"Duela hogei urte ikasleen profila ez zen horren anitza"
Marimar Hernandez Bermeoko Berbalagunen dinamizatzailea da azkenengo hamabost urteetan, eta astero batzen diren taldeei beharrezko baliabideak eskaintzen dihardu geroztik. Egitasmoagaz bat egiteko zalantzaz daudenak "probatzera" animatu ditu.
Marimar Hernandez, Bermeoko Berbalaguneko dinamizatzaileaMarimar Hernandez 20 urte bete ditu Berbalagunek Bermeon. Ze behar antzeman zen martxan jartzeko?
Ikasgeletan euskara batua ikasten zela eta, zubi bat behar zela antzeman zen. Berbalagun tokian tokiko hitz egiteko modua ulertzeko da, eta sasoi horretan, ikastea oso akademikoa zen, ez oso praktikoa. Norberak aurkitu behar zuen hizkera ulertu eta kaleetara moldatzeko testuingurua.
Berbalagunen profila asko aldatu al da sorreraz geroztik?
Gaur egun, edonongo pertsonak datoz, baina duela hogei urte, ikasleen profila ez zen horren anitza. Beti rol bi batzen dira: praktikatzera datozenak eta laguntzaileak. Lehenago, laguntzaileak herriko euskaltzaleak ziren, gehienbat adinekoak; gaur egun, denetarik dago, euskaraz ondo moldatu baina inguru euskalduna aurkitu gura dutenak, esate baterako.
Zein da egungo ikasleen motibazio nagusia?
Gaur egun, ez da horrenbeste hizkuntza bera. Lehenago, taldeetan praktikatzera mugatzen ginen. Orain, zaletasunei lotutako taldeak ditugu, amigurumiak egiten hasi gara, eta talde horretan daudenak hori egitera datoz, edo dantza errazak egiten ditugunean, dantzatzera. Hutsune hori bete dugu, gutxienez ordubetez euskaraz bizitzeko aukera eskainiz.
Bermeotarren erantzuna ona izan al da beti?
Bai. Laguntza eskaintzeko prest izan dira beti, eta edozer antolatzen dugunean, harrera beti da ona. Gutariko batzuk urte asko daramatzagu honetan, eta kalean egoteak zilegitasuna ematen digu.
Berbalagunak herrian inplikatzen dira?
Bai, herriko bizitzan inplikatzen gara. Euskararen Egunez, adibidez, euskararen eguneko ospakizunekin bat egiten dugu, San Martin egunean ere bai… Berbalagunak ahalik eta gehien inplikatzen saiatzen gara.
Zure ustez, zergatik da garrantzitsua Berbalagun?
Euskara ikasi eta euskaraz moldatzen diren, baina oraindik euskaraz bizitzeko hasi ez diren horientzat euskaraz bizitzeko puntu bat delako. Edonor batu daiteke, edonoiz.
Zenbat talde daude egun?
Sei daude. Lau arruntak dira, ibiltzeko batzen direnak. Dantza errazak praktikatzeko taldea eguaztenetan 18:30etik 19:30era batzen da, kultur etxean, eta amiguramiak egitekoa, berriz, eguen iluntzeetan batzen da. Mendi taldea ere badago, baina ez da asterokoa. Urtarrilean talde berria sortzea espero dut, herri kirolak egiteko.