Imanol Pradales: "Espainiako Estatuaren errekonozimendu zintzoari itxaroten segitzen dute Kruzitak eta Mari Karmenek Gernikan"
Alemaniako presidentearen keinua "aitortu, txalotu eta eskertzen" dela esan du Imanol Pradales lehendakariak, eta erantzukizun historikoa eta bakearekiko, demokraziarekiko eta berradiskidetzearekiko konpromiso etiko eta politikoa erakusten duen ariketa izan dela nabarmendu du.
Gernikako bonbardaketen biktimak omentzeko eta Alemania naziak bonbardaketan izandako parte hartzeagatik barkamena eskatzeko atzoko ekitaldiek irudi eta keinu asko utzi zituzten Gernika-Lumon, baina insituzioetako ordezkariek ez zuten adierazpenik egin. Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak Baserri Maitean —bertan bazkaldu zuten— egin zituen adierazpenak, eta Imanol Pradales Lehendakaria ekitaldi instituzionaletan egon bazen ere, ez zuen adierazpenik egin; gaur, ordea, LinkedIn-en zabaldu du bere mezua, gazteleraz.
Eusko Legebiltzarrean duela hamabost egun esandakoa berretsi du: Alemaniak egin bezala, Espainiak ere bere erantzukizuna aitortzea: “Espainiar estatuaren keinu horri itxaroten segitzen dugu. Bonbardaketatik 88 urte pasatu dira, baina Espainiako Estatuaren errekonozimendu zintzoari itxaroten segitzen dute Kruzitak eta Mari Karmenek Gernikan. Aukera hau pasatzen utzi izana gaitzesten du Euskadik”.

Kruzita Etxabe eta Mari Carmen Agirre, Felipe Borboikoarekin, Frank-Walter Steinmeierrekin eta Imanol Pradalesekin, atzo, Zalloko hilerrian
Frankismoak eragindako kalteak edota oinazeak aitortzea eta biktimei erreparazioa ematea beharrezkoa dela azpimarratu du.
Duela hiru hamarkadatik Alemaniak “hainbat aldiz sortutako oinazea aitortu” duela eta “erreparatzen saiatu” dela adierazi du lehendakariak: “Hori da estatu demokratiko batengandik espero dena. Memoriak bizikidetza eraikitzen du eta demokrazia ere interpelatzen du”.
Atzoko Steinmeierren bisitarekin eta hark emandako adierazpenekin, Alemaniak “pauso bat gehiago eman” duela aitortu du, eta Pradalesen hitzetan, erantzukizun historikoa eta bakearekiko, demokraziarekiko eta berradiskidetzearekiko konpromiso etiko eta politikoa erakusten duen ariketa izan da, “memoriak eta erreparazioak preskribatzen ez dutela erakusten duen keinua da”. Alemaniako presidentearen keinua aitortu, txalotu eta eskertzen dutela esan du: “Iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi dira memoria eta erreparazio aitortza, eta giza balioen defentsan batzen gaituzte, eta biktimen minera hurbildu”.
Gaur egungo Gernikak ere gogoan izan ditu, eta elkartasuna adierazi die: “Aste honetan iraganera begiratu dugu, eta gogoratu behar dugu gaur egun, munduan izugarrikeria berberak pairatzen ari direla herri batzuk, gerra eta gatazka armatuetan”.