AEBek Venezuelan egindako erasoa gaitzetsi dute
AEBek Venezuelan egindako erasoa gaitzetsi dute hainbat eragilek munduan barrena. Ernaik, esaterako, Gernika-Lumon elkarretaratzea egin zuen zapatuan, eta erasoa "eraso estrategikotzat" jo zuen, AEBk Latinoamerika "eremu estrategikotzat" duelako, natur baliabide ugarien aberastasunagatik.
Venezuelaren alde Ernaik Gernika-Lumon egindako elkarretaratzea.Ernai Gernika-Lumo Brooklyngo (New York, Ameriketako Estatu Batuak) espetxe federalean dago preso Nicolas Maduro. AEBek eraso egin zioten Venezuelari zapatu goizaldean (abenduak 3), eta preso hartu zituzten Maduro eta haren emazte Cilia Flores. Hegazkinean eroan zituzten New Yorkera, eta handik helikopteroaz lekualdatu zituzten DEA Drogaren Aurkako Agentziaren egoitza batera, ostean Brooklyngo espetxera eramateko.
Maduro, ofizialki, 2020an akusatu zuen New Yorkeko hegoaldeko barrutiko fiskaltzak, eta “narkoterrorismoagatik, AEBetara kokaina inportatzeko konspiratzeagatik eta arma automatikoekin lotutako delotuengatik” epaitu nahi dute. Hain zuzen ere, Venezuelako presidenteak eta bere emazteak hurrengo egunetan epaile federal baten aurrean deklaratzea da AEBen asmoa. Baina, AEBek egindako erasoa gaitzetsi dute hainbat eragile, elkarte eta alderdi politikok munduan barrena. Ernaik, esaterako, Gernika-Lumon elkarretaratzea deitu zuen zapaturako (urtarrilak 3).
Bertan, salatu zuten AEBk Venezuelan egindako erasoa “estrategikoa” izan zela, AEBk Latinoamerika “eremu estrategikotzat” duelako, natur baliabide ugarien aberastasunagatik: “Munduaren aldaera multipolarrera goazen honetan, inperioarekin lerratuta dauden gobernuak mantentzeko erasoa izan da. AEBentzat estrategikoa da Venezuelako proiektu iraultzailea suntsitzea, Venezuelako natur eta giza baliabideak ustiatzeko eta erreferentziazko proiektu emantzipatzaile bat errotik ezabatzeko, ‘inor ez dadin tentazioan erori'”.
Baina Venezuelak mezu argi bat igortzen diela Latinoamerikako eta mundu osoko herri zapalduei adierazi zuten: “Burujabetza eta inperialismoaren desagerpena ezkerreko proiektu politioetatik soilik gauzatu daitezke”. Latinoamerikatik harago ere, Venezuelako iraultzak mundu mailako proiekzioa duela uste dute gazteek, “herri eta klase zapaltzaileen aurrean herri eta klase zapalduen boterea artikulatzen dituelako”. Beraz, prozesu emantzipatzaileentzat “argi izpi” dela Venezuela azpimarratu zuten.
Nabarmendu zuten, gainera, Venezuelako herritarrei dagokiela, “eta ez beste inori”, etorkizunean zer izan nahi duten erabakitzea. “Hori da, hain zuzen ere, iraultza bolibartarrak babestu den funtsezko ideia. Ez da, ordea, erabaki askerik egongo AEBen eraspean jarraituz gero”.
Venezuelan.
Izan ere, bitartean, Venezuelan, Auzitegi Gorenak presidente kargua hartzeko agindua eman zion Delsy Rodriguez presidenteordeari, “administrazioaren jarraitutasuna eta nazioaren defentsa osoa” bermatzeko. Rodriguezek Maduro askatzeko exijitu zuen, eta gehitu zuen “Venezuelako indar nazional guztiak prest daudela” herrialdearen subiranotasuna, independentzia eta lurralde batasuna defendatzeko. Horrez gain, AEBekin “agenda eraikitzaile bat” osatzeko prest agertu zen.
Baina, Donald Trump AEBetako presidenteak adierazi duen Venezuelan Washingtonek gobernatuko duela, “trantsizio seguru bat egin ahal izan arte”. Ziurtatu zuen ez duela troparik bidaliko Venezuelara eta ez duela bigarren erasorik egingo, betiere Rodriguezek eurek nahi dutena eginez gero. Izan ere, gehitu zuen, nahi izanez gero, AEBetako armada prest dagoela bigarren eraso bat egiteko, “lehenengoa baino askoz handiagoa”.
Gainera, Trumpek baztertu egin zuen Venezuelako hurrengo presidentea Maria Corina Machado izateko aukera, “hark ez dituelako Venezuelaren babesa eta errespetua”.
Madurori buruz, Trumpek esan zuen “legez kanpoko diktadore bat” dela, eta “sare kriminal bat” zuzentzen zuela. Baina, erasoaren oinarria petrolioan jarri dute askok: ze, munduko petrolio erreserbarik handienetakoak ditu Venezuelak, eta Trumpek kritikatu egin izan du Venezuelak petroliagaz orain arte egindako kudeaketa. Hala, esan zuen Venezuelan petrolioaren negozioa “berreskuratzeko” prest dagoela, AEBetako petrolio konpainiak “milaka milioi dolar” inbertitzeko prest daudela esanda.