Lankidetza, erronka berriei aurre egiteko
Ikasleek jokabide bat barneratzeko modu aproposena joera hori ingurukoengan ikustea den jakitun, Montorre Eskolak teoriatik praktikarako jauzia egin du aurten. Gautegiz Arteagako eskolak Haizederreko ikasle, irakasle eta familiak hartu ditu zentroan, beraien eskola berria eraiki bitartean: “Laguntza behar zuenari laguntza ematen saiatu gara”, adierazi du Alain Ajuriagogeaskoa Montorre Eskolako zuzendariak.
Bi zentroak Eskola Txikien Sarearen parte dira, eta aurretik elkar ezagutzen zuten. Natxitukoak pare bat ikasturtez beraien egoitza utzi behar zutela jakitean, irtenbideak bilatzen aritu ziren, eta bazirudien Ibarrangeluko Kultur Etxera lekualdatzea zela ideia onena. URAk baina, ez zien behar zuten baimena eman. Egoera horretan, Montorrekoek aurrerapausoa eman eta beraien instalazioak eskaini zizkieten: “Elkar ezagutzen genuen, eta ateak zabaltzeko esfortzua egin genuen. Guk bakarrik eskaini genien laguntza hori”.
Bai ikasleak, bai irakasleak “pozik eta motibatuta” badabiltza ere, Montorrerentzat hasieratik “erronka” izan da aurrean dutena: “Bi eskola batu ditugu, ikasle, irakasle eta familiak, eta elkar ulertu; ikasleen onerako antolamendurik onena egiten saiatu gara”. Iaz Bizkaiko eskola txikiena izan zen Gautegiz Arteagakoa, 22 ikaslegaz; aurten, berriz, 105 ikasle inguru daude.
Bi eskoletako ikasleak elkarrekin daude ikasgeletan, eta balorazioa “positiboa” da: “Oso aberasgarria izaten ari da lagun gehiago egitea eta esperientzia eta ikuspuntu ezberdinak aztertzea”. Montorren sentsibilizazioa, elkarri laguntza eta herrigintza bezalako gaiak ere jorratzen dituztela nabarmendu du Ajuriagogeaskoak, lankidetzagaz ikasleei “adibide praktikoa” eman gura izan dietela azpimarratuz.
Oso eskertuta.
Zuzendaria “oso harro eta eskertuta” agertu da Montorre Eskolako familiekin, egoera berrira moldatzeko “esfortzu itzela” egin baitute. Gainera, horien eskuzabaltasuna ere eskertu du, “beti laguntzeko prest” daudelako. Halaber, Gautegiz Arteagako Udalaren partetik jasotako laguntzagaz ere pozik agertu da: “Oso eskertuta gaude”. Eskola komunitatearen parte ez diren herritarrentzat ere hitz politak gorde ditu zuzendariak, egoera berri horrek horien “egunerokotasuna moldatu” duelako, horien “lankidetza eta esfortzua” balioan jarriz.
Hala, Montorretik “gauza politak egiten” jarraituko dute, iaz grabatutako abesti eta bideoklipean esan legez, beraien identitateari eutsiz: Euskara eta biosfera.