"Seber Altuben jazarpenari era eraginkorrean aurre egin eta bizikidetza positiboa sustatzeko programa doitu dugu: ONKI programa"
Ikasleen "ongizatea eta garapen integrala" ardatz hartuta, Ikastolen Elkarteko Eli Altolagirre eta Amaia Ayerrak sortu duten ONKI tutoretza programa "eguneratua" txertatu du Seber Altube Ikastolak, marko berriagaz lerrokatuta.
Argazkia: Seber Altube Ikastola Zergatik jaio da ONKI?
Eli Altolagirre: Gaur egungo gizarteak eta nerabeen errealitateak bestelako erronkak dakartzate, eta ikasleen behar emozional, sozialei eta pertsonalei modu koherentean erantzuteko tresna sendo bat behar zen. Horixe da ONKI.
Non kokatzen duzue programa berria?
Amaia Ayerra: Gure tutoretza plana une oso jakin batean sortu da, Hezkuntza Marko Orokorraren barruan, pertsona modu integralean hezteko begiradatik. Hori da gure oinarria: ikasle euskaldunak, barne sendotasuna dutenak, erabakitzaile-ekintzaileak, eraldatzaileak eta kooperatiboak heztea. Tutoretzak ezaugarri horiei guztiei erantzuten die, baina ONKI ez da tutoretza hutsa: ikuspegi osoago bat da.
E.A.: ONKI ez da tutoretza programa bakarrik, ikuspegi aldaketa da. Ikuspegi holistikoan, integrala da, bereizgarri guztiak kontutan hartzen dituena.
ONKI jazarpenaren prebentzioarekin lotzen da.
E.A.: KIVAk urteetan zehar erakutsi digun ikasgai nagusia oso argia da: jazarpena prebenitzea norberaren barne-lanketatik hasten da, ez egoera larrien aurrean soilik erantzutetik. Norberaren emozioak kudeatzeko gaitasuna, autoezagutza, enpatia, komunikazio asertiboa… halako trebetasunek egiten dute benetan diferentzia. KIVAk hori guztia lantzen zuen, eta ONKIk ere hala egiten du, baina ikuspegi zabalago batetik. Ez da jazarpen egoerak tratatzeko protokolo hutsa; jazarpena gerta ez dadin baldintzak sortzeko egitasmo integrala da. Lehen, KIVAren aterkipean egiten genuen, eta orain, ONKIren aterkiak hori guztia dimentsio zabalagoan kokatzen du: Pertsona Eredu osoa, gizarte-erantzukizuna barne. Eta bai, jazarpen egoera batean rolak lantzen jarraitzen dugu, behar-beharrezkoa delako. Baina ONKIk aukera ematen du hori guztia sistematikoki eta ikuspegi hezitzaile integraletik lantzeko.
A.A.: Azken urteetako ebidentziek ere baieztatu dute zein garrantzitsua den ikuspegi hori: tutoretza lana modu sistematikoan egiten den ikastoletan jazarpen kasuak behera egiten dute. Datuak oso argiak dira. Horregatik gaude ziur ONKIk ere norabide berean eragingo duela: prebentziorako sortutako dinamika eta jarduerak lantzen direnean, jazarpen egoerak gutxitu egiten dira. Ez da kasualitatea, harreman osasuntsuek, enpatia eta barne-sendotasuna lantzen dituen marko koherente batek hori eragiten du.
Ongizatea duzue ardatz. Zer da edo nolakoa da zuek ulertzen duzuen ongizatea?
A.A.: Ongizatea ez da osasuna soilik. Ongizatea, norberak bere burua zaindu ahal izatea da, harreman positiboak eraikitzea eta plazerrez bizitzeko aukera izatea.
E.A.: Zaintza da gure lanaren erdigunea: norbere zaintza, elkar zaintza eta zaintza soziala. Horretara doa ONKI.
Paradigma aldaketa, zer esan nahi du horrek?
A.A.: Materialetatik haratago goaz. ONKIren helburua ikasleekin benetako lotura emozionala eraikitzea da. Pertsonak pertsonarekin konektatzeko begiradatik sortutako konfiantzazko espazioa da.
E.A.: ONKI aukera bat da: gelditu, aktiboki entzun eta elkarri begiratzeko unea. Tutorearen rola ere eraldatzen du: ez gara zerbait irakastera soilik joaten; partekatzera, elkarrekin momentu goxoak sortzera baizik.
Zein da beraz, irakaslearen rola?
A.A.: Ikasleekin enpatizatzea. Entzute aktibo gisa, elkar ulertu eta ardurak partekatzea. Alde emozionalari bere tokia bilatuz.
Nola lagunduko du ONKIk nerabeen barne-sendotasuna eraikitzen?
E.A.: ONKIren asmoa nerabeak ulertzea da, gauza eta egoera berri asko bizitzen dituztelako. Ez da horrenbeste guk eman eta eskaintzea, baizik eta beraiek deskubritzeko bideak jartzea. Ez daitezela epaituak sentitu, entzunak baizik.
Barne askatasuna, autoezagutza eta autoestimua dira ONKIren oinarrietako batzuk. Nola lantzen dira DBHko ikasleekin?
E.A.: ONKIk “momentua” dakar. Jarduerak baldin badaude ere, garrantzitsuena nola kokatzen garen da; zer begirada darabilgun, nola irekitzen dugun espazioa barrura begiratzeko edota elkarri begira jarri eta entzute aktiboa egiteko.
A.A.: Ez dira ariketa puntualak soilik; kultur aldaketa bat da. Une bat sortzea da, ikasleak bere barrura konektatu eta besteekin harreman osasuntsuak sortzeko aukera izan dezan.
Ze rol dute familiek ONKIn?
E.A.: Familien rola baino, elkarlana esango nuke. Kontziente izan behar gara euren altxorrik maitatuenak gure esku uzten dituztela, eta erantzukizun bat daukagula. Pertsona Ereduak markatzen digun ikuspegi integralean elkarlanean aritu behar gara.
A.A.: Seme-alabak ikastolaratzen dituztenean, horien nolabaiteko hezkuntza ardura bada gurea, baina partekatua da beti. Orduan, gurasoekin lehenengo gauzatako bat gure helburua zein den ezagutzea izango da, ONKIk ze funtzio edo zertarako jaio izan den beraiek ere ulertzea, hor dagoelako klabeetako bat. Harremanak eraikitzea baldin badaukagu, eta pertsonaren garapenean lagundu nahi baldin badugu, bai etxetik eta ikastolatik elkarrekin aritu beharko dugu.
E.A.: Kontziente izan behar gara ikastola ez dela bakarrik ezagutzak eraikitzeko gune bat. Pertsonak eraikitzeko, pertsonak hezteko momentua ere bada.
Zer utziko dio ONKI programak ikastola amaitzen duen ikasle bati?
E.A.: Helburu nagusia bizitzarako estrategiak garatzea da, ikasleak edozein momentutan sortzen zaizkion egoera desberdinek aurre egiteko gai izatea, modu sendo batean, kritikotasunarekin…
A.A.: ONKI espazio bat da: barrura begiratzekoa, hitz egiteko eta eztabaidatzeko. Ez dira beti gai errazak, baina beharrezkoak dira. Ikasleak ikastola uzten duenean gogoratu dezan: “Hau eman dit ikastolak, eta nire pertsona izatearen eraikuntzan garrantzitsua izan da”.