Auzo batzarrak deitu dituzte, parte hartzea eta lankidetza sustatzeko
Muruetako Udalak auzo batzarrak ditu udalerriko hiru auzoetan, "herritarren ahalduntzean eta herriaren kohesioan eragiteko". Zapatuan [azaroak 22] Larraben batuko dira, domekan [azaroak 23] Goierrian eta azaroaren 29an [zapatua], Kanpantxuan.
Muruetako Udalak herritarren parte hartzea eta lankidetza sustatzeko helburuagaz, auzo batzarrak deitu ditu datozen egunetan, Auzo batzarrak: denok batera Murueta aurrera lelopean. Hiru hitzordu zehaztu dituzte, udalerriko hiru auzoetako bizilagunak batzeko: Kanpantxuan, Goierrian eta Larraben.
Udaletik zehaztu dutenez, saioen helburua herritarrei herriaren hobekuntzan parte hartzeko aukera eskaintzea da. Azaldu dutenez, ekimena udalak herritarren parte hartzea eta lankidetza sustatzeko, eta “herritarrekiko gardentasuna areagotzeko” duen konpromisoaren parte da, eta “herritarren ahalduntzean eta herriaren kohesioan eragitea” du xede.
Lehen hitzordua zapaturako [azaroak 22] jarri dute, Larrabeko Flores Etxean, 18:00etan. Bigarrena, berriz, Goierrian jarri dute, domekan [azaroak 23]. Goierri Aurreko Lokalean batuko dira auzotarrak, 18:00etatik aurrera. Momentuz antolatuta duten azken auzo batzarra Kanpantxukoa izango da, azaroaren 29an [zapatua]: Eskola Zaharrean jarri dute hitzordua, 18:00etan.