Herritarrei Gabonak zoriontzeko postal eta olerkien bila
Gabonak gaiari erantzunez sortu beharko dituzte bai postalak, bai olerkiak forutarrek aurten. Lanak udaletxean zein kultur etxean aurkeztu ahal dira, abenduaren 8a bitartean.
Gabonak eta horrekin batera urte amaiera gero eta gertuago dagoen honetan, udalerriak 2026ko egutegiak prestatu eta herritarren parte hartzea sustatzeko argazki lehiaketak jarri dituzte martxan. Bide hori hartu duen udalerrietako bat Forua da, baina argazki lehiaketa bakarrik ez, ohi legez, gabonetako postal eta olerki lehiaketa ere antolatu dute. Iragarri dutenez, lanak herritarrak zoriontzeko erabiliko dira.
Aurreko urteetan bezala, parte hartu gura dutenek Gabonak gaiari erantzunez sortu beharko dituzte bai postalak, bai olerkiak. Forutarrek baina, ez dituzte nahitaez biak aurkeztu beharko, Foruko Udalak kategoria ezberdinak sortu dituelako: 3-5 urte bitartekoak (postala), 6-12 urte bitartekoak (postala), 12 urtetik gorakoak (postala) eta 13 urtetik gorakoak (olerkia). Hala, herritarrak sormena landu eta Gabon giroan sartu beharko dira, abenduaren 8a [astelehena] baino lehen. Izan ere, egun hori izango da udaletxean (goizez) eta J.M. Torrealdai Kultur Etxean (arratsaldez) lanak aurkezteko azken eguna.
Postal eta olerki onenak abenduaren 12an [barikua] ezagutuko dira, eta udaletik jakinarazi dutenez, parte hartu dutenentzat sariak eta zozketak egongo dira.