"Lau eta erdikoa bete-betean lehiatzeko moduan nago"
Urtea amaitzear da, baina ez pilota denboraldia. Olatz Arrizabalaga aurrelariak aurtengo erronkarik handienetako bat parez pare du: finala Gernika-Lumon edukiko duen Banakako Lau eta Erdiko Txapelketa.
Esku pilotaren alorrean kristalezko sabai oro apurtu duen emakumezko pilotaririk egotekotan, bururatu litezkeen horien zerrendan zalantza barik sartu beharko litzateke Olatz Arrizabalaga. Aurrelari gernika-lumotarrak garaipen handiak lortu ditu txapelketarik entzutetsuenetan, baina bada oraindik betetzeko duen amets bat: Lau eta Erdiko Txapelketa poltsikoratzea. Lehia horretan buru-belarri ari da egun. Gainera, txapelketaren finala bere jaioterrian jokatuko da, Santanape pilotalekuan, abenduaren 21ean.
Zelan heltzen diozu Lau eta Erdiko Txapelketari?
Partiduz betetako udaren ostean, urte amaierara sasoiko iritsi naiz. Buruz burukoa mimo handiz prestatu dut, beste batzuetan baino hobeto, eta azken partiduetan sentsazio onekin aritu naiz.
Denboraldiaren planifikazioa, beraz, urteko azken txapelketa horretara gorputzaldi betean iristeko doitu zenuen?
Neurri handi batean, bai. Beharbada nabarmenduko nuke urtearen azken zatira indartsu heltzea lehenetsi genuela nire prestatzaileak eta biok, lau eta erdikoan espresuki zentratu barik. Horretarako, entrenamenduen eta partiduen arteko balantzea oso artez kudeatu beharra dago, bietako edozeinen gainkarga kaltegarria izan daitekeelako. Aurten, urte hasierako binakakoa oso ondo prestatu nuen; udan, prestakuntzaren karga apur bat jaitsi nuen, tartean One Wall modalitateko Munduko Txapelketa eduki arren; orain, urtearen amaierari begira, berriro prestatzen ari naiz, begiak banakakoan ipinita.
“Lau eta Erdikoa falta zaidan txapelketa handi bakarra da”
Azken hori da zure pastelari falta zaion ginga.
Bai. Falta zaidan txapelketa handi bakarra da. Sarritan prestatu izan dut ondo, baina inoiz ezin izan dut nire benetako maila guztiz kantxaratu. Alde horretatik, aurtengo ekitaldia bete-betean lehiatzeko moduan nago.
Presio kontuak aipatu behar al dira?
Aurrelaria izanda, lau eta erdikoan beti dago ondo aritzeko presioa. Egia da binaka ere aurrelariak bere maila plazaratu dezakeela, baina esan daiteke banakakoan distira handiagoa duela zelanbait. Dena dela, ni kirolari oso lehiakorra naiz, bere buruari asko exijitzen dien horietakoa, eta aitortu behar dut aurtengo lau eta erdiko txapela eroateak pisu handia kenduko lidakeela gainetik.
Final handia etxean izatea motibazio iturri izango da.
Halaxe da. Prestatzaileak eta biok txapelketaz gozatzea ere erronka modura jarri dugu, eta, gozamen horri dagokionez, aurtengoak osagai denak dauzka.
Eta zer sentitzen duzu, finala etxean eta etxekoen aurrean jokatu zenezakeela jakinda?
Poza, alde batetik; bestetik, urduritasuna. Presio eta tentsiorik ez daudela esatea gezur hutsa da. Hain zuzen, azken urteotan ez dut Gernika-Lumon edota hemendik hurbil larregi jokatzerik eduki, eta badut gogoa horretarako. Finala patrikaratzea erraldoia litzateke, eta imajinatzen dut egun osoko ospakizuna egingo genukeela. Ospatze hori egia bihur dadin, gogor lan egiteko ordua iritsi da.
“Goiuri Zabaleta edo Amaia Aldai finalera bidean topatuz gero, neure buruaren bertsiorik onena eman beharko dut”
Zeintzuk dira hautagai gorenak?
