'Oizpeko pantolluk' eta 'Bizkaiko Kopla Gaztiek' taldeak sailkatu dira Bertsolari gazteen 33. BBK Sariketako finalera
Gernika-Lumoko Elai Alai aretoak hartu zituen atzo arratsaldean [azaroak 19] bigarren eta azken finalaurrekoak eta abenduaren 4ko finalak erabakita geratu dira.
Gernika-Lumoko Elai Alai aretoak hartu zituen atzo [azaroak 19] bigarren eta azken finalaurrekoak. 18 urtera artekoetan, A multzoko Txikitin parian eta Oizpeko pantolluk taldeak aritu ziren kantuan eta 25 urtera artekoetan, Bizkaiko Kopla Gaztiek, Mabe eta Piromanak taldeak. Oizpeko pantolluk (Lea-Artibaiko Malen Ibarzabal, Haizea Rotaetxe eta Jon Abasolo) taldeak A multzoan eta Bizkaiko Kopla Gaztiek (Bittor Altube eta Gernika-Lumoko Janire Arrizabalaga) taldeak B multzoan batu zituzten puntu gehien. Bertsozale elkartetik esan dute entzule asko elkartu zirela aretoan, tartean Aek euskaltegiko ikasleak: “Saioa oso giro ederrean joan zen”.
Saioko aurkezlea Koldo Gezuraga Seijido izan zen eta epaimahaia Iñaki Aurrekoetxea Arkotxak, Beñat Romero Maguregik eta Miriam Juaristi Urizarrek osatu zuten. Idazkari beharra Igor Menika Bengoetxeak egin zuen.
Beraz, finala jokatuko dute lehenengo finalaurrekoak irabazi zituzten Etazetak (Emile Zabala, Ekhi Zuluaga eta Aiala Irurtia) eta Zerobi (Irune Basagoiti eta Maider Altuna) taldeekin batera. Txapelketa azaroaren 3an hasi zen Bilbon, eta lau kanporaketa eta bi finalaurrekoeren ostean, finala abenduaren 4an, 18:00etan, Zornotzako Zelaieta zentroan jokatuko da. Sarrera doakoa izango da.