Faxismoaren eta Espainiako erregearen kontrako oihuekin bete da Merkurio ingurua
Espainiako errege Felipe VII. eta Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Errepublika Federaleko presidenteak Gernika-Lumora gaur [azaroak 28] egindako bisitak oihartzun zabala eduki eta ikusmin handia piztu badu ere, Gernika-Lumon ez direla ondo etorriak adierazteko kalera atera dira herritarrak. Jendetza batu da Merkurio eta Artekale inguruetan, protesta egiteko.
Euskal Herria antifaxista dela aldarrikatu dute, eta ikurrinez gain, Errepublikako banderaren bat edo beste ere atera dute kalera. “Erregea kanpora” eta “faxistak kanpora” oihukatu dute, behin eta berriro. Zenbait tentsio une ere egon dira, ertzainen eta bertan bildutako gazte batzuen artean.
Zalloko hilerriko ekitaldi instituzionalean bildu direnak 13:45ak aldera iritsi dira Bakearen Museora, eta horien ibilgailuak pasatzean, ozen zabaldu dituzte aldarriak. Txistuez gain, Eusko Gudariak abestuz eta irrintzi artean hartu dituzte. Gainera, palestinarrak ere gogoan izan dituzte, Alemaniak Israelgo gobernua babestea gaitzetsiz; “boikot Israel, Palestina askatu” eta “sionistak kanpora” ozen oihukatu dute.