Euskadiko Karakol Txapelketa hartuko du beste urte batez, Merkatu plazak
Gernika-Lumoko Merkatu plazan lehiatuko dute Euskadiko Karakol Txapelketa domekan, bi modalitatetan: aldez aurretik etxean egindako kazolena eta plazan bertan egostekoena.
Domekan [abenduak 21], 10:00etatik aurrera, Gernika-Lumoko Merkatu plazan lehiatuko dute Euskadiko Karakol Txapelketa, bi modalitatetan. Hitzordu gastronomikoaren 48. aldia izango da, eta Bizkai, Araba zein Gipuzkoako herritarrek parte hartuko dute. “Hitzordu sendoa da, eta urtero zaleak eta adituak biltzen ditu sukaldaritza herrikoian errotuta dagoen plater baten inguruan”, adierazi dute udal ordezkariek. Izan ere, gehitu dute 100 kazola inguru aritzen direla lehian. Epaimahaiaren erabakia 14:00ak aldera jakinaraziko dute.
Lehiaketan parte hartzeko bi modalitate egongo dira aurten: aldez aurretik etxean egindako kazolena eta plazan bertan egostekoena; azken horretan, parte hartzaileek zuzenean prestatuko dituzte karakolak publikoaren eta epaimahaiaren aurrean.
Plazan egosteko modalitatean, lehiakide bakoitzak bustinezko bi kazola aurkeztu ahalko ditu, gutxienez bi kilo karakol kazola bakoitzeko, eta aldez aurretik prestatutako osagaiak erabili ahal izango dituzte. Etxean prestatutako kazolen kategorian, aldiz, parte hartzaile bakoitzak elaborazio bakar bat aurkeztu ahalko du.
Euskadiko Karakol Txapelketako irabazleak —kazola Merkatu plazan bertan prestatuko duenak— 60 euro eta Gabonetako saski bat jasoko ditu saritzat, eta bigarren sailkatuak, berriz, 40 euro. Etxean prestatutako karakolek lehiaketan, aldiz, sei sari banatuko dituzte: irabazleak 60 euro eta Gabonetako produktu sorta jasoko ditu, eta besteek denetariko sariak.