Elkar ezagutza, euskaratik eta euskaraz
TindEHEr egitasmoaren lehen zita asteburuan gauzatu da, hirukote batekin. Artia Gazte Asanblada, Berriozar eta Piztu Lezo taldeak Gautegiz Arteagan elkartu dira, elkarrekin osotutako egitarauaz gozatzeko. Taldea hartzailea "harro" agertu da asteburuak utzitakoagaz.
Argazkia: Artia Gazte Asanblada Pertsonak elkar ezagutu, eta gauzak bikoteak bilakatzeko hamaika bide existitzen dira gaur egun. Horietako asko modu tradizionalenetatik urrun kokatzen dira, esaterako modan dauden mugikorrerako aplikazioak. Ohiko sare sozialetatik haratago, baina, ez dira asko maitemintzeko asmo edo nahirik gabe, hango eta hemengo gazteak saretzea xedetzat duten ekimenak, are gutxiago, euskaraz. Bi ezaugarri horiek batu ditu Euskal Herrian Euskarazek, gazteria euskaldunarengan kontzientzia linguistikoa piztu eta lurralde ezberdinen arteko harremanak sustatzeko TindEHEr egitasmoagaz.
Gazte-taldeen senidetzea helburu duen ekimena errealitate bihurtu da asteburuan, gaztetxe, gazte asanblada eta gazte mugimenduen arteko lehen ‘matx-ak’ zita batean batu baitziren, Gautegiz Arteagan. Artia Gazte Asanblari egokitu zitzaion hartzaile rola, eta bertara hurbildu ziren Berriozar eta Piztu Lezo taldeak. Denetara “jende nahiko” elkartu da bertan: Lezoko hogei bat lagun, Berriozarreko beste horrenbeste, eta Gautegiz Arteagako hamar bat: “Gu gutxiago izan gara, baina egia da hiruretatik herri txikiena ere bagarela”, adierazi dute Artiakoek.
Elkarlanean asteburu osoko egitaraua atondu zuten taldeek, eta “oso ondo” joan da. Izan ere, Gautegiz-Arteagako Udalak kultur etxean lo egiteko eta otorduetan frontoia erabiltzeko baimena eman zien, eta bertan igaro dute asteburua. Frontoiko dutxak obretan daudela eta, dutxatzeko alternatiba bilatu behar izan zuten: “Edorta Unamunok Urdaibai Bird Centerrekoak erabiltzen utzi digu eta, bide batez, bisitak egin dizkigu. Xelebrea izan da”.
Udalekuan bezala.
Barikuan poteoan batu ostean elkar ezagutzeko jolasak egin zituzten gazteek, eta hasieran talde bakoitza bere aldetik ibili bazen ere, konfiantza hartzen joan ahala nahasiz joan ziren: “Udaleku baten antzekoa izan da; udalekua eta herriko jaien arteko nahasketa modukoa”. Egitaraua bere osotasunean aurrera eraman ahal izan dute, eguraldiak bertan behera uztea ekarri zuen mural margoketa salbu.
Talde-lana izan da TindEHErreko lehen egitaraua aurrera eramateko gakoa, baina etxean jokatzen zutela eta, gautegiz-arteagarrek beraiengan hartu behar izan dituzte bestelako lan batzuk, hala nola, erosketak, lo egiteko lekua bilatzea, logistika, garbiketa, harrera… “Pozik geratu gara, lana suposatu du baina merezi izan du”. Izan ere, zapatuan Gazteak eta euskara: gazte asanblada/gaztetxe bakoitzaren errealitatea eta borroka lokalak mahai-inguruan batuta hasi zuten eguna, eta Intza Gurrutxagak (Euskal Herrian Euskaraz) eta Leiore Morenok (Etxalak) eskainitako Euskararen egoera eta gazteriaren inguruan asumitu diren mitoak hitzaldiagaz segitu zuten: “Hitzaldia ematea EHEri eskatu genion, eta eskaini zizkiguten aukera ezberdinen artean aukeratu genuen”. Horrez gain, udalerriko ondare natural eta historikoa azaltzeko ibilaldia ere egin zuten eta “polito” joan zen: “Zorte handia izan dugu, eguraldi ona egin digulako”.
Artia Gazte Asanbladatik balorazio “oso positiboa” egin dute, egitarauan bildutakoaz gain, parrandarako ere tartea eduki dutela adierazteagaz batera: “Goizaldeko laurak arteko baimena eman ziguten eta ordura arte egon ginen. Pozik geratu gara”.
Errealitate ezberdinak ezagutzeko.
TindEHEr moduko ekimenak “motibagarriak” dira gautegiz-arteagarrentzat, ondo pasatzen dutelako eta “beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera” ematen dielako: “Gazte antolakuntzari eta euskarari buruz hausnartzeko aukera ematen dute, eta guk formakuntza legez ere jaso dugu”.
Izan ere, gazte asanbladakoek Gautegiz Arteagan eragiten dute gehienetan, eta antolatzen dituzten ekintzak “herrian eta herriarentzat” izaten dira: “Gure helburua burua altxatu eta errealitate ezberdinak ezagutzea da: jende ezberdina, errealitate linguistiko ezberdinak, herri handiagoak, herri erdaldunak, Berriozar bezala, herri euskaldunak direnak baina jendeak beraien artean gazteleraz hitz egiten duten herriak…”. Asteburuak, gainera, adin ezberdinenetako jendeagaz batzeko aukera eman die hiru taldeetako kideei. Izan ere, Berriozarretik etorritako gehienak 18 urte inguru zituzten; Lezokoak, ostera, 28 urte ingurukoak ziren eta Gautegiz Arteagarrak, tartekoak: “Ezberdintasunen gainetik, oso ondo pasatu dugu”.
Domekan talde argazkia aterata, “hurrengora arte” batekin agurtu ziren hiru taldeak. Gaur gaurkoz ez dakite bigarren zita bat izateko aukera edukiko duten, egitasmoa TindEHErrek koordinatzen baitu. Momentuz urtarrilera arte iraungo duten topaketak antolatu dituzte, eta oatean egingo du talde antolatzaileak balorazio orokorra. Orduan jakingo da bigarren itzulia egongo den edo ez. Artia Gazte Asanbladatik baiezkoa izatea espero dute: “Elkar ezagutzen jarraitzeko gogoarekin geratu gara, eta beste buelta bat egongo dela espero eta uste dugu”.
Artiatik “harro” agertu dira asteburuak utzitakoagaz, eta “horren asanblada txikiak horren herri txikian” TindEHEr moduko ekimen bat hartu izanagaz: “Guretzat baliagarria izan da eta uste dugu herriari haize fresko apur bat ekarri diola, batez ere bertako gazte eta nerabei gauza berri eta ezberdina ekarri ahal izan diogulako”.
Hala, gazteek aisialdia eta lanketa euskaltzalea uztartuko dituen ekintzak antolatzen jarraitzen jarraitu gura dute, gazteria euskaldunaren sarea handitzen segitu asmoz.