Harria, mugarri eta topaleku
Nabarniz, Mendata eta Arratzuko herritarren topagune bihurtuko da etzi [abenduak 7] Arrolako gaineko harria, II. Herri-batze martxa egingo baitute.
Arrolako gainean dagoen harriak Arratzuko, Mendatako eta Nabarnizko mugak ezartzen ditu, eta hiru herrietako herritarren topagune bihurtuko da etzi, II. Herri-batze martxa egingo baitute. Herri bakoitzak bere ibilaldi propioa antolatu du, eta 12:00ak inguruan batuko dira denak, Arrolako mugarrian.
Duela bi urte egin zuten martxa estreinakoz, eta 150 lagun inguru batu ziren Arrolan. Aurten ere jai giroa nagusituko da bertan, trikiti eta pandero soinuek alaituko baitute topaketa. Gainera, «animatu eta parte hartzen duten guztientzat sartenekoa egongo dela» iragarri dute.
Abiapuntu hirukoitza.
Arratzuarrek eta mendatarrek 10:00etan ekingo diote bideari. Ordubete beranduago, berriz, nabarniztarrek.
2023an Jose Antonio Maruri Nabarnizko alkatearen esku geratu zen irakurketa egitea, eta orduan aldiro ardura hori txandakatzeko asmoa erakutsi zuten. Hala, domekan jakingo da nori dagokion aurten irakurketa egitea.