A25: gorputz eta herri askeen alde borrokatzen segitzeko oihua kalean da
Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna da gaurkoa (azaroaren 25a), eta biolentzia matxista salatu dute han eta hemengo elkarretaratze eta mobilizazioetan. Sare feministek salatu dute gizon zuriek agintzen duten sistemak "emakumeen gorputzen eta herrien azpiratze eta kontrola" bilatzen dutela. Eta, Itaiak Estatu Sozialistaren eraikuntzan ekarpena egingo duen "alternatiba politikoa garatzean" jarri du arreta.
Sei emakume erail dituzte aurten Euskal Herrian. Hori da biolentziaren alderik gordinena, ikusgarriena, zenbagarriena. Baina ez bakarra. Izan ere, emakumearen kontrako indarkeriaren 5.975 delitu erregistratu ditu Ertzaintzak 2025eko urtarriletik urrira bitartean, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Eta, delitu horien biktima izan diren 4.810 emakume zenbatu ditu; iazko aldi berari erreparatuta %0,86koa izan da igoera. Baina, zelan zenba daitezke emakumeek “egunero-egunero” pairatzen dituzte irainak, gutxiesteak, jipoiak, jazarpenak edota bortxaketak?
Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna da gaurkoa (azaroaren 25a), eta emakumeen kontrako indarkeria gizarte osoaren arazoa dela adierazi dute han eta hemen egin dituzten elkarretaratze, mobilizazio zein ekintzetan.Ā

Asko izan dira euren udaletxeen aurrean elkartu diren bizilagunak, emakumeen aurkako indarkeria salatu dutenak; tartean, Busturian, Ean, Ibarrangelun, Sukarrietan eta Nabarnizen bildu dira, baita Mendexan ere.
Bermeon, ekitaldi instituzionala egin dute eguerdian, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka daudela azpimarratzeko, eta bizitza “aske, seguru eta burujabeak” eraikitzeko aldarria zabaltzeko. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak indarkeria matxista “lehenengo mailako arazoa” dela nabarmendu du: “Bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan, eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora”.
Horri aurre egiteko komunitateen garrantzia aipatu du, beste pertsona batzuekin “konektatzeko, babes-loturak garatzeko eta narratiba komunak sortzeko” ahalmena dutela iritzita: “Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko. Auzotarrak, taldeak eta kuadrillak indarkeria matxistaren aurrean erne egon behar dira, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko dituen bizitza komunitarioa bultzatu behar dugu. Era berean, indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu”.

Eta, Gernika-Lumon, LABek udalean berdintasun arloan dauen gabezia nagusiak nabarmendu ditu: berdintasun teknikaririk, erasoen kontrako protokolorik eta barne berdintasun planik eza, alegia. “Benetako neurrien” alde lanean jarraitzeko hautua berretsi dute sindikatuko beharginek.
Aldarriak kalera.
Beste askok bat egin dute sare feministek zein emakumeen taldeek deitutako mobilizazioekin. Bermeon, goizean bakarrik ez, arratsaldean ere kalera atera dira herritarrak Bermeoko Mugimendu Feministaren deiari erantzunez. Elkarretaratzea azken urtean indarkeria matxista “latz eta bortitzaren” biktima izan direnak “maitasun osoz” gogoratuz hasi dute, 2024ko azaroaren 25az geroztik erailak izan diren sei emakumeei aipamen berezia eginez: “Ez zaudete bakarrik. Besarkada erraldoi bat familia eta lagunei”.Ā
Euskal Herriko Mugimendu Feministak zabaldutako bideari jarraiki, Bermeon ere egunerokotasunean ikusten diren indarkeria matxista motak babesten dituzten egitura eta konplizitate sareak salatu dituzte, emakume, trans eta bollerek jasaten duten indarkeria “ez dela kasualitatea” zehaztuz: “Sistema kapitalista, zisheteropatriarkal, arrazista eta kolonialak, modu guztietako egitura eta mekanismoak ditu martxan gure gorputz eta lurraldeetan indarkeria normalitzatzeko, eta horrela, sistema hori finkatzeko”.Ā
ĀĀĀĀĀVer esta publicación en InstagramĀĀĀĀĀĀĀĀĀĀĀ
Ematen duten pauso bakoitzeko eraso berri bat martxan jartzen dela azaldu dute feministek, gaur egun eskuineko zein ezkerreko sektore erreakzionarioengandik datozen “eraso etengabeen artean” daudela nabarmendu eta gorrotoz beteriko eta feminismoaren kontrako mezuak “inpunitate osoz” zabaltzen ari direla salatzeagaz batera: “Azken aldian, Euskal Herriko hainbat txokotan, erasoak publikoki salatzera irten garenean ere, boikoteatu eta gutxietsi egin gaituzte, gure ekintza eta aldarriak ezereztatu nahian”. Ekintza horiek gauzatzen dituztenak konplizitate eta anaidiek lagundutako “inguruan ditugun gizonak” direla argitu dute, eta “ez pertsona abstraktuak”.Ā

