitzen du, “bizikleta partikularren babeseko aparkamentuari eta Bizkaia konektatuago, jasangarriago eta kohesionatuago bati laguntzen dioten azpiegitura gisa”.