Udal zerbitzuen balorazioak biltzen hasi da udala
Bermeoko Udalak inkesta "landuagoak" prestatu ditu aurten, orain arte ez bezala, bermeotarren "espektatibak" ere kontuan hartuko dituztelako. Inkestak otsailaren 1era bitartean bete ahal izango dira, sarean zein paperean.
Udal zerbitzuak hobetu eta etorkizuneko hobekuntza planak modu eraginkorrean definitu asmoz, Bermeoko Udalak udal zerbitzuei buruzko herritarren iritzi eta balorazioak jasoko ditu. Azken urteetako emaitzek zerbitzuen kudeaketarako eta urteko helburuak finkatzeko emaitza “oso erabilgarriak” eman dituztenez, beste urte batez balorazio bilketa egitea erabaki dute, berrikuntza batekin: “herritarren espektatibak” ere kontuan hartuko dituzte.
Herritarren ahotsa jasotzea “funtsezkoa” dela azpimarratu dute Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta Sailetik. Izan ere, kalitatea hobetzea ahalbidetzeaz gain, herritarren beharrizanei “modu egokian” erantzuteko aukera eskaintzen du. Horregatik, bermeotarren espektatibak ere biltzea erabaki dute, inkesta “landuagoak” prestatuz.
Horrez gain, herritarren asebetetze maila ezagutzeko, Gizarte Ongizate Sailetik martxan jarritako zerbitzu berriei buruzko iritziak ere jasoko dituzte.
Sarean zein paperean. Dagoeneko eskuragarri daude inkestak, eta otsailaren 1era [domeka] bitartean bete ahal izango dira, bai paperean, bai Internet bidez, Paperean erantzun gura duten herritarrek zerbitzu bakoitza eskaintzen den tokian bertan izango dute horretarako aukera. Aurten eskuragarri dauden inkestak ondorengoak dira: Gizarte Ongizateko Arreta Zerbitzua, Gizarte Heziketa eta Esku-hartze Psikosoziala, gizarte langileen aurrez aurreko arreta, adinekoen dependentziari aurrea hartzeko programak (Psikoestimulazio tailerra, Burua Martxan, Gorputza Martxan), etxez etxeko zerbitzua, Gazteentzako Informazio Zerbitzua, kultura elkarteei zuzendutako inkesta, liburutegiko zerbitzuak, artxiboaren zerbitzuak, kultur zerbitzuak, zaharren egoitza, egoitzako etxebizitza komunitarioa eta Udal Arreta Zebitzuak.
Herritarren parte hartzea “oso garrantzitsua” dela nabarmendu dute Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta sailetik eta, “udal zerbitzuak etengabe hobetzeko helburuarekin”, herritarrak inkestak betetzera animatu dituzte, “arin eta erraz” betetzen baitira.