Lehenengoa, iazko txapelduna: Goiuri Zabaleta. Hartaz gain, Amaia Aldairen modalitate gustukoena da lau eta erdikoa. Bietako edozein finalera bidean topatuz gero, neure buruaren bertsiorik onena eman beharko dut.
Bien bitartean, zein da zure estrategia?
Funtsean, partiduz partidu joatea. Iaz lesio batek txapelketatik kanpo utzi ninduen, eta, beraz, aurten aurretiazko kanporaketatik abiatu behar izan naiz. Taktika nagusia da momentuz burua finaletik edota finalaurrekoetatik aldentzea, eta fokua hurrengo partiduan bakarrik ipintzea.
Berriki, Adiskide Pilota Elkartearen urteurren jaialdian, Andrea Capellan, Amaia Aldai, Enara Gaminde eta laurok elkartu zineten frontoian. Hura ez zen partidu ofiziala izan, baina laurok banakakoa lehiatzen zabiltzate.
Aurkariak aztertzeko balio izan zidan. Arerioak hala esku aldetik, nola hanken abiadurari dagokionez, oso sasoiko ikusi nituen. Egia da binaka edo banaka jokatzea oso bestelakoak direla, baina azterketa baliagarria izan zen.
60 pilotarik izena eman dute banakakoan, hiru kategoriatan banatuta; emakumezkoen pilota osasuntsu dagoen zantzu.
Halaxe da. Emakume Master Cupen alderdirik onenetako bat da izen emateak irekiak direla: edozein emakumek egin dezake. Euskal lurraldeetan, bereziki, izen emate kopurua oso handia da; badago motiborik, horrenbestez, pozteko eta harro egoteko. Bestalde, aipatutako kopurua justuki buruz burukoak jaso izana deigarria eta ederra da. Izan ere, normalean banakakoak beldur edo atzerakada handiagoa sortu ohi du, bakarrik jokatzeak bikoteka egiteak baino errespetu handiagoa sortzen du, baina agerikoa da etorkizuneko belaunaldiak bidean direla. Gainera, seguru nago kantitateak kalitatea ere ekarriko duela.

Saretzeko modua ere ba al da?
Noski. Emakume pilotariok urte osoan gelditu barik ibiltzen gara, batez ere, elite mailan. Hortaz, gazteagoekin hartu-emana edukitzeko eta emakumeen pilotaren inguruko kolektiboa sendotzen segitzeko, erabat probetxugarria da.
Domekan, Nazioen Liga ere hasiko duzu. Zein helburugaz?
Gozatu asmoz helduko diot: batetik, etxe alboan, Bilbon, jokatuko dugulako; bestetik, Jai Alain jokatu zen zesta-puntakoa egundokoa iruditu zitzaidalako. Irabaztera baina disfrutatzera aterako gara.
Eta Euskal Selekzioaren koloreak defendatuz, gainera.
Horrek are bereziago egingo du. Selekzioagaz jokatu izan dudan lehiaketa bakoitza ederra izan da, hura aurrera ateratzeko borroka bertatik bertara ikusi baitugu. Beraz, selekzioagaz esku pilotan ariko diren emakumeetako bat izatea ohore handia izango da.
“Modalitate aldaketak aberasgarriak dira; beti lortzen dut ohiko frontoietara estrapolatzeko zerbait”
One Wall diziplinan ere ibili zalea zara. Zer ematen dizu diziplina arteko aniztasun horrek?
Nik esku pilota prestatzen dut espezifikoki, baina badira gustuko ditudan bestelako modalitateak ere. One Wall-a esplosiboagoa da, eta izugarri dibertitzen nau. Modalitate aldaketak aberasgarriak dira; beti lortzen dut ohiko frontoietara estrapolatzeko zerbait.
Lau eta erdikoaren ostean, zer?
Binakakoari begira jarriko naiz, baita Euskadiko Txapelketari ere. Emakume Master Cupek urte osoan lehiatzea bermatzen du, eta eskertzekoa da. Alde fisikotik egiteko nekeza da, baina horixe da gehien gustatzen zaidana.