340 ikasle, Busturialdeko orientazio jardunaldietan
Arlo zientifiko-teknikora bideratutako saioa Gernika-Lumon egin dute gaur [azaroak 27], 177 ikasleren parte hartzeagaz. Arlo artistiko-sozialari buruzkoa, berriz, Bermeon egingo dute, bihar [azaroak 28].
Ikasleak zientzia, teknologia eta arte arloetan orientatu eta trebatzera bideratutako jardunaldia, Gernika-Lumon.Bermeoko Udala Eskualdeko 340 ikasle inguru zientzia, teknologia eta arte arloetan orientatu eta trebatzera bideratutako jardunaldietan batuko dira egunotan. Bizkaia Gazteak Busturialdea 2025-2027 lankidetza-hitzarmaren barruan kokatzen den jardunaldiak Gernika-Lumon egin du geldialdia gaur [azaroak 27], arlo zientifiko-teknikoari eskainitako topaketagaz, eta Bermeon izango du jarraipena bihar, arlo artistiko-sozialari buruzko saioagaz.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morda, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietako udalek sinatutako hitzarmenak udalerriotako “gazteria arloko politika integrala ezarri, bultzatu eta garatzea” du xede, eta horren barruan sartzen dira gaurkoa bezalako ekimenak.

Argazkia: Bermeoko Udala
Busturialdeko Batxilergoko ikasleei Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentro ezagutu eta hainbat arlotan orientazioa jasotzeko aukera eskaintzen die jardunaldiek. Gaur, esaterako, 177 ikaslek Urduliz 42, EHU Ingeniaritza, EHU Zientzia eta Teknologien Fakultatea, Tartanga, Zabalburu Ikastetxea, Lea Artibai, Txorierri eta Zulaibar zentroak ezagutzeko aukera eduki dute. Bermeon, ostera, Kunsthal, Euskal Herriko Zine Eskola, EUNEIZ, Zabalburu Ikastetxea, Lea-Artibai eta Txorrieri zentroekin edozein zalantza argitzeko aukera izango dute 163 ikaslek.
Teknologia berriak.
Saioek “goraka” doazen teknologia berriak probatzeko aukera eskainiko die ikasleei, hala nola, errealitate birtuala, beso robotikoak eta adimen artifizialeko aplikazioak. Teknologia arloko adituen eskutik, ikasleek tresna horiek zentroek eskainitako programetan zein etorkizuneko lan-errealitatean nola integratzen diren ezagutuko dute.

Argazkia: Bermeoko Udala
Halaber, proiektuak eskualdeko DBH eta Batxilergoko ikasleen gurasoei zuzendutako orientazio jardunaldiak eskaintzea ere aurreikusten du, eta hpriek “2026ko urte hasierarako” aurreikusita daude. Azoka modura egingo dira jardunaldiok eta horietan, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako goi-mailako hezkuntza zentroek beraien eskaintza erakutsiko dute.