Gabriel Arestiren figura ikusleei helarazten dien 'Arestian... egun' obra Eara ailegatuko da
Poesia, musika, antzerkia eta bertsolaritza uztartzen dituen proiektu berria eta eraldatzailea domekan (abenduak 21) ailegatuko da Eskolondora, 18:00etan. Andoni Salamerok, Aitor Furundarena eta Andoni Egaña sortzaileek eskainiko dute eatarrentzat "berezia" izango den ikuskizuna.
Andoni Salamero, Aitor Furundarena eta Andoni Egaña obraren sortzaileak.Andoni Salamero Gabriel Arestiren (1933-1975) poemak irakurtzeaz eta musika eta bertsoak uztartzeaz gain, Arestik bizi izan zuen garaia bere olerkien bidez adierazi eta haren poesiaren eta bizitzaren erdigunean izan ziren gaiak egungo egoeragaz alderatzea eta plazaratzea bilatzen duen Arestian… egun emanaldia Eara ailegatuko da domekan (abenduak 21), 18:00etan. Eskolondoko frontoian eskainiko dute ikuskizuna Andoni Salamerok, Aitor Furundarena eta Andoni Egaña sortzaileek.
Poesia, musika, antzerkia eta bertsolaritza uztartzen dituen proiektu berria eta eraldatzailea da obra, eta helburu du Arestiren figura ikusleei helaraztea, poeta eta euskal literaturaren eta euskararen motore izan baitzen. Euskara, justizia, kultura, egia, klase sozialen bereizketa, euskararen batasuna… asko izan ziren Arestik bere poesiaren eta bizitzaren erdigunean izan zituen gaiak, eta horiek egungo egoeragaz konparatzeaz gain, sortzaile bakoitzak Aresti berrinterpretatuko du, “norberak egoki menderatzen duen gaitasunetik jardunda eta gaiak egunotara egokituta”.
Eako Udalak antolatu du emanaldia, eta, esan dutenez, “berezia” izango da, Arestik Earekin ere lotura estua izan baitzuen. Izan ere, bere azken urteetan Ean bizi izan zen, eta badira bi hamarkada herriko seme kutun izendatu zutela. Gogoratu dute 15 urtez antolatu ziren Eako Poesia Egunak haren omenez abiatu zituztela, eta herriko elkarte ekologistak ere Enaden Begiak izena duela, nuklearren aurkako Arestiren poemari erreferentzia eginez. “Gure herriarentzat, beraz, oso berezia izango da domekako emanaldia, haren heriotzaren 50. urteurrenean, nolabait, Aresti berriz ere gure artera ekarriko baitu”, onartu dute udal ordezkariek.
Sortzaileak
Hiru dira ikuskizunaren sortzaileak, eta bakoitzak bere erara berrinterpretatuko du Aresti.
- Andoni Egaña (Zarautz, 1961) bertsolaria, idazlea eta euskaltzain urgazlea da. Lau aldiz irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, lauak jarraian: 1993, 1997, 2001 eta 2005; beste inork ez du halakorik lortu. Idazlea –saiakera, eleberria, haur-literatura–, bertsolaritzaren inguruko ikertzailea, telebistako gidoilaria eta prentsa idatziko eta irratiko zutabegilea eta kolaboratzailea.
- Aitor Furundarena (Ordizia, 1970). Akordeoi-jotzailea, konpositorea eta irakaslea,akordeoiaren erreferente nagusietako bat da Euskal Herrian. Akordeoia eta konposizioa ikasi ditu Euskal Herrian, Parisen eta Kopenhagen. Nazioarteko hainbat akordeoi-lehiaketaan saritua izan da; orkestretan, ganbera-musiketan, bakarka eta talde askorekin jo du, eta grabazio ugari argitaratu ditu, bai proiektu pertsonaletarako, bai kolaborazioetarako. Musika garaikideaz eta herri musikaz gain, telebistarako, antzerkirako eta zinemarako konposatu du. 2021ean MAX Saria jaso zuen Sympheuny obragatik.
- Andoni Salamero (Zumarraga, 1966). Euskal filologian lizentziaduna eta poeta. Diskoak grabatu ditu, besteak beste, Joxan Artze, Laja eta Mikel, Juan Mari Beltran, Oskorri eta Pantxoa eta Peiorekin. Gaur egun, Peio Ospital, Mixel Ducau, Caroline Phillips, Andoni Egaña, Pello Ramirez, Aitor Furundarena eta beste sortzaile batzuekin batera aritzen da hainbat ikuskizunetan.