Txarriki eguna ospatuko dute
Txarriki Egunaren 21. aldia eta Euskal Jaia ospatuko dituzte muruetarrek, etzi [abenduak 7]. Ez dira nekazal produktuen azoka, txerriaren zozketa edota bertso bazkaria faltako.
Beste urte batez, abenduari ondo etorri beroa emango diote muruetarrek, Txarriki Egunean elkartzeko hitzordua baitute domekan. Aurtengoa Txarriki Egunaren 21. aldia izango da, eta aurreko urteetan egin bezala, txerrikiaren jaia eta Euskal Jaia ospatzeko egitarau bateratua landu du Muruetako Udalak.
Hala, Muruetara bertaratzen direnek ohiko nekazal produktuen azokaz zein denetariko txerriki produktuen dastaketaz gozatu ahal izango dute etzi. Eguraldiari aurre hartzeko eta azken momentuko ezbehar eta aldaketak ekiditeko, azoka frontoian egitea erabaki dutela iragarri dute.
Txupinazioagaz emango diote hasiera feriari, 12:30ean, eta, jarraian, Foruko Urdaibai Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du. Gero, berriz, Etxebarria aita-semeak trikitilariak arduratuko dira Euskal Jaia Euskal Herrian sustraitutako abestiekin girotzeaz.
Txerriaren zozketa 15:00etan egingo dute, eta errotzen hasitako ohiturari jarraiki, ospakizuna bertso bazkariagaz osatuko dute. Aurten Lilibertsoko Ibai Amillategi eta Koldo Gezuraga izango dira bertsotan arituko direnak.