Gizon bat espetxeratu dute, bikotekide ohia jipoitu, mehatxatu eta atxikitzeagatik
50 urteko gizonak biktimarekiko urruntze agindua zuen, indarkeria matxista gisa ikertzen ari ziren tratu txarren beste kasu batengatik, eta espetxeratu egin dute. Gernikako Sare Feministak eta Itaia Busturialdeak elkarretaratzeak deitu dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 50 urteko gizon bat atxilotu zuten herenegun [abenduak 7] Gernika-Lumon, bikotekide ohia jipoitu, aizkora batekin heriotza-mehatxua egin eta hainbat orduz eraikin batean atxikitzea leporatuta. Erasotzaileak biktimarekiko urruntze-agindua zuen indarrean, indarkeria matxista gisa ikertzen ari ziren pertsona beraren aurkako tratu txarren beste kasu batengatik. Atzo [abenduak 8], polizia-izapideak amaituta, Gernika-Lumoko Guardiako Epaitegian aurkeztu zuten epaileak espetxeratzeko agindua eman du.
Biktimak aurkeztutako salaketaren arabera, erasoa iragan martitzenean [abenduak 2] gertatu zen. Salatu duenez, Gernika-Lumoko kaleetan bikotekide ohiarekin topo egin zuen, eta hark, besotik heldu ondoren, berarekin eraikin batera joatera behartu zuen. Bertan, “hainbat kolpe eta ostiko” emateaz gain, aizkora batekin heriotza-mehatxuak egin zizkion. Ondoren, leku horretako sarrera blokeatu zuen, emakumeak bertatik alde egin ez zezan. Ertzaintzak adierazi duenez, biktimak hainbat ordu behar izan zituen eraikinetik irteteko, eta ospitalean artatu behar izan zuten, “hainbat kolpe” zituelako.
Elkarretaratzeak.
Erasoa salatu eta biktimari elkartasuna adierazi asmoz, Gernikako Sare Feministak eta Itaia Busturialdeak elkarretaratzeak deitu dituzte aste honetarako. Sare feministakoek biharko [abenduak 10] jarri dute eraso sexista “bortitza” salatzeko hitzordua, 19:00etan, Merkurion, Erasorik ez, erantzunik gabe! lelopean.
Itaiakoek, ostera, Indarkeria matxistari aurre egin! izenpean deitu dute mobilizazioa, barikuan [abenduak 12], 20:00etan, Merkuriotik.