Bonbardaketako biktimen omenaldia "instituzio eta agintarien aurpegi zuriketarako" dela salatu du GKSk
Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentearen eta Felipe VI.a Espainiako erregearen bisita "protokolozko diplomazia ariketa" dela salatu du Busturialdeko Gazte Kontseilu Sozialistak gaur goizean, Merkatu plazan.
Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentearen eta Felipe VI.a Espainiako erregearen bisitaren kontrako mobilizazioak izan dira gaur goizean [azaroak 28], Gernika-Lumon. Busturialdeko Gazte Kontseilu Sozialistakoak Merkatu plazan batu dira, eta ofizialki 1937ko bonbardaketaren biktimak omentzeko den bisita Alemania eta Espainiako Gobernuen arteko “protokolozko diplomazia ariketa” dela salatu dute, agintariek Europaren “agenda gerrazalea babestu eta estatuen autoritarismoranzko joera indartzen” baitute. Horregatik, gaurko bisita “aurpegi zuriketa” legez deskribatu eta “gerra, miseria eta heriotza etengabe sustatzen” dutenak bakearen eta konponbidearen izenean “Gernikara etorri ezin direla” aldarrikatu dute.
Adierazi dutenez, Felipe Borboikoa “Gernikako bonbardaketa agindu eta urte luzez diktadura militarrez gobernatu zuen frankismoaren jarraipena” da. Gazte Kontseilu Sozialistakoentzat “78ko erregimena Frankismoaren egitura ekonomiko eta hainbat aginte egituren jarraipena” da, eta gogoratu dute Francok izendatu zuela Espainiako monarkia “bere oinordeko gisa”: “Gaur gaurkoz, Espainiako estatuko sektore erreakzionarioen erreferentzia eta sinbolo izaten jarraitzen du Borboi familiak. Argi izan behar dugu, 78ko erregimenak langileon zapalkuntza betikotzen duela eta autodeterminazio eskubidea ukatzen duela”, aldarrikatu dute.
Steinmeier berriz, “NATOren eta Israelgo estatu inperialitsta eta sionistaren babesle fidela” dela nabarmendu dute. Hala, “hiprokesia ariketa” gisa definitu dute Gernikan hildakoak gogoratu bitartean “palestinarren erailketa babestu eta finantzatzea”. Horrez gain, Alemania “Europaren beso armatua” den NATOren gidaritza hartzeko “hautagaitza nagusietako bat” dela azpimarratu dute.
Gaurkoa bezalako ekimenetan parte hartzen duten politikararien helburua salatu dute, instituzio eta agintarien “aurpegi zuriketarako” balio duela adieraziz. Izan ere, uste dute “memoria historikoaren izenean euren aurrekoek egindako krimenak erabili nahi dituztela munduan zehar pizten dituzten gerrak estaltzeko”. Espainiako errege eta Alemaniako presidenteaz gain, ekitaldian parte hartu duen Imanol Pradales Lehendakariaren helburua ere salatu dute, “bere alderdiak industria militarrean inbertitzea bultzatzeaz aparte, gerra eta faxismoaren aurkako militantzia kriminalizatzen duelako”.