Gernika BHIn ikasle zela jazarpen homofoboa jasan zuela salatu du gazte batek, sare sozialetan
Gernika BHIk eraso oro irmoki gaitzetsi du, eta "errespetua" helarazi dio gazteari. Gernika-Lumak, aldiz, jazarpenari aurrea hartzeko "politika berrikustea eta indartzea" eskatu du, "sexu eta genero aniztasunaren ikuspegitik".
Gernika BHIn ikasle zela jazarpen homofoboa jasan zuela salatu du gazte batek azken egunetan, sare sozialetan. Bideo horietan agertzen denez, ikastetxean eman zituen bi urteetan jazarpen egoerak jasan zituen, eta haren arabera, institutuak ez zuen gertakari horien aurrean ezer egin. “Lehen aldiz hitz egiten dut publikoki honi buruz: korridoreetan irainak jaso nituen, iseka etengabeak, eta armairutik indarrez ateratzeko eta ni iraintzeko instagrameko kontu faltsu bat ere sortu zuten”, adierazi du.
Hori partekatzea “beharrezkoa” ikusi du, bere momentuan bakarrik egin behar izan zuen prozesua izan baitzen: “Sinestezina izan da ikustea nola hainbeste pertsonak beren istorioak partekatzeko kemena aurkitu duten. Badakit zein zaila den gai honi buruz hitz egitea, badakit isiltasunak zelako pisua duen, eta badakit ez naizela izan zentro horretan hori jasan duen bakarra”.
Horren aurrean, ikasle oihak aipatutako eraso eta eskubide urraketek eragin dioten sufrimendu eta ondoezaren aurrean, institutuak “errespetua” adierazi dio. Eta, egungo zuzendaritza taldeak jakitera eman du ikastetxeko erregistroen eta eskuragarri dagoen informazioaren arabera orduko zuzendaritza taldeak “ez zuela inolako komunikaziorik jaso”. “Ez zen ikasle horren edota bere familiaren jakinarazpenik jaso, ezta eskola komunitatearen partetik ere. Institutuak bideoak sare sozialetan berriki argitaratu direlako bakarrik izan du egoera horien berri”, esan dute. Eta, nabarmendu dute ikastetxeak jazarpen kasu bati buruzko “informazioa jasotzen duen guztietan neurriak hartzen” dituela, “ezarritako protokoloei jarraituz eta horretarako aproposak izan daitezkeen neurriak hartuz”. Horrez aparte, institutuak “ezinbestekotzat” jo du hezkidetzan lan egiten jarraitzea: “Errespetua, berdintasuna, enpatia eta ikasle guztien arteko bizikidetza positiboa sustatzeko. Izan ere, Gernika BHIk eraso oro irmoki gaitzesten du, eta gune segurua izan dadin lanean jarraitzen dugu”.
Institutuaren jakinarazpenaren aurrean, ikasle ohiak gehitu du irakasle eta ikasle askok baieztatu dutela berak bizitakoa: “Bitxia da hori salatu eta lau urtera zerbait egitea orain. Birala egin izan ez banintz, ahaztuta geratuko nintzen”.
Gernika-Luma plataformakoek “kezkaz eta tristura handiz” entzun dute gaztearen testigantza, eta, urteetan isilik egon ostean jendaurrean partekatu duen esperientziak “agerian uzten dutela” kolektibo gisa ondo ezagutzen duten zerbait diote: “Beldurra, lotsa eta isolamendua, gaur egun ere LGTBQ+ kolektiboko pertsona askoren bidelagun dira seguruak izan beharko luketen espazioetan, batez ere ikastetxeetan”.
Eta, gertatutakoa ikastetxeko barne erregistroetan jasota ez badago ere, horrek ez duela bere erantzukizunetik salbuesten uste dute kolektiboko kideek: “Argi utzi nahi dugu salaketa formalik ez egoteak ez duela hezkuntza erakunderen bat salbuesten perbentzioaren, detekzio goiztiarraren eta babesaren arloan duen erantzukizunetik. Inguruena nor zaren adierazteko segurua ez denean, beldurrak geldiarazten zaituenean, kanal fidagarririk ez dagoenean, isiltasuna ezin da interpretatu arazoaren existentziarik eza bezala, baizik eta arazoaren ondorio zuzen gisa”.
Neurriak.
Hori dela eta, Gernika-Lumak —udalerriko LGTBQ+ kolektiboa den aldetik— dio prebentzioa “betebeharra” dela, eta ez errekazioa: “Protokoloak ezagunak, eskuragarriak, aplikatuak eta baluatuak badira bakarrik balio dute”. Ikasleen segurtasuna “ezin dela salaketa jartzeko gaitasunaren araberakoa izan” adierazi dute Gernika-Lumakoek, “karga ezin zaiola inoiz ezarri sufritzen duenari”.
Hori dela eta, “benetako aldaketak” behar direla uste dute. Horregatik eskatu dute jazarpenari aurrea hartzeko “politika berrikustea eta indartzea”, sexu eta genero aniztasunaren ikuspegitik. Ikastetxeetako irakasle eta langileentzako “derrigorrezko prestakuntza bermatzea” ere ezinbestekoa dela uste dute, baita laguntza eskatzeko isilpeko kanal seguruak izatea ere: “Eskatzen dugu sufritu dutenei entzutea eta laguntzea, baita konpromiso publiko eta egiaztagarri bat adostea ere, inoiz berriro gertatuko ez dela ziurtatzeko”.
Izan ere, “pertsona bat seguru ez badago inor ez dagoela seguru” diote kolektibokoek: “Gernika-Lumon askatasunean bizitzea ezin da arriskua izan, eskubide bermatua baizik”.