Aitor Esteban: "Gaur mundura irekita dagoen Euskadi hau erreferentzia da askorentzat"
EAJko ordezkari politiko, alderdikide eta alderdizaleak Sukarrietan batu ziren atzo [azaroak 23], Sabino Aranaren heriotzaren 122. urteurrena gogoratzeko. Ekitaldi politikoan "herri fidagarri bateko alderdi fidagarria" direla aldarrikatu zuen Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak.
Argazkia: EAJ-PNV Sabino Arana EAJ-PNVren fundatzailearen heriotzaren 122. urteurrena gogoratzeko, alderdi jeltzaleak omenaldia egin zion atzo [azaroak 23], Sukarrietan. Urtero bezala, urtemugarekin batera, meza, aurresku eta hilobian lora eskaintza egiteaz gain, ekitaldi politikoa egin zuen EAJk. Bertan izan ziren Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, Imanol Pradales Lehendakaria, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ordezkari instituzional ugari eta ehunka alderdikide eta alderdizale, alderdi jeltzaleak sorreraz geroztik “faxismoaren kontran eta demokraziaren defentsan egin duen borroka” aldarrikatzeko.
Estebanek EAJk faxismoaren kontrako borrokaren baloreak ordezkatzen dituela azpimarratu zuen: “Benetako antifaxismoarenak, haren arma berberak erabiltzen ez dituenarekinak, indarkeria, gogorkeria eta beldurra baliatzen ez dituena”. EBBko presidentearen hitzetan, hori da faxismo eta autoritarismoari aurre egiteko bidea, eta horren “sinbolotzat” jarri zuen alderdiak Parisko Marceau etorbideko 11. zenbakian duen egoitza. Alderdi jeltzaleak faxismoaren kontrako “erretorika hutsean geratzen ez den konpromisoa” duela berretsi zuten, egungo “Euskadi demokratikoa eraikitzeko oinarri demokratikoa” izan dela aldarrikatuta: “Manuel Irujok esan ohi zuen bezala, konbertituok, ilarara”.

Argazkia: EAJ-PNV
“Alderdi fidagarria”.
Aranak duela 130 urte alderdia sortu zuenean “herri bizi bat” irudikatu zuela gogoratu zuten, “aurrera egiteko gogoa zuen herria, herri ekintzailea, herritarren indarkeriarekin egunero eraikitzen den Euskadi bat”. 130 urte beranduago, herria nazio sentimenduaz jabetuta dagoela zehaztu zuten, besteren artean euskara gehiago hitz egiten delako eta “aberatsagoa eta lehiakorragoa” delako: “Gaur, mundura irekita dagoen Euskadi hau erreferentzia da askorentzat. Harro egin gaitezke, bera ere orain arte egindako bideaz harro egongo zen bezala”.
Herria gidatu, erantzunak eman, ibilbidea markatu eta zerbitzu publikoetan, erakundeetan, ordezkarietan eta gizartean konfiantza eskaini duen alderdia EAJ izan dela nabarmendu zuen EBBko buruak: “Herri fidagarri bateko alderdi fidagarria gara, eta hori ez da goizetik gauera sortzen: eguneroko zorroztasunarekin eraikitzen da, eta politikan aritzeko forma zintzoa da. Hori da gure konpromisoa!”.
“Gizarte gaixoa”.
Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrena gogoan, gizartean iragan hurbilarekiko ezagutza falta dela nabarmendu zuten, hutsetik hastean gizartean ez duela funtzionatzen zehazteagaz batera: “Memoriarik ez duen pertsona bat gaixorik dago eta memoriarik gabeko gizartea, gizarte gaixoa da”. Horregatik, funtsezkotzat jo zuen XX. mendeko gertakari esanguratsuenak ezagutzea.
EBBko presidentearentzat Espainiar estatuak “heldua” dela erakutsi behar du, gizartea heldutzat jo eta “historia hurbileko gertakeri konplexuak, konplikatuak eta istilutsuak” ezagutzea lagunduko duten dokumentuak desklasifikatu: “Ez dago aitzakiarik. Sekretu Ofizialen lege frankista indargabetu beharra dago. Zeren beldur dira? Guk ez dugu beldurrik!”, aldarrikatu zuten.

Argazkia: EAJ-PNV
Ekitaldian iragan astelehenean zendu zen Marcos Vizcaya gorte kostituziogileeetan eta demokraziako lehen bi legegintzaldietan alderdi jeltzalearen bozeramailea omendu zuen Estebanek. Hura gogoratzeagaz batera, “lan handia eginez” Estatutua eta Ekonomia Hitzarmena lortu zuen belaunaldia ere gogoratu zuen, “horiekin ekarri baitzituzten egungo Euskadi eraikitzeko haziak“.
Halaber, EBBko presidentea alderdikideei zuzendu zitzaien, haien beharra dutela adierazteko: “Euskadi eraikitzen jarraitzeko behar zaituztegu. Alderdi hau pertsonek sostengatzen dute, alderdikideek”. Hala, ateak zabaldu eta zubiak eraikitzera gonbidatu zituen, herriak eraiki eta aldaketa sakonak egiteko bidea dela zehaztuz: “Aurrera egiten jarraitu nahi duen nazioaren bihotz taupada gara, eta elkarren artean lortuko dugu”.