Azken asteetan kaleratutako indarkeria matxistaren datuekin kezkatuta agertu dira Bermeoko Mugimendu Feministatik, argi uzten baitute gizartean “arazo larria” dagoela. Horregatik, erakundeenĀ arteanĀ āepaitegi, polizia-etxe, osasun-zentro…ā dagoen “koordinazio eza handia” dela azpimarratu dute, hori indarkeria instituzionala dela zehaztuz: “Indarkeria instituzionala gertatzen da emakumeĀ bat erakundeetara joaten denean eta utzikeria nagusi denean edota bere giza eskubideak oztopatzen direnean”.Ā
Halaber, emakumeek pairatzen dituzten eraso mota guztiak modu zehatzean identifikatzkeo tresnak falta direla ondorioztatu dute feministek, gehienak “isilarazita” daudela salatuz. “Emakumeok jasaten dugun biolentzia bikarioa, ekonomikoa, psikologikoa, digitala, obstetrikoa, soziala, lanekoa, instituzionala… Non daude horiek guztiek jasota?” galdegin dute.Ā

Feministek ozen helarazi die feminismoaren eta indarkeria matxistaren aurkako diskurtsoak gorrotozko zein arrazakeriazko mezuak zabaltzeko erabiltzen dituztenei, mugimendu feminista antiarrazista dela, eta mezu horien aurrean antolatuta egongo direla. “Era berean, sistema arrazista eta kolonialista normaltzat hartzen jarraitu nahi duten egitura eta legeak salatzen jarraituko dugu”, aldarrikatu dute.Ā
Bermeo zein Euskal Herriko emakumeei “erresistentzia feministarako deia” luzatu die, antolatzen eta kaleak hartzen jarraitzeko gonbitea eginez: “Segi dezagun autodefentsa feminista aldarrikatzen. Erantzun diezaiogun indarkeria hau mantentzen duten konplizitate sareei!”.Ā
Mugimendu Feministak, halaber, elkartasuna eta babesa adierazi dizkio Palestinako herriari eta bertako feministei, eta gobernuak Israelekin dituen harremanak etetea exijitu dute: “Israeli boikot egiteko deia zabaltzen dugu. Aurrera Palestina!”
Gernika-Lumoko Sare Feministak deituta, beste urte batez, kaleak hartu dituzte biolentzia matxista salatzeko. Eta zenbait galdera plazaratu dituzte: “Zelan neurtu daitezke mobilizazio feministetan parte hartzen duten eta bortxatu gaituzten sasi-aliatu horiek? Zelan ikusarazi dezakegu gure bikotekide ohiaren aldetik jasaten dugun jazarpen psikologikoa? Ze dezibeliotan egin behar dugu garrasi ukabilkada bat jasotzen dugun bakoitzean? Zelan sentiarazi dezakegu beldurraren hotzikara? Eta gure identitatea ukatzen duten horiekin, zer egin? Zer egin herri zapaldu baten seme-alabak garenean eta bortxatzailea estatu bat denean? Zer zentzu daukate zenbakiek telebisatutako genozidio baten aurrean?”.
Ondorioz, patriarkatuak “kolonialismoaren eta kapitalismoaren logika eta oinarri berberak” dituela adierazi dute: “biolentzia eta menderatzea”. Hala, salatu dute gizon zuriek agintzen duten sistemak “emakumeen gorputzen eta herrien azpiratze eta kontrola” bilatzen dutela, zapalkuntzen sistema betikotuz: “Ez dira garai samurrak bizitzen ari garenak. Olatu erreakzionarioa eta antifeminista altxatu da mundu osoan zehar, faxistek karetak kendu dituzte eta aurrez aurre datozkigu”. Feministek gehitu dute ez dela kasualitatea “faxismoak feminismoa jo-puntuan” jarri izana, feminismoa gorputz eta herri askeen alde borrokatzea baita, eta “inongo zapalkuntzarik gabeko giza-harremanak ditu helburu: “Gainera, feminismoak gorputzen zein herrien autodeterminazioaren alde borrokatzen du”.

Hala, Trump, Netanyahu eta Von der Leyen seinalatu dituzte, munduaren orden berri bat ezartzen ari direla esanez, eta horren kalte ordaina “pertsona arrazializatuek, emakumeek, transek, bollerek, langile klaseak, eta herriek sufrituko” dutela gehituz. Izan ere, Palestinaren kasua plazaratu dute, horren adibide gisa: “Palestinar herria sufritzen ari den genozidioa geratu beharrean, Estatu Batuak eta Europar Batasuna armen komertzioan ari dira estatu sionistarekin”. Are gehiago, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak “Bake plana” diseinatu eta onartu duela salatu dute feministek, Palestinarekin kontatu barik, eta sarraskia indarrean dagoen bitartean. Gainera, uste dute “Bake plana” deitu beharrean “Negozio plana” deitu beharko litzatekeela: “Inolako lotsarik barik, estatu sionista, genozidioa zuritzeko asmoz, terrorismoaren marketina egiten segitzen du nazioartean, bere ordezkariak lehiaketa guztietara bidaliz”.
Hala, horren aurka ere mobilizatu dira gaurkoan, ze, gaur, Lointeken aurka udalerrian jokatzekoa zen Elitzur Ramla talde israeldarra: “Ez da bidezkoa estatu genozida batek nazioarteko ezein txapelketetan jokatzea eta onartezina da gure herria palestinarren odolez zikindu nahi izatea. Memoria daukan herria gara eta faxismoaren aurka borrokatuko dugu beti. Partidak Bulgariara eroan badituzte ere, argi esan behar dugu: Genozidioaren zuriketarik ez. Ez Gernikan, ez inon!”.

Garai “zailak” direla jakitun, biolentzia guztiaren aurrean badagoela alternatiba uste dute feministek, eta mundu hobe baten alde borrokatu behar dela diote: “Gu feminismotik ari gara sistema kriminal hau eraisten eta gurekin batzera animatzen zituztegu. Biolentziarik gabeko bizitzak nahi ditugulako, batu borroka feministara”.
Indarkeria matxistaren aurkako borroka.
Itaiakoek esan dute “hamaika arrazoi” dituztela gaur kalera ateratzeko, baita urte osoan indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko ere: “Gure aurkako indarkeriak emakume langileon errealitate gordina izaten jarraitzen du: IruƱako talde bortxaketa, Zarauzko erailketa matxista, Angeluko erailketa saiakera, eta Euskal Herriko txoko ezberdinetan izandako eraso matxistak adibide”. Baina, horiez aparte, badaudela “isilpeko eta ezkutuko erasoak” gehitu dute, “inpunitate osoz gauzatzen dituztenak eta erasotuak eraso horiek salatzeko ezintasun handiak dituztenak”.
Esan dutenez, euren egunerokotasunean bizi dute indarkeria matxista emakume langileek: “Konnotazio sexualeko mezuak, ukituak, bortxaketak, baita erailketak ere. Gainera, sare sozialek eraso horiek areagotzea eta normalizatzea eragin du, batez ere gazte sektoreetan”. Bitartean, emakumeak direla “estigmatizatuak” eta “baztertuak” izaten segitzen dutenak uste dute: “Polizia etxeetan jazartuak gara, epaiketa amaigabeak jasaten ditugu, laguntza ekonomikoak eta psikologikoak ez dira nahikoa eta berandu heltzen dira eta gu gara babes neurriekin itota eta intimitaterik habe bizi behar dugunak”.
Eta, hori gertatu bitartean, salatu dute eskuineko zein ultraeskuineko alderdi eta eragileak ideia atzerakoiak normalizatzeko interbentzio ideologiko-politikoa egiten ari direla. “Indarkeria matxista asmakizun ideologia dela defendatzen edota emakumeok exajeratu batzuk garela argudiatzen dute”, esan dute. Gainera, emakume langileen aurkako “neurri zuzenak” hartzen direla ere salatu dute, “abortuaren aurkako jarrerak hauspotuz edo indarkeria matxistaren aurkako legearen kontrako diskurtsoak zabalduz”, esaterako. “Emakumeok bizi dugun indarkeriak ez die axola, programa arrazista, klasista eta espainolista indartzea da beraien helburu bakarra”, azaldu dute.

Hala, “egoera jasangaitz” horretan, diotenez, alderdi politiko zein instituzionalek “ez dute indarkeria matxistarekin amaitzeko bidoerririk” mahaigaineratu nahi. Eta, gehitu dutenez, feminismoaren baitako zenbait sektorek indarkeria matxistari aurre egiteko proposamena “estatu egitura kapitalistaren baitan” kokatu dute. “Baina azken urteetako politigintza instituzionalak agerian utzi du matxismoaren kontrako proposamen elektoralak indarkeriaren kudeaketa hutsera mugatu direla, egiturazko arazo sozialarekin amaitzeko borondate eta aukera guztiak alboratuta”.
Hala, indarkeria matxistarekin amaitzeak “langile klaseko kolektibo ezberdinen zapalkuntzak indartzen” dituen gizarte ereduarekin amaitzea esan nahi duela azpimarratu dute Itaiakoek. Horregatik, Estatu Sozialistaren eraikuntzan ekarpena egingo duen “alternatiba politikoa garatzea” da euren hautua. “Eta norabide horretan lan egin behar dugu: eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzungo duen indar politikoa eraiki behar dugu; erasotuak izan diren emakumeak beren bizitzekin aurrera egiteko kalitatezko baldintzak borrokatu behar ditugu eta kultura matxista sustatzetik milioika irabazi eskuratzen dituzten industriei eta enpresariei aurre egin behar diegu. Modu horretan, gizarte mailan matxismoaren aurkako euste horma indartsu bat sortu eta ahalik eta emakume gehien lan politikora eta antolakuntzara batzea da helburua”.