Zuresku proiektuak irabazi du Busturialdeko XII. Enpresa Ideia Lehiaketako sari nagusia
Aiora Uriarteren Zuresku proiektuak "egurrezko joko tradizionalak eta eskulanak berreskuratu eta gaurkotzea" du helburu. Bigarren saria Maddi Amezagaren Garile ingurumen-hezkuntzako eta landa-ekintzailetzako ekimenarentzat izan da.
Busturialdeko XII. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu bere irabazleak. Busturiako BBK Klima Abenturak hartu zuen atzo arratsaldean [abenduak 4] “eskualdeko gazteen artean kultura ekintzailea sustatu eta enplegua sortzea” helburu dituen lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, eta guztira 7.000 euro banatu zituzten. Aurten zortzi izan dira Busturialdeko 18 eta 35 urte bitarteko ekintzaileek aurkeztutako ideiak, eta Aiora Uriarte arratzuarraren Zuresku enpresa-ideiak jaso du lehenengo saria.
3.000 euroko diru laguntza eta lan alorrera, zergetara edota kontabilitate aholkularitzara bideratuatako urtebeteko doako aholkularitza zerbitzua jasoko ditu Uriartek, dagoeneko martxan duen “familia-proiektuan” inbertitzeko. Arratzuarrak saria jasotzea “espero ez zuela” adierazi eta “oso eskertuta” agertu zen aitorpenagaz. Era berean, bere enpresa-ideiak Zureskuren helburua egurrezko joko tradizionalak eta eskulanak berreskuratu eta gaurkotzea dela azaldu zuen: “Zuresku hainbat ideiaren multzoa da. Hasteko, ideia hainbat herrialdetako jolas tradizionalak bertora ekarri eta berpiztea zen. Gero, gure ideia propioekin ere jolasak sortuz joan gara, ume eta nagusiek pentsamendu konputazionala lantzeko jolasak, adibidez”. Halaber, hiru jarduera-ildo nagusi dituela zehaztu zuen: “Aniztasun sozialari erantzuteko adin ezberdinetarako jolas inklusiboak, sormena, mugikortasuna eta esplorazio sentsoriala lantzeko 0 eta 5 urte bitarteko haurrentzako familia-guneak eta, hirugarrena, adinekoentzako jolas estimulagarriak, oroitzapena berreskuratu eta aktitibate kognitiboa bultzatzeko”.

Aiora Uriarteren Zuresku proiektuak 3.000 euroko saria jaso du.
Hala, proiektu irabazleak “adin guztietarako” jolas eta jarduera praktikoak proposatzen dituela nabarmendu du arratzuarrak, “gizarte-inklusioa, sormena eta belaunaldien arteko harremanak sustatuz”. Zureskuren ezaugarri nagusietako bat “eskuz landutako eta egurrez egindako” jolasak direla da, eta “eguneroko bizitzara egokitu eta gaitasun sozial, motor eta sentsorialak garatzea” bilatzen du. Ekoizpena Arratzun egiten dute, “material naturalak erabiliz eta kalitatea lehenetsiz”. Gaur gaurkoz “200 jolas baino gehiagoko katalogoa” dutela azpimarratu du Uriartek.
Bigarren saria —2.000 euro eta sei hilabeteko doako aholkularitza zerbitzua— Maddi Amezaga errigoitiarraren Garile ingurumen-hezkuntzako eta landa-ekintzailetzako ekimenak jaso zuen. Garilek Errigoitin eta Busturialdean gari tradizionala eta haren nekazaritza-kultura berreskuratzeko helburua du. Hala, proiektuaren xede nagusia da “ia galduta” dagoen ondarea agrikola balioan jartzea da, agroekologia eta belaunaldien harteko hezkuntza uztartuz, “komunitatean oroimena, identitatea eta etorkizuna ereitea”. Horretarako, hezkuntza eta kultura zerbitzuak eskaintzen ditu Garilek.
Lehen sektorea, sarituta.
Lehen eta bigarren sariez gain, Joseba Irabazal Gernika-Lumoko Udaleko eta Lanbide Ekimenakeko ordezkariak, Jokin Garatea Foruko Udaleko eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak, Nerea Hormaetxe Bermoko Udaleko eta Behargintza Enplegu Zentroko ordezkariak, Leire Zaballa HAZI Bizkaiako ordezkariak eta Xiomara Gezuraga IES Barrutialdeko zuzendariak osatutako epaimahaiak lehen sektoreko enpresa-ideia onena ere aukeratu behar izan zuten. Proposamenen artean Iker Egia ajangiztarraren EBASZ proiektua nagusitu da, 1.000 euroko saria jasoz.
Ajangiztarrak “basogintzako zerbitzu integralak” eskaintzen ditu bere proiektuan, hala nola, baso-landaketak, zur ateratzea edo pista konponketak. Basogintzan lanean daramatzan bost urteetan “sektorea aktualizatzeko beharrizan handia” antzeman du Egiak, “duela 50 urte bezala” lanean jarraitzen dutelako.Horregatik, “bi helburu dituen” enpresa-ideia garatu du: “Batetik, basogintza apur bat aktualizatu eta makinaria sartzen hastea eta, bestetik, Urdaibain horren garrantzitsuak diren basoak abandonatuta ez geratzea”.

Errelebo enpresarialaren sari berezia jaso du Bizkaiganek Busturialdeko XII. Enpresa Ideia Lehiaketan.
Lehen sektoreagaz lotutako Bizkaigane ustiategi agroabeltzaileak ere aipamen berezia jaso zuen atzo. Izan ere, Xabier Sabalza eta Markel Enzunzak aurkeztutako enpresa-ideiak errelebo enpresarialaren 1.000 euroko sari berezia bereganatu zuen. Enzunzak jaso zuen saria, eta orain dela sei urte bost gazte elkartu Txapelkoop kooperatibagaz Bizkaiganeren erreleboa hartu zutela gogoratu zuen: “Badakigu ze zaila den lehen sektorean erreleboa hartzea, eta eskerrak eman behar dizkiegu Jon Barainka eta Xabier Arriagari, beharra, ganadua, tresnak eta lurrak eman dizkigutelako, ezer eskatu barik. Euren baldintza bakarra proiektuarekin aurrera jarraitu eta etorkizunean, gu nagusiak garenean, hurrengo belaunaldiari baldintza berdinak uztea izan da”. Hala, Bizkaigane gaur gazteen liergopeko “etapa berrian” sartuta dago.