Bermeoko lehenengo Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Tokiko Kontseilua osatu dute
Eleizalde Ikastolako, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Bermeoko Institutuko DBHko 1. eta 2. mailako 14 ikaslek osatuko dute lehenengo gazte kontseilua, eta ikasturtean zehar, Gazteleku berriaren espazio eta erabilerari buruzko erabakietan parte hartuko dute.
Azaroko osoko bilkuran aho batez onartu eta gero, Bermeoko Udalak Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Tokiko Kontseilua sortu eta osatu du gaur [abenduak 10]. Gazteria Sailetik “ilusio handiz” ekin diote egitasmoari, kontsulta organo berriak udalari beraien iritzi, proposamen eta ekarpenak “modu antolatuan” helarazteko aukera eskainiko dielako udalerriko haur eta nerabeei. Gaur egin dute lehen osoko bilkura, kontsailua osatu eta elkar ezagutzeko baliatu dutena, eta aurrerantzean hilean behin batuko dira.
Maite Caruezo Gazteria Saileko zinegotziak azaldu duenez, proiektuaren sorrera Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen batetik dator, herriko ume eta gazteen parte hartzea sustatzeko programa batean izena emateko aukera izan baitzuten: “Lehen fasea 2024ko irailean hasi eta 2025eko apirilean amaitu zen. Herri ezberdinekin aritu gara horretan, bakoitzaren errealitatea ikusi eta hutsetik hasten den parte hartze bat nolakoa den ezagutzeko”. Halaber, kontseilua martxan jartzeko aldundiaren 6.000 euroko diru laguntza jaso dutela gogoratu du. Partaidetza kontseiluak gazteen ikuspuntua herri politikan txertatzen lagunduko duela nabarmendu du, beraien ahotsa erabiltzeko “benetako espazioa” izango dutelako: “Guk organo hori entzun eta proiektu ezberdinak aurrera eramateko erabiliko dugu”.
Bermeok Gaztelekuarekin “arazo bat” duela gogoratu du Caruezok. Izan ere, duela bi urte zerbitzua eten behar izan zuten, “begirada hezitzaile batetik” ez zituelako ezarritako helburuak betetzen; horregatik, kontseiluaren lehen urteak Gaztelekua izango du lanketarako gai. Proiektu honek arazo horri irtenbidea emango diola uste du zinegotziak, Gaztelekuko erabiltzaileak izango direlako zerbitzua sortu edo landuko dutenak: “Espazioa nolakoa izatea eta barruan egin gura dutena erabakiko dute. Oso pozik gaude, nola ez dute eurek erabikiko dutenz zerbitzu bat beraiek diseinatuko?”.

Gazte kontseiluak gaztetatik “herritar gisa duten rola” ezagutzen hasteko aukera eskainiko diela azpimarratu du Caruezok: “Badutela non zer esan ikasiko dute, badutela desadostasunak eta gustatu zaizkienak kontatu eta momentuan dagoen gobernuarekin partekatzeko aukera. Herriarekiko beraien tokia gaztetatik aurkitzen lagunduko dien proiektua izatea¡ nahi dugu”. Nabarmendu duenez, kontseiluarena “bide bizia” izango da, eta ez du amaiera zehatzik; izan ere, urtez urte “ezberdina” izatea aurreikusten dute.
Ikaskideen bozeramaile.
Lehen kontseilua Eleizalde Ikastolako, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Bermeoko Institutuko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 1. eta 2. mailako 14 ikaslek osatzen dute, beraien “ikaskideen bozeramaile” izango direnak: kontseilua hilean behin batzartuko bada ere, “bakoitzak bere zentroan klasekideei landutakoa azaldu, iritziak jaso eta denen artean dena jorratzen joateko” aukera izango dute. Bide horretan EDE Fundazioa bidelagun izango dutela iragarri du Caruezok, udaleko zinegotzi eta teknikariak ere “prestutasun guztiarekin” laguntzeko prest egongo direla adierazteagaz batera.
Gaur izan dute lehen osoko bilkura, eta Nadia Nemeh Bermeoko alkateak adierazi duenez, “dena ondo joanez gero”, ekainean egingo dute azkena, udalagaz batera ikasturtean zehar egindako proposamenak aztertzeko. Kontseilu kideak “boluntario” aurkeztu direla azpimarratu eta eskerrak eman dizkie alkateak: “Eskerrak eman nahi dizkiet gazteei, parte hartuko dutenak boluntario agertu direlako. Zelan ez, gurasoei, badakigulako zer den ume, gazte eta nerabeen bizitzan gauza gehiago sartzea; euren konpromiso eta prestutasuna eskertu gura ditugu”.

Horrez gain, udalarentzat parte hartze prozesu guztiek “garrantzia handia” dutela azpimarratu du Nemehk, haurrak ere “eskubide osoko herritarrak” direla nabarmentzeagaz batera; “Normalean beraien ikuspuntu edo eskubideak bigarren maila batean geratzen dira eta, proiektu honekin goi mailara eramatea da gure nahia: proposamenak entzun eta benetan kontuan hartzea”.
Lehenengo osoko bilkura.
09:30ean bertaratu dira ikasleak udaletxeko osoko bilkura aretora, eta zinegotzien lekua hartuta, kideen zerrenda irakurri eta eratuta gelditu da Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Tokiko Kontseilua. Alkateak egin die harrera eta azaldu die udalarentzat garrantzitsua dela “beraiei eragiten dien gaietan parte hartzeko eskubidea” aitortzea: “Zuen parte hartzeko eskubide hori da, beharbada, gutxien errespetatzen den eskubidea. Kontseilua martxan jarrita gauzak aldatu nahi ditugu; zuen ideia, iradokizun, zalantza, kexa eta aldatzeko proposamenak udalean lan egiten dugun pertsonengana iristea nahi dugu, gure herriari buruzko erabakiak hartzean kontuan hartzeko”.
Harrera amaituta, osoko bilkurari eman diote hasiera ikasleek. Saioa bi taldetan banatuta hasi dute, elkar ezagutu eta kontseiluaren inguruan dituzten espektatibak partekatu eta udalari transmitzeko. Hala, Zer nahi dugu izatea Gaztelekua guretzat? edo Nola bihurtu daiteke gurea den espazioa? bezalako galderei erantzun diete. Lehen erantzunak jasota, udal ordezkariei helarazi eta hamaiketakoan biltura amaitutzat eman dute lehenego bilera.