Espainiako erregeak Gernikan "lekurik ez duela" aldarrikatuko dute
Felipe VI.ak 1937ko bonbardaketaren biktimak omentzeko ekitaldian parte hartuko du barikuan [azaroak 28], Gernikan; horren aurrean, Ernai Gernikak mobilizazioa deitu du etzi [azaroak 27], 19:30etan, Merkurion, 'Erregea Gernikatik kanpora' lelopean.
Gernika-Lumok 1937ko bonbardaketaren biktimak omentzeko ekitaldia hartuko du barikuan [azaroak 28], eta bertan izango dira, besteak beste, Imanol Pradales Lehendakaria, Gernika-Lumoko Udaleko ordezkariak, Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Presidentea eta Felipe VI.a, Espainiako erregea. Azken horren etorreragaz desados, Ernai Gernikatik mobilizazioa deitu dute etzi [azaroak 27], 19:30ean, Merkurion, Erregea Gernikatik kanpora lelopean- Gazte independentistek erregeak “Euskal Herrian, eta are gutxiago Gernikan lekurik ez daukala” aldarrikatko dute.
Francisco Franco diktadorearen heriotzatik 50 urte bete direnean, hark dena “ondo lotuta” utzi zuela salatu dute Ernai Gernikatik, orduan “ez zelako frankismoarekin hautsi”, ezta Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea aitortu. Era berean, Espainiako Erregea 78ko Erregimenaren “zutabe nagusia” dela aldarrikatu dute, euskaldunen “nazio-eskubideak ukatzen” dituelako: “Felipe VI.a ere, aita bezala, Francoren oinordekoa da”. Juan Carlos Borboikoa ere gogoan izan dute Ernaiko kideek, duela 45 urte Gernikako Batzar Etxera bertaratu zenean Herri Batasunako kideek ukabilak altxatuta eta Eusko Gudariak abestuz hartu zutela gogoratzeko.
“Franskismoaren ondarearekin haustea”.
Ernaitik memoria antifaxista dutela azpimarratu dute, erregeak ordezkatzen duen erregimena “ondo ezagutzen” dutela zehaztuta: “Euskal Herrira dator erregea, nora eta Gernikara; erregimen frankistaren aginduz naziek bonbardatu zuten herrira”. Deitzaileek argi dute eskuin erreakzionarioa gelditzeko modu bakarra “frankismoaren ondarearekin haustea” dela, eta horregatik, Felipe VI. “ez dela ongi etorria” aldarrikatuko dute Gernikako kaleetan zehar: “Gu antifaxistak gara, eta Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzen dugu, independentzia. Memoria antifaxista dugulako, gazteok kalera!”.