Memoria historikoa, pertsona zein herrien identitatea eraikitzeko
‘Hradištko. Txikoria belarrak loratzen ez zirenean’, Busturia eta Hradištkoren erakusketa bateratua ikusgai dago Madrilgo Euskal Etxean, eta bertan egon da Busturiko Udalaren ordezkaritza.
'Hradištko. Txikoria belarrak loratzen ez zirenean' erakusketaren aurkezpena, Madrilen.Busturiko Udala Gizartean iraganari buruzko ezagutza eta hausnarketa sustatzea, zauriak ixten laguntzea eta intolerantzia eta giza eskubideen urraketa egoerak ez errepikatzea dira memoria historikoaren ardatz nagusietako batzuk. Anjel Lekuona busturiarra, esaterako, Hradištkoko Hirugarren Reich-eko kontzentrazio esparruan preso zegoela fusilatu zuten 1945eko apirilaren 10ean, eta geroztik, Hradištko (Txekiar Errepublika) eta Busturia lotuta mantendu dira, nolabait. Lotura hori adiskidetasun eta anaitasun loturetan oinarritutako senidetze-hitzarmenarekin ofizialdu zuten iaz, eta orain, elkarlanean, presoen oroimenari eta kontzentrazio-esparruko bizimoduaren gogortasunari balioa ematen dion erakusketa prestatu dute: Hradištko. Txikoria belarrak loratzen ez zirenean.
Memoria historikoa etorkizuna eraikitzeko urrats garrantzitsu bezala ulertzen du Busturiko Udalak, eta horregatik, Busturia Gogoan. Memoriaren Lekuko ikerketa historikoaren bitartez, eta Gogora Institutuagaz eta Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusiagaz lankidetzan, Hradištko herriko kontzentrazio eremuan bizi izandako irudi eta testigantzak biltzen dituen erakusketa osatu du, memoria historikoko eta bi herrialdeetako biktimen senideen parte hartzeagaz.
“Memoria pertsonen, familien eta herrien identitatearen parte da; funtsezkoa da nor garen ulertzeko eta gure bidea, gure etorkizun pertsonala eta kolektiboa eraikitzeko”, adierazi du Aitor Aretxaga Busturiko alkateak. Busturiak etorkizunari “ilusioz eta proiektu sendoz” begiratzen badio ere, gerrako “bidegabekeriak” jasan dituen udalerria dela gogoratu du, erakusketak Lekuonaren oroimenak batu dituela zehaztuz: “Batzuek oroitzapenetik ezabatu gura izan zuten, baina ez da inoiz ahaztuko“.
Hradištko. Txikoria belarrak loratzen ez zirenean Madrilgo Euskal Etxean dago ikusgai, eta bertan egongo da azaroaren 28ra bitartean. Inaugurazio ekitaldian, Aretxagagaz batera egon dira, besteak beste, Ziortza Olano Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Lucie Haškova Hradištkoko alkateordea eta erakusketaren egilekidea eta Anton Gandarias, Lekuonaren loba. Erakusketa “auzolanean” sortu izana nabarmendu du Olanok, herriak elkartzean, “gauza harrigarriak” egiten direla azpimarratuta: “Memoria historikoa garrantzitsua da, eta pertsonen duintasuna berreskuratzea, are gehiago”.
“Europa bateratu bat”
Gogora Institutuak erakusketa babestu du, horrelako ekimenek gorrotoak, sektarismoak, xenofobiak eta zentzubakokeriak aurrez aurre jarritako “kontinente bateko gertakari ilunenak” bizi izan zituztenak gogoan izaten laguntzen dutelako: “Gogoratzea oroimen demokratikoko ariketa bat da, haiei zor diegu, errebantxistak nazionalitatea ukatu zieten milaka aberribakoei, sarraski-makinaria batera bota zituztenei. Era berean, beraien oroitzapenagaz, demokraziaren, aniztasunaren, diferentziarako eskubidearen eta giza eskubideen balioen defentsan sinisten duen eta militantea den Europa bateratu bat aldarrikatzen dugu”.
Hradištkoko historiarekiko interesak kontzentrazio-esparrutik bizirik atera zirenen eta auzokoen testigantzak biltzera eraman zuela gogoratu du Haškovak, besteak beste, 1942an espetxeratutako gizon batena eta presoei ezkutuan laguntzen zien beste batena. “Biktimen senideekin harremanetan jartzea funtsezkoa izan da”, gogoratu du Hradištkoko alkateordeak.
Gandariasek osabarekin gertatutakoa aurkitzea lortu zuen ikerketaren nondik norakoak azaldu zituen, “gertaera handiak” lortu dituztela esanez: “2021eko udan, esaterako, nire osabaren eta beste deportatu batzuen errautsak Pragako Strasnice errausketa-labean daudela jakin genuen, errausketa labeko administratzaile Frantisek Suchhy jaunaren ausardiari esker. Berak, nazien aginduei jaramonik egin barik, eta bere bizitza eta familiarena arriskuan jarriz, errautsak zenbakidun kutxatiletan ezkutatu zituen”.
Gogortasunari, balioa
Madrilgo Euskal Etxera urreratzen direnek bi herrien erakusketa bateratuaz gozatzeko aukera daukate. Hradištko. Txikoria belarrak loratzen ez zirenean erakusketak “balio historiko handiko” kontakizun eta argazkiak biltzen ditu. Zehaztu dutenez, paneletan zehar presoen oroimenari eta kontzentrazio-esparruko bizimoduaren gogortasunari balioa eman gura izan diote.
Erakusketa Busturia eta Hradištko arteko senidetzearen seinalearekin hasten da —Busturiaren sarreran kokatuta dagoena bezalakoa—, elementu nagusienetako bat Altamira auzoan dagoen totemaren erreplika izanik. Horrez gain, 2022an Lekuonaren omenez jarri zuten Stolpersteinaren erliebezko erreplika ere ikusgai dago euskal etxean. Erakusketa Hradištkoko kontzentrazio-esparruan izandako deportatu euskaldun eta espainiarrei eskainitako totem batek osatzen du: “Bertan, Anjel Lekuonak eta bera bezala fusilatu zituzten beste sei presoek jarraitutako ibilbidea zehazten da”.
Bigarren Mundu Gerraz geroztik “patua oso lotuta” duten bi udalerriek memoria historikoaren kapitulu berriak lantzen jarraituko dute, “historiarekiko, erreparazioarekiko eta egiarekiko” duten konpromisoa indartu asmoz. l