Prostatako minbizia ikusarazteko pedalkada solidarioak, Bermeotik Durangora
Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak bat egingo du Minbiziaren Aurkako II. Bizkaia Bike egitasmoagaz, eta Bermeotik Durangora joan-etorria egingo du zapatuan [azaroak 15].
Iaz hasitako bideari jarraipena emateko asmoz, Minbiziaren Aurkako II. Bizkaia Bike ekimena antolatu du Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Bereziki gizonen artean prostatako minbiziaren eta ikerketaren garrantziaz kontzientzia piztea helburu duen jolas eta kirol ekimena barikutik [azaroak 14] azaroaren 23ra [domeka] bitartean egingo dute; antolatzaileek 30.000 kilometro lortzeko erronka finkatu dute. Iaz bezala, aurten ere ekimenak Bermeoko Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak ekimenagaz bat egingo du.
Bizkaiko Minbiziaren Kontrako Elkartetik erronka “librea eta parte hartzailea” dela gogoratu dute, adin guztietako pertsonei zuzenduta egoteaz gain, banaka zein taldeka egiteko aukera eskaintzen baitu. Gainera, izena ematen dutenek “askatasunez” aukeratu ahal izango dute zenbat kilometro egin nahi dituzten: “Edozein tokitatik egin dezakete ibilbidea, beraien kilometroak erronka komun horri gehituz”.
Matxitxako TKTkoek Bermeo-Bilbo-Bermeo ibilbidea egin zuten iaz, eta aurten, zapatuan [azaroak 15], Bermeotik Durangora joan-etorria egingo dute, guztira 125 kilometroko ibilbidea osatuz. Txirrindulariak 07:30ean abiatuko dira Artzako biribilgunetik eta 10:49an minbiziaren aurkako elkarteak Durangon duen egoitzara heltzea aurreikusten dute: “Elkartekoei babesa adierazteko beraiekin egongo gara 20 bat minutuz, eta gero Bermeorako bidea hartuko dugu berriz”. Hala, 13:30ean Lamera parkera iritsiko dira.
Laguntzeko prest.
Bermeoko txirrindularitza taldeek Bermeoko Bizi Festa antolatzen dute urtero, eta bertan bildutako dirua “giza proiektuak finantzatzera” bideratzen dute. Horregatik, Matxitxako taldekoek Bizkaia Bike ekimena ezagutu, eta bizikleta gainean egindako kilometro guztiak ikerketara bideratuko zirelaren jakitun, erronkarekin bat egitea erabaki zuten: “Ekimena antolatzen duten bitartean urtero parte hartu, ahalik eta kilometro gehien egin eta ahalik eta pertsona kopuru handienak parte hartzeko, urtero elkartearen lokal batetik igarotzea izan da elkarteari helarazi diogun proposamena”. Iaz Bilboko egoitzatik igaro ziren eta aurten, Durangora joango da tropela.
Matxitxako T.K.T.ko zein Bermeoko zein inguruko txirrindulariak aterako dