Bike Park-a, aurrekontu parte hartzaileetako proiektu bozkatuena
210 boto jasota, Orkatzetak, Matxitxako T.K.T.k eta Bermeoko Ziklistek bultzatutako proposamena nagusitu da 2026ko aurrekontu parte hartzaileetan, eta Bermeoko Udalak 50.000 euro bideratuko ditu hori gauzatzera. Sei proiektu bozkatuenak kirol esparrukoak izan dira.
2026ko aurrekontu parte hartzaileetako proiektu irabazlea iragarri du gaur Bermeoko Udalak. Bozkapen fasera igaro diren 64 proposamenei 1.201 bozka eman dizkiete bermeotarrek, eta 210 botogaz, Bike Park bat egitearena izan da nagusitu dena. Hala, udalak 50.000 euro bideratuko ditu egitasmo hori gauzatzera.
Miren Gabantxo Uriagereka Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta Saileko zinegotziak azpimarratu duenez, kirolarekin lotutako proposamenak izan dira herritarren boto gehien jaso dituztenak. Izan ere, Areneko kiroldegiko gimnasioa handitzea eta padel-kantxa bat egitea izan dira, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren proiektu bozkatuenak. “Prozesu parte hartzaile hau ikusita, gure herrian kirola garrantzitsua dela esan genezake”, adierazi du Gabantxok, izan ere, lehen sei proposamenak kirol esparrukoak izan dira.
Zinegotziak Bermeo naturalki “pribilegiatua” dela gogoratu du, mendia eta itsasoa izanik “baldintza oso onak” dituen herria baita: “Ingurune pribilegiatuan bizi gara, eta horrek zerikusia izan dezake txirrindularitzaren gorakadarekin”. Gabantxok txirrindularitzarekiko “gero eta zaletasun handiagoa” dagoela nabarmendu du, Bike Park-a egiteko proposamena gailendu izana horren adibidetzat jarriz.
Fase berria.
Proiektu irabazlea iragarrita, fase berri bati hasiera emango dio udalak. Horretan, proiektuaren garapena zehaztu, egin beharrekoak hausnartu eta parkearen nondik norakoak txirrindulari elkarteekin adostuko dituzte, “elkarlanean gauzak hobeto ateratzen direlako”.
Orkatzeta MTB Enduro Taldea, Matxitxako Txirrindularitza Kirol Taldea eta Bermeoko Ziklistek Bermeoko txirrindularitza taldeek aurkeztu zuten proposamena aurrekontu parte hartzaileetara eta Bermeoko herritarrekin “oso eskertuta” agertu dira erantzunagatik: “Zorionez jendeak positibotzat jo du gure proposamena. Espero dugu laster Bermeon Bike Park-a izatea, bizikletaz bizitza osasuntsua izan eta Bermeo ezagutzeko beste modu bat izateko”. Hiru taldeek prozesuan zehar “nahi dutenerako” laguntza eskaini diote udalari
Xabier Ortuzar Butron Kirol Saileko zinegotziarentzat “pozgarria” da kirol arloan “jende asko mugitzen” ari dela ikustea: “Kirolaren arloan egonezina eta mobilizatzeko gogoa dago”. Udaletik azken bi urteetan Bermeon bizikletari “bere lekua” eman nahian aritu direla azpimarratu du Ortuzarrek, horretarako Bizikleta Eguna eta bestelakoak bultzatu dituztela gogoratuz. Bike Park-ak “txikitatik berriro bizikleta berrezartzen laguntzea” espero du Ortuzarrek.
30 proposamen beteta.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak aurrekontu parte hartzaileetan parte hartu duten herritar guztiak zoriondu ditu, eta nabarmendu du udalarentzat egitasmo hori “oso oso garrantzitsua” dela: “Herritarrek zer nahi eta behar duten ezagutzen dugu, eta beste leku batzuetan dauden gabeziez konturatzen gara”. Era berean, udalak aurrekontu parte hartzaileetarako 50.000 euro gordetzen baditu ere, jasotzen dituzten hainbat proposamen “urtean zehar egin ahal direnak” izaten direla azpimarratu du alkateak, “ez dutelako dirurik eskatzen”: “Aurtengoa aurrekontu parte hartzaileen hirugarren urtea da; irabazle batzuk egon dira, baina guk seriotasunez hartu ditugu proposamen guztiak. Gutxi gorabehera 30-35 proposamen inguru bete ditugu, batzuk gure baliabideekin eta beste batzuk diru barik, gure herria ikuspuntu berri batetik ikustea bakarrik eskatzen zutelako”.
Hala, irabazi ez arren “proposamenak egitera” animatu ditu bermeotarrak: “Gu prest gaude entzuteko, eta zuzenean gurekin harremanetan jarri nahi ez baduzue, Berhaz zerbitzua ere erabilgarri duzue”.