20 urtetako hitzak ospatzeko unea
Busturialdeko Hitzak 20 urte bete dituela ospatuko dute domekan [azaroak 14], Gernika-Lumoko Pasealekuan, 12:00etatik aurrera. Biharamunean, haritza landatuko dute Bermeon.
20 urteko ibilbidea betetzekotan da Busturialdeko Hitza. 2005.urteko abenduaren 15ean kaleratu zen lehenengo alea, baina, aurretik, urriaren 31n, Urriko Azkenengo Astelehenean banatu zuten 0 alea. Bi hamarkada hauetan eskualdeko albisteak zabaldu ditu, eskuz esku eta etenik barik. Herrigintzatik jaio zen, eta herrigintzari ere zor dio bizirik irautea, eta beraz, elkarrekin ospatu gura du gaztaro betean egon izana.
Ezinbesteko laguntzaile fidelak dauzka HITZAk. Asko eta asko izan dira euskarazko eskualdeko egunkariaren alde sorreran zein ondorengo urteetan makina bat behar egin dutenak. Sorreratik, askoren ahotsa, askoren hitza da eta horri eusteko konpromisoa berresten du egunez egun, urtez urtez. Eskualdeko eragile, elkarte, talde, instituzio eta norbanakoen informazioak lantzen ditu papereko edizioan zein edizio digitalean, Bertoko ahotsa delako. Albisteak, erreportajeak, elkarrizketak, ikus-entzunezkoak, argazki galeriak, zozketak, gehigarri bereziak… Kazetaritza genero mota eta euskarri mota oro eskaintzen ditu, Busturialdeak kontatzeko daukana zabaltzeko, denen bozgorailu izateko.
Urtemugak ospatu behar dira, eta horretarako prest dago eskualdeko euskara hutsezko komunikabide bakarra. Urteurrenaren bezperan, abenduaren 14an ospakizunez beteko da Gernika-Lumoko Pasealekua. 12:00etan hasiko da domekako jaialdia, eta bi hamarkadetan bidelagun izan dituenekin eta aurrerantzean ere alboan edukiko dituenekin ospatu gura du orain arte egindako ibilbide emankorra: “Hurbildu zaitezte Pasealekura!”.
Elkarrekin egoteko, elkarrekin ospatzeko eguna izango da, eta elkarlanean prestatu dute urteurren jaialdiko egitaraua. Ondo etorria emateko, eskualdeko dantzariek agurra dantzatuko dute. Harreraren ostean, berriz, talde argazkia aterako dute, eta jarraian, eguerdi ederra pasatzeko eskaintza egongo da: Lilibertsoko bertsolariak, Sustabiz Fundaziokoen herri kirol erakustaldia eta herri kirol parte hartzaileak, Hitzaren, Baserritik Gernikararen eta Korrikaren salmahaiak, Zugaren kontzertu akustikoa, umeentzako jolasak eta tailerrak, Motx Pailazoa…
20 herri, 20 zuhaitz. Eskualdeko irakurleen, eragileen eta udalen babesa eta bultzada ezinbestekoak izan dira Busturialdeko Hitzarentzat. Eskualdeko 20 udalerriak dira proiektuaren birikak eta bihotza. Horregatik, horietan guztietan bere arrastoa uzten segitu gura duelako, eskualdeko 20 txokotan haritzak landatuko dituzte, auzolanean. Eskuz esku jaio zen Busturialdeko Hitza, eskuz esku egin du bidea, eta eskuz esku egingo dituzte landaketak. Tokian tokiko harpidedun, eragile eta udal ordezkariekin elkartuko da HITZAren lantaldea, landaketa horietan.
Lehenengo hitzordua Bermeon zehaztu dute; abenduaren 15ean, urteurrenaren egunean, landatuko dute haritza, 13:00etan, San Martinen. 2026an zehar egingo dituzte gainontzeko landaketak; urtarrilean Ajangizen izango da bigarren landaketa.
Urtez urte hazten joan da proiektua, eta hazten joateko erronka dauka esku artean. Horretarako, harpidedunak behar ditu, eta urteurren biribil horretarako, eskaintza berezia prestatu dute: Euskararen Eguna eta Busturialdeko Hitzaren 20. urteurrena ospatzeko, hitzakide digitala eginez gero, 20 euro ordaindu behar da urteko harpidetza. Interesa daukatenek maitadezagunhitza@hitza.eus helbide elektronikora idatzi behar dute. Bestalde, 20 urte 20 herri jolasa ere martxan dago Busturialdeko Hitzaren webguneko urteurreneko atal berezian. Galdera denak zuzen erantzuten dituztenen artean, Errigora produktuen saski bat zozkatuko dute.
Domekako egitaraua:
- 12:00. Agurra, eskualdeko dantza taldeen eskutik, eta harrera eta talde argazkia.
- Jarraian. Lilibertsoko bertsolariak, Sustabiz Fundaziokoen herri kirol erakustaldia eta herri kirol parte hartzaileak eta Zugaren kontzertu akustikoa.
- Amaitzeko. Luntxa eta zozketa, musikarekin girotuta.
- Eguerdian zehar. Hitzaren, Baserritik Gernikararen eta Korrikaren mahaiak, umeentzako jolasak eta tailerrak eta Motx Pailazoa.