Sollube Gane Parke Eolikoaren proiektua bertan behera utzi du enpresak
Sollube Gane Parke Eolikoa eraiki nahi zuen Savanna Power Solar 19 SLU enpresak aurretiazko administrazio-baimena emateko prozeduran "amaitutzat ematea eta espedientea ixtea" eskatu dio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.
Sollube Gane Parke Eolikoa proiektua bertan behera gelditu da, hori aurrera eraman nahi zuen Savanna Power Solar 19 SLU enpresak atzera-egitea erabaki eta gero. Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, Grupo Arenako parte den enpresak “espendientea amaitutzat emateko” eskatu dio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Bizkaiko lurralde ordezkaritzari, eta erabaki horrekin “amaitutzat” jo da proiektuari aurretiazko administrazio-baimena emateko prozedura.
2023ko urriaren 25ean RWE Renewables Proyecto Renovable 2 SL enpresak Bermeo, Busturia, Arrieta eta Meñakako udal-mugarteetan Sollube Gane Parke Eolikoa egiteko aurretiazko administrazio-baimena eskatu ostean, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Bizkaiko lurralde ordezkariak Savanna Power Solar 19k aurkeztutako aurreproiektua hautatu zuen. Informazioa Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzeagaz batera, SOS Sollube elkartea informazioa zabaldu eta hori geldiarazteko asmoz lanean hasi zen.
Elkarteak azken hilabeetan proiektuaren kontrako 3.314 sinadura bildu eta gero, azaroaren 12an Eusko Jaurlaritzako Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu zituen, Ingeotyc eta Araudik egindako txosten teknikoagaz batera. Proiektuak aurrera jarraituko ez duela jakitean, pozik agertu dira SOS Sollubetik. “Herriak irabazi” duela nabarmendu dute, eta euren aldarrikapen eta eskariekin bat egin duten denei eskerrak eman dizkiete.
Bermeoko Udalak, Bermeoko EH Bilduk, Bermeoko EAJk eta eskualdeko beste hainbat elkarte eta plataformak ere alegazioak aurkeztu zizkioten proiektuari. Egitasmoa etenda, udalaren parte den Guzan Bermeotik SOS Sollubek egindako lana eskertu du.
Hala ere, Sollube Gane Parke Eolikoaren espedientea ixtea ebatzi arren, beroren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu daitekeela azpimarratu du Jaurlaritzak. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Deskarbonizazio zuzendariari errekurtsook aurkezteko epea hilabetekoa da.