Burua eta gorputza martxan, zahartze aktiboa sustatzeko
Gorputza martxan eta Burua martxan programak eskaintzen jarraituko du Gizarte Ongizaterako Sailak, eta lekuak mugatuak direnez, esleipena zozketa bidez egingo dute, abenduaren 15ean. Parte hartu gura dutenek abenduaren 11 [eguena] dute izena emateko azken eguna.
Bermeoko Udalak Gizarte Ongizaterako Sailak zaharrei zuzendutako Gorputza martxan eta Burua martxan programak eskaintzen jarraituko duela iragarri du. Programen helburua “zahartze aktiboa sustatzea” da; izan ere, edadetuengan galera kognitiboa eta fisikoa ekiditeko helburuagaz eskaintzen dira.
Burua martxan programan 65 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta guztira 24 plaza eskainiko dira, bi taldetan banatuta. Udaletik iragarri dutenez, astean ordu eta erdiko bi saio egingo dituzte, astelehen eta eguaztenetan. Azpimarratu dutenez, parte hartzaileek “ezingo dute buruko gaixotasunik eduki”. Gorputza martxanen, berriz, 60 pertsonek parte hartu ahalko dute, lau taldetan banatuta: “Parte hartzaileak 70 urtetik gorakoak izan beharko dira, eta ezingo dute gaixotasun fisiko larririk eduki”. Horiek ordubeteko bi saio egingo dituzte astean.
Leku mugatuak direla eta, esleipena egiteko zozketa egingo dute abenduaren 15ean [astelehena], eta parte hartu gura duten herritarrak aurretik izena emanda izan beharko dute. Izena emateko azken eguna abenduaren 11a da [eguena], eta horretarako, 675 91 68 56 telefono zenbakira deitu daiteke, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara arteko ordutegian. Nabarmendu dutenez, zozketan “lehentasuna” izango dute 75 urtetik gorakoek, menpekotasun egoera gradu I dutenek edo senitarteko jagole direnek.