Busturiak Hradištkoko oroimenaren kapitulu garrantzitsu bat eraman du Madrilgo Euskal Etxera
Atzo (azaroak 13), Madrilgo Euskal Etxean, Busturiako Udalak eta Hradištkoko (Txekia) udalerriak elkarrekin garatzen duten memoria historikoaren lanketaren emaitza nagusietako bat jarri zuten ikusgai: “Hradištko. Diente-lehoiak loratzen ez ziren garaia” erakusketa inauguratu zuten, bi herrien arteko lotura sakon eta historikoa gogora ekarriz.
Ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Aitor Aretxaga Busturiako alkatea, udal ordezkariak, Jana Polijkova (Txekiar Errepublikako enbaxadako kultura arduraduna), Ziortza Olano (Kanpoan den Euskaldun komunitaterako zuzendaria), Alberto Alonso (Gogorako zuzendaria), Lucie Hašková (Hradištkoko alkateordea eta erakusketaren egilekidea), baita Busturia–Hradištko Senidetzearen batzordeko kideak ere, tartean Unai Egia eta Antón Gandarias, zeina Anjel Lekuonaren iloba den. Ekitaldia Román Zurutuzak, Madrilgo Euskal Etxeko presidenteak, itxi zuen.
Anjel Lekuona, bi herriren loturaren arteko ardatz. Bi herrien arteko harremanaren muina da Anjel Lekuona busturiarra. 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zuten Hradištkoko kontzentrazio esparruan, Frantziara erbesteratuta eta handik deportatuta eraman zutenetik. Haren memoria berreskuratzeko, Busturiak azken urteotan egindako lana nabarmena izan da: 2022an Euskadiko lehen Stolpersteina jarri zuten Altamiran, eta 2024an omenaldi-totem bat inauguratu zuten. Bi elementuen erreplikak ikus daitezke Madrilen irekitako erakusketan.
Aretxagak adierazi zuenez, “harrotasun handia da Anjel Lekuonaren eta gerrek eragindako biktima guztien memoria Madrilgo Euskal Etxera eramatea. Busturiaren eta Hradištkoren arteko lotura bakearen, bizikidetzaren eta elkartasunaren testigantza da”
Erakusketak Hradištkoko esparruan preso izan zirenen irudi eta lekukotasun mingarriak jasotzen ditu; memoria ariketa kritikoa eta zorrotza da, bi herriek elkarrekin egindako lan historikoaren emaitza. Gainera, Busturian bertan ikus daitezkeen elementuak ere baditu: senidetze-seinalearen erreplika, Lekuonari eskainitako totemaren kopia eta Stolpersteinaren erliebea, busturiarraren bizitza eta azken egunetara hurbiltzen dutena.
Senidetze hitzarmenak zabalik uzten dituen bideak. Busturiaren eta Hradištkoren arteko Paktuak ez du soilik iraganaren memoria helburu: bi herrien artean harreman iraunkorra, elkarlan proiektuak eta elkar ezagutza garatzea du xede. Senidetze Batzordea —Busturiako udal ordezkariak eta herritar banaka osatua— arduratzen da lankidetza hori egituratzea.
Ekitaldian, Unai Egiak bere azken lana ere aurkeztu zuen: “Y los campos se quedaron sin flores”, Hradištkoko esparruan deportatutako pertsonen esperientzietan oinarritutako eleberri historikoa. Egiaren hitzetan, kontakizuna “ikerketa sakon baten emaitza eta bi herrien arteko zubi berria” da.