46.000 euroko bultzada, kostaldeko saneamendu "integrala" bultzatzeko
Eusko Jaurlaritzak 46.000 euroko dirulaguntza emango dio Eako Udalari, gaur egun herriko hondartzako, itsadarreko eta portuko zenbait gunetara iristen diren isuriak eteteko. Datorren martxorako, lanak "amaituta" egon behar dira.
Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 46.000 euroko dirulaguntza emango dio Eako Udalari, bertako itsasertzeko lerroaren saneamendu “integrala” bultzatze aldera. Hain zuzen ere, portutik, Beletxe eraikinetik eta Kosallu baserritik datozen ur grisak eta beltzak udal araztegira punpatzea eta bideratzea da lanen funtsa.
Helburu nagusia, sustatzaileek azaldu dutenaren arabera, kostaldeko ingurunearen “kalitate ekologikoa, osasungarritasuna eta jasangarritasuna” hobetzea da, eta espero dute lanekin “amaiera ematea” gaur egun marearteko guneraino iristen diren isuriei; gune horretan kokatuta daude, izan ere, udalerriko hondartza, itsasadarra eta portua. Amaia Barredo sailburuak nabarmendu dutenez, lan horiek “erabat funtsezkoak” dira, itsasertz “garbiagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa” lortzeko bidean: “Urrats erabakigarria da, geure natur ondarea babesteko eta, horregaz batera, Eako herritarren bizi kalitatea hobetzeko”.
Fase bitan banatuta.
Portuak, Gai Maritimoak eta Litoraleko Zuzendaritza izango da proiektuaren kudeaketa, jarraipen eta ikuskapenaren ardura edukiko duena. Proiektuak exekuzio fase bi edukiko dituela aurreikusten dute, denetara, 157.937,90 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Lehendabiziko etapan, ponpaketa eta kanalizazio sistema instalatuko dute, kaialdetik araztegira; lan horren finantzazioaren zenbatekoa 110.795,48 eurokoa izango da.
Bigarren faseari dagokionez, Beletxe eraikina eta Kosallu baserria sare berrira konektatuko dituzte, 47.142,42 euroko kostuagaz. Onartutako dirulaguntzak 2025ean gauzatuko diren lanak finantzatuko ditu, eta lanak 2026ko martxoan “amaituta” egon beharko dela iragarri dute.