Indarkeria matxistaren datuek goranzko joerarekin jarraitzen dute Bermeon
Datuen joera goranzkoa bada ere, Arantza Ormaza Berdintasun zinegotziaren ustetan Bermeon "bide onetik" doaz; izan ere, laguntza baliabide espezializatuetara jotzen duten emakumeak "gero eta gehiago" dira.
Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna [azaroak 25] dela eta, Bermeoko Udalak herriko urteko lehen sei hilabeetako indarkeria matxistaren datuak jakinarazi ditu. Argitaratu dituzten datuek —udalak eta Bizkaiako Indarkeria Matxistaren Behatokiak jasotakoak— emakumeenganako indarkeriak “goranzko joerarekin” jarraitzen duela adierazten dute.
Urteko lehen sei hilabetetako datuak 2024. urteko datuekin alderatu ditu udalak, joera adierazi asmoz: hamazortzi izan dira aurten, ekainera bitartean, Bermeoko Gizarte Zerbitzuek artatu dituzten emakumeak, iaz baino 8 gutxiago. Ertzaintzaren aktuazioak, berriz, 47 izan dira (2024an, 54). Ospitalean eta lehen arretan artatutako emakumeak, ostera, hamazortzi izan dira, 2024ko zifra berbera. Azkenik, zazpi emakumek erabili dute udaleko aholkularitza juridikoa, iaz baino sei gutxiagoak.
Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun zinegotziaren ustetan goranzko joeraren arrazoia mugimendu feminista zein erakundeek egindako “urteetako lanaren” ondorioz emakumeek indarkeria egoerak antzeman eta neurriak hartzeko tresnak eskuratu izanagaz adierazita egon daiteke. Halere, arrazoaiak “ezberdinak” izan daitezkeela aitortu du: “Arrazoibide nagusiak izan daitezke, halaber, detektatze goiztiarraren hobekuntza, laguntza bide berrien ezagutza handiagoa, sentsibilizazio sozial handiagoa, pandemiaren osteko errealitate sozial eta arreta-sarea sendotzea. Bestetik, indarkeria matxistaren gorakada adierazi dezake baita ere”.
Lehen mailako arazoa.
Datuen aurrean, indarkeria matxista lehen mailako arazo soziala eta giza eskubideen urraketa larria dela gogoratu du udalak, indarkeria jasaten duten emakumeen “duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa” baita. Modu berean, indarkeria matxista kasuak “ez direla gertaera isolatuak” azaldu dute: “Sistema patriarkal sendo baten ondorio dira. Balio eta jokabide jakin batzuen babesean sortzen dira, hain zuzen ere, sexu-generoa sistemaren egiturazko desparekotasunean dute jatorria”.
Ormazaren ustetan, sistema horrek gizarte “bitar eta patriarkalari” eusten dio: “Botere-harreman sakonek markatuta, eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan”.
Testuinguru horretan, udalak “erabat gaitzesten” du edozein indarkeria matxista mota, “bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde” baitaude. Horregatik, “arreta juridiko eta sozial egonkorrak eta koordinazio egokia” mantenduz, indarkeria matxistaren aurkako erantzun instituzional “sendori” eusten diola azpimarratu dute udaletik. Hala, herritar guztien “berdintasun osoa” ahalbidetuko duten politika feministak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Sustatu gura dituzten neurrien artean daude, esaterako, puntu seguruen sare komunitario zabaltzeko, adin eta arlo guztietako herritarrekin prebentzio eta formazio lanekin jarraitzea edota 2026. urterako aurreikusita duten udal eraikinetan indarkeria matxista kasuak detektatzean jarduteko protokoloa egitea.
“Ateak zabalik”.
Nahiz eta indarkeria matxistaren datuek goranzko joera adierazi, zinegotziak Bermeon “bide onetik” doazela uste du; izan ere, laguntza baliabideetara jotzen duten emakumeak “gero eta gehiago” dira eta hori “zoriontzekoa” dela deritzo. Horregatik, baliabide espezializatuetara jo duten emakumeen konfiantza eskertu du: “Horiei guztiei esan gura diegu ez daudela bakarrik, ez zaiela eurei bakarrik gertatzen, eta egoera edozein izanfa ere, ateak zabalik izango dituztela”.
Udalak indarkeria matxistaren aurka “buru belarri jardun daitezela” eskatu die bermeotarrei, helburu “berdintasunezko Bermeo bat” eraikitzea baita: “Indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura da”.