Urdaibaiko Biosferaren erreserban zuhaitzak landatuko dituzte
'Landatu zuhaitz bat: aldatu zure aztarna' landaketa bihar [zapatua] egingo dute, 09:45etik 13:45era, Paresin.
Ekoetxea Urdaibai eta Lurgaia Fundazioak Landatu zuhaitz bat: aldatu zure aztarna landaketa antolatu dute biharko [abenduak 13]. 09:45ean hasiko da landaketa Paresin, eta 13:45ean amaituko da. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Lurgaia Fundazioak erosi berri duen lursailean egingo dute. Zazpi urtetik gorakoei zuzendutako ekintza izango da.
Urdaibaiko zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatzeko eguna izango dela zehaztu dute: “Lurgaia Fundazioari lagunduko diozu gure basoak berreskuratzen”. Horretarako, bertako zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dituzte zapatuan, baso eta kontserbazioari buruz ikasten duten bitartean. Hala, landaketa Paresin izango da, “lursail horretan lehen pinua landatzen zen, eta orain leheneratze-prozesu batekin ekingo zaio”.
Zapatuan landatutako zuhaitzak “ez direla inoiz moztuko” mahaigaineratu dute antolatzaileek: “hemen egongo dira karbonoa harrapatzen eta biltegiratzen, uraren zikloa eta kalitatea erregulatzen, lurzorua babesten eta higadura saihesten, tokiko mikroklima erregulatzen, muturreko klima-gertaerak arintzen, biodibertsitatea hartzen eta gure paisaiaren eta natura eta kultura ondarearen parte izaten”.
Antolatzaileek landaketara joateko deia egin dute: “Basoak berreskuratzen, biodibertsitatea babesten eta planetan arrasto positiboa uzten laguntzen du. Etorri familiarekin edo lagunekin, konektatu lurrarekin eta izan aldaketaren parte. Zuhaitz bat landatzea bizia ereitea da!”.