Hautagaitza argirik gabeko final estua
Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxako finala Santanape pilotalekuan lehiatuko dute Enara Gaminde laukiztarrak eta Amaia Aldai dimoztarrak, domekan [abenduak 21] 12:00etatik aurrera. Gernika-Lumok hartuko duen emakumezkoen esku pilotako lehen final handia izango da.
Amaia Aldai edo Enara Gaminde, bi pilotarietako batek jantziko du domekan [abenduak 21] Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxako txapela, Santanape pilotalekuan. Bi bizkaitarrek —Aldai dimoztarrak eta Gaminde laukiztarrak— jokatuko dutena Gernika-Lumok hartuko duen emakumezkoen lehen final handia izango da, eta ikusmin handia piztu du. Izan ere, txapelketa kuttuna du dimoztarrak Lau eta Erdiko Banakako Txapelketa, eta laugarrenez irabazteko ilusioz kantxaratuko da; Gaminde momentuko pilotaria, ostera, falta duen txapel bakarrenetakoa jantzi nahian arituko da. Finala 12:00etatik aurrera lehiatuko badute ere, domekakoa “pilotaren festa handia” izango da Santanapen, arratsaldean gazteen eta promesen mailako finalak ere jokatuko baitira bertan.

Kolore gorriz lehiatuko du txapelketako bere bosgarren finala Aldaik, eta lesioak tarteko “urte gogorra” igaro badu ere, hitzordu handira “nahiko ondo” helduko dela aitortu du: “Urte gorabeheratsua izan da, baina uste dut finalaurrekoetan ikusi zela maila onean nagoela, bai fisikoki bai psikologikoki egoerari buelta eman diodala. Ilusio eta motibazioa handiagaz helduko naiz finalera”. Finalaurrekoetan Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarra izan zuen parez pare, eta dimoztarra 22 eta 11 nagusitu zitzaion, eta horrek “motibazio gehigarria” ematen duela onartu du: “Horrelako pilotari bat menderatzeak esan nahi du lana ondo egin duzula, maila altua erakutsi duzula frontoian. Olatz gure zirkuituan bere mailagatik nabarmentzen den pilotaria da, bai fisikoki bai teknikoki den pilotari handiagatik. Ilusioa estra bat ematen du, eta pentsatzen duzu, hau egin badut, zergatik ez dut finalean egingo”.
Final “oso orekatua”. Taldean jokatzea gustuko badu ere, lau eta erdikoan bakarka gustora aritzen da, egiten duena “norbere esku” dagoelako: “Norberak kudeatzen du dena, eta nik uste dut, nire ezaugarriengatik, nire indarra eta pilota mugitzeko dudan abilezia horrek asko laguntzen didala modalitate honetan”. Aurrelariak argi du bere mailarik onena eman beharko duela Gaminde gainditu eta txapelketa eskuratzeko, lauzkitarra sasoi betean baitago; halere, txapela hiru aldiz jantzi izanak “lasaitasun puntu bat” ere ematen dio, beste pilotari batek berak egindakoa berdintzeko “urte batzuk” igaro beharko direnaren kontziente baita: “Lasaitasun puntu bat ematen dit, baita konfiantza ere. Azkenean, bost urtez jarraian txapelketako finalera iristeak esan nahi du modalitate hau ondo ematen zaidala”. Dimoztarrak badaki Gaminde “ez dela kikilduko”, eta final “oso orekatua” aurreikusten du.

Urdinez kantxaratuko da Gaminde, urteko pilotaria, ia dena irabazi baitu: Emakume Master Cupeko binakako txapelketa, Plazandreak lehia, udako masterra, Hiru Hiriburuak torneoa eta Nazioen Liga, besteak beste. Aurtengoa lauzkiztarraren hirugarren Lau eta Erdiko Banakako Txapelketa da, eta aurreko bietan finalaurrekoetara arte iritsi ostean, aurten lortu du lehenengoz finalera sailkatzea: “San Mateoko txapela eta zirkuitiko txapeletako garrantzitsuenetakoa den hau falta zaizkit. Ilusio handia dut, txapel berezia delako; ea lortzen dudan”.
Aldai bezala, atzelaria ere “momentu onean” helduko da finalera eta final “gogorra” aurreikusten du: “Egun bateko partidua da, egun ona edo txarra izan dezakezu, baina uste dut, biok egun ona edukita, partida gogorra izango dela eta nire onena eman beharko dudala irabazteko. Hilabete oso onak daramatzat, urtea ere bai, konfiantzaz oso ondo heltzen naiz eta ea ba nire maila ematea lortzen dudan eta dena ondo joaten den. Aurkaria oso gogorra daukat, azkenean lau eta erdian hiru txapel dituen pilotaria da eta lan gogorra izango da baina, aldi berean, final polita izango da niretzat, izan ere Amaiarekin erlazio oso ona daukat, batera entrenatzen dugu, orain dela uste asko ezagutzen dugu elkar eta polita izango da. Ea biok disfrutatzen dugun eta partida polita irteten den”.
Atzelaria “eroso” aritu da aurten banaka zein binaka lau eta erdikoan jokatu dituen neurketetan, berak hainbestetan jokatu ez duen modalitatea bada ere: “Bietan eroso aritzen naiz, baina egia da urtean zehar gehien bat atzelari aritzen naizela eta ez dudala lau eta erdikoa horrenbeste jolasten, baina Nazioan Ligan aukera izan nuen eta txapela irabazi nuen, Biharko izarrak txapelketan ere irabazi nuen… esango nuke lau eta erdikoa ere ondo ematen zaidala”.

Finalean arituko diren bi pelotariak “oso ezberdinak” direla azpimarratu du Aldaik, izan ere, aurrelaria eta atzelaria dira eta jokatzeko moduak ere ezberdinak dira. “Nik jokoa aurrera eramaten badut eta bere kolpeoan sartzen ez banaiz uste dut nire aldera jausi daitekela finala, eta alderantziz; berak atzeko koadroetan ere jokoan sartzen banau, berak eraman dezake partiduaren pisua. Hor egongo da partiduaren gakoa, ea nork asmatu bere jokoan”, nabarmendu du Aldaik.
“Apustu handia”. Joxemari Mitxelena Euskal Pilota Federazioko presidenteak pelotariak zoriondu eta Gernika-Lumoko Udalaren, eragileen eta babesleen lana eskertu du, “euskal pilotaren alde egiten duten lanagatik: “Erraza da hitz hauek esatea, baina egunerokotasunean hor gaudenok konturatzen gara zer nolako laguntza de; laguntza hori gabe zaila da aurrera ateratzea”.
Gernika-Lumoko alkatea den Jose Maria Gorroñok udalak txapelketa udalerrira ekartzeko egindako “apustua handia” nabarmendu du, finala hartzeagaz “pozik” daudela adierazteagaz batera: “Espero dugu Santanapeko pilotalekua ganezka egotea”. Jesus Manuel Madariaga Gernika-Lumoko Arkupe Pilota Taldeko sortzaile eta ohorezko presidenteak ere Gorroñoren nahi bera duela duela azpimarratu du, pilotalekua jendez beteta ikustea: “Ea pilotariek partida ona eskaintzen duten Aldai eta Gamindek; maila handiko pilotarik dira, bizkaitarrak. Ea Gernikan dauden neskek eta umeek eredutzat hartzen dituzten”.

Txapelketa laburra izan bada ere, pilotariek orain arte zaleek emandako erantzunagaz pozik agertu dira, eta domekan Santanape harmailak ere beteko direla uste dute: “Finaletan beti betetzen dira eta nik uste dut Gernikan ere beteko direla; ea giro polita sortzen dugun”, adierazi du Gamindek. Aldaik emakumezkoen lehia “apurka apurka hobetuz” joan dela nabarmendu du: “Apurka apurka jendearen erantzuna oso ona izaten ari da; azkenean emakumezkoak bost, sei edo zazpi urte daramatzagu, eta ez da erreza izaten hutsetik hasi eta erantzun ona izatea. Halere, badakit Gernikan pilotarekiko zaletasun handia dagoela eta erantzuna oso polita izango dela uste dut. Gernikar guztiak animatzen ditut frontoira hurbiltzera, uste dudalako emakumezkoen esku pilotaz ere gozatu ahal dela”