"Inoiz ez nuen pentsatuko herri oso bat dantzan jarriko genuenik"
Dantza espresio ugarik daukate lekua Ross Dantza Eskolan, baita hainbat kirol jarduerek ere, adin tarte guztiei zabalik, eta ordutegi malguan. Bermeon zein Gernika-Lumon hezten ditu ikasleak dantzan, eta hala jarraitu gura du, herriak dantzan jartzen.
Dantza arimaren hizkuntza sekretua dela esan zuen Martha Grahamek, eta hori irakastea bilatzen du Rosa Rementeriak Ross Dantza Eskolaren bitartez. Gernika-Lumotik eta Bermeotik hedatzen ari den proiektuak dantza ulertzeko eta bizitzeko beste modu bat eskaintzen du: diziplinan oinarritutako pedagogia, adierazpenerako askatasuna eta komunitatearekiko lotura. Ross Dantza Eskolak profesionalki urratsak egin nahi dituzten gazteentzat zein dantzan gozatzea bilatzen dutenentzat ateak zabalik dauzka, etengabeko formakuntza, maila bakoitzerako irakasle espezializatuak eta herriekiko konpromisoa baitira eskolaren oinarriak.
Gaztetatik dantzan ezagutzen zaituzte, baina noiz abiatu zenuen bide hori?
Dantzan txikitan hasi nintzen, ama ere dantzaria delako. Gero, Bilbora joan nintzen dantza ikastera, eta handik Madrilera eta Bartzelonara, baita Ameriketako Estatu Batuetara ere. Ostean zabaldu nuen Ross Dantza Eskola Gernikan, duela 17 urte, eta, duela hiru urte, berriz, Bermeon. Aurretik, zortzi urtez edo, dantza eskolak ematen nituen hainbat kiroldegitan: Bermeon, Busturian, Mundakan… Han eta hemen ibiltzen nintzen, Urdaibain dantza sustatzeko helburuz. Hala ere, orain eskola bi izan arren, oraindik ere formakuntza jasotzen jarraitzen dut: irailetik, astebururo Madrilera joaten naiz, dantza irakasteko metodologia berriak lantzera. Gauzak azkar aldatzen dira, eta nire helburuak eguneratuta egotea, berritasunetara egokitzea eta hobetzea dira.
Zer ematen dizu dantzak?
Dena: bizitasuna, alaitasuna, poztasuna. Dantzan hasten naizenean, ahaztu egiten dut lanean nagoela, eta hori pribilegio handia da. Estresa askatzeko eta sentimendu guztiak adierazteko modu paregabea da. Gainera, oso gustuko dut alderdi artistikoa lantzea: koreografiak sortzea, musikalak eraikitzea, ideiak garatzea eta horiek ikasleei transmititzea. Sortzen ari naiz etengabe.
Ze, eskolaren helburua ikasleek dantzarekin gozatzea da?
Bai. Ume asko datoz eskolaz kanpoko jarduera gisa dantzan egitera, ondo pasatzera. Eta dantza formakuntza jasotzera datozenentzako prestakuntza egokia dugu. Dantzan profesionalki aritu nahi dutenentzako aukerak dauzkagu; formakuntza eskaintzen diegu, euren bidea jorratzeko aukerak zabalduz: gure klaseetan teknika lantzen dugu, kontserbatorio baten moduan. Saio berberak eskaintzen dizkiegu guztiei, eta gero, bakoitzak erabakitzen du dantza bere zaletasun edo lanbide bihurtu gura duen. Ikasleak prest egotea bilatzen dugu.
Denetarik, eta denetariko adineko pertsonentzako.
Ikasle gehienak gaztetatik hasten dira, baina 90 urte inguruko ikasleren bat ere badugu, eta benetan ederra da. Garrantzitsuena da bakoitzak gustuko duen estiloa aurkitzea; izan ere, dantzak gorputza lantzen du, burua askatzen du eta sozializatzeko aukera ematen du.
Hainbat diziplina dituzue eskolan.
Hasieran, jazzarekin hasi nintzen, ballet teknikarekin uztartzen den estiloarekin. Gero, telebistan ikus zitezkeen dantza modernoagoak sartu nituen. Urteen poderioz, eskaeraren arabera, ballet gehiago eskaintzen dugu, ikasle asko dantza formakuntza jasotzera gerturatzen baitira, baina denetarik egiten dugu. Gaur egun reggaetoia ere lantzen dugu, gazteek hala eskatuta. Hori bai, beti bilatzen ditut estilo bakoitzerako irakasle espezializatuak: balletekoak bere saioak ematen ditu, jazzekoak bereak, bachata eta fitness arlokoak beraienak… Bakoitzak bere diziplina lantzen du.
Eskola baten moduan, saio bereziak ere eskaintzen dituzue.
Bai, askotan gonbidatzen ditugu estilo desberdinetako dantzari erreferenteak, ikasleek haiekin ikasi ahal izateko. Saiatzen naiz aukerak eskaintzen. Ulertzen dut gurasoentzat zaila dela seme-alabak Madrilera edo Bartzelonara bidaltzea, formakuntza espezializatua jasotzera, eta horregatik ekartzen ditugu irakasle onak eskolara. Urtean zehar egiten ditugu horrelakoak; Euskal Herrian ere aukerak eskaintzea da helburua, bertoko ikasleak kanpora joaten ibili ez daitezen.
Fitness gunea ere baduzue zuenean. Zer eskaintzen duzue?
Pilates, kardio, yoga onkologikoa, zumba, gym-jazz eta mantentze gimnasia ditugu. Ideia da denontzako aukera zabala izatea. Gym-jazzen bidez, dantza eta gimnasia uztartzen ditugu; eta bakarrik gimnasia gura dutenek horretarako aukera dute mantentze gimnasiarekin edota kardio edo zumba saioekin.
Zer da yoga onkologikoa?
Pilateseko irakasleak yoga formakuntza izatearen zortea dugu, eta yoga onkologikoan ere formakuntza dauka. Gaixotasun hori gero eta ohikoagoa da, eta saio horiek lagungarriak dira tratamenduan daudenekin edo tratamendua amaitu dutenekin berriro mugikortasuna eta gorputzarekiko konfiantza lantzen hasteko.
Ross Dantza Eskolaren ezaugarrietako bat da herrian duen partaidetza, ezta?
Gustatzen zaigu herriari bultzada ematea eta gazteak inplikatzea. Erregeen kabalgatan parte hartzen dugu, Olentzeroren etorreran, inauterietan… Eta moda desfilea ere antolatu genuen tokiko merkataritza indartzeko: merkatari elkarteari jakinarazi nion uste nuela herriko jendearekin gauza asko egin genitzakeela, desberdinak, eta moda desfilea proposatu nien, jendeak herriko jendea bertoko dendetako arroparekin jantzita ikus dezan.
Eskola hazten ari da, eta Bermeon ere eskola zabaldu duzu.
Bermeotik gazteak etortzen hasi ziren Gernikara. Baina askok teknikoki oraindik ez zuten maila nahikoa, eta Bermeon zabaltzea erabaki nuen, han teknika lantzen has zitezen, gaztetatik. Oso ongi hartu gaituzte, eta han ere herriko ekintza askotan parte hartzen dugu. Herri bakoitzak berea du, eta guk gustura parte hartzen dugu. Baina, Bermeoko ikasleez aparte, Zornotzatik eta Mungiatik ere badatoz ikasleak Gernikara. Horrek esan nahi du gauzak ondo egiten ari garela.
Nabaritzen duzu gero eta jende gehiago gerturatzen dela dantzara?
Egia esan, ez nuen sekula espero honaino iristea: herri oso bat jarri dugu dantzan. Oso eskertuta nago. Inoiz ez nuen pentsatuko horren familia handia eraikiko genuenik. 3-4 urterekin hasi ziren neska-mutil batzuk gaur 24 urte dituzte, eta oraindik gurean jarraitzen dute. Hori da oparirik handiena; eurak pozik sentitzea, eta kanpora ikastera joan arren, bueltan berriro eskolara bueltatzen direla ikustea.