Memoria antifaxista eta Euskal Errepublikaren aldeko mezua zabaldu du EH Bilduk, Gernika-Lumon
EH Bilduko ordezkariak ez dira egon gaurko ekitaldi instituzionaletan, eta Felipe VII ekitaldi horietan egotea "bereziki mingarria" dela adierazi dute.
EH Bilduk uko egin dio ekitaldi instituzionaletan parte hartzeari, eta memoria antifaxista eta Euskal Errepublika aldarrikatzeko, EH Bilduko hautetsiak eta ordezkari politikoak 13:00etan elkarretaratzean batu dira Merkurion. Besteren artean, bertan egon dira eskualdeko hainbat alkate eta hautetsi eta Idurre Bideguren senatari bermeotarra.
Oskar Matutek adierazi du gaurkoa egun “seinalatua” dela Gernika-Lumorentzat eta Euskal Herriarentzat, eta Espainiako erregea ez dela ondo etorria Euskal Herrian, “gure askatasun nazionalen, munduko bakearen eta borroka antifaxistaren” nazioarteko erreferentzia delako: “Beste behin, Euskal Herria Bilduk hemen egon nahi izan du, antifaxismoa eta erabateko memoria aldarrikatzeko”. Felipe VII gaurko ekitaldietan egotea “bereziki mingarria” da EH Bilduko kideentzat.
Gernikan 1937an gertatutakoaren erantzuleak Franco eta faxismoa direla berretsi du: “Bonbardaketaren biktimentzat errekonozimendua eta memoria izan dira eskariak hamarkadetan herri honetan; bonbardaketa haren zauriek oraindik ere zabalik diraute. Frankismoak, eta Francok hil ostean ere, dena ondo lotuta utzi zuten, eta bera da hemen gertatutakoaren erantzule, eta bere oinordekoa da Felipe VII eta PPk eta VOXek osatzen duten bloke erreakzionarioa, gure eskubide eta askatasunak mehatxatzen dituena”. Horiek proiektu bera ordezkatzen dutela salatu du: “Batzuek PP eta VOX bereizi nahi dituzte, popularrak arduragabe zuritzen, baina atzo Valentzian gertatutakoak edota frankismoa kondenatzen ez duela Aznarrek egindako adierazpenek berriro ere erakusten dute euren artean ez dagoela inolako alderik”.

Ekidistantziak utzi eta bloke erreakzionarioa gelditu beharra dagoela eta horretarako bide eraginkorrena Euskal Errepublika eraikitzea dela azpimarratu du: “Bloke erreakzionarioaren aurrerakada gelditzea beharrezkoa da, eta Euskal Herria Bilduk hori lortzeko bide eraginkorrenarekiko bere konpromisoa berresten du gaur hemen: herritar aske eta berdinen Euskal Errepublika. Uste dugu, garai ilunenetara bueltatzearen mehatxua erakusten dutenen aurrean, ekidistantziak eta zuriketak ez daukatela lekurik”.
EH Bilduko kideek uste dute Alemaniako Errepublika Federaleko presidentearen “keinua norabide egokian emandako urratsa” dela, eta bonbardaketaren biktimekiko “gertutasun adierazpenak begi onez” ikusi dituzte.