Euripean ere gustora ibili dira berbalagunak
Bermeoko berbalagunak, azaroko irteeranBermeoko Berbalagun Azaroko irteera egiteko batu ziren Bermeoko berbalagunak, domekan [azaroak 30]. 10:00etan jarri zuten hitzordua Lameran, eta bertan autobusa hartuta, Sollubera joan ziren. Euria bidelagun izan zuten berbalagunek, Sollubeko geltokitik erromatarren garaiko nekropolira arteko bidea euripean egin behar izan baitzuten: “Paraje ederretik egin genuen aurrera, itsasoa berriro ikusi arte”.
Paisaia “ederretan” talde argazkiak ateratzeko aprobetxatu zuten, Tribisetik behera Artikerako bidea hartu aurretik. Berbalagunek “goiz oso ona” igaro zutela nabarmendu dute, tarteka euria egin bazuen ere oro har eguna “ez zelako hain euritsua” izan: “Bidean zehar urez betetako errekak ikusi eta entzun genituen. Ostadar osoa ere ikusi genuen eta ezin izan genion eguzkitan argazkia ateratzeko tentaldiari eutsi”.
Bermeoko Berbalagunek urtarrilean egingo dute hurrengo irteera, baina oraindik eguna zehazteke dute. Bitartean, domekako irteeran parte hartu zutenei eskerrak eman dizkie, “batez ere Aitor Aberasturiri, ibilbide osoa prestatzeagatik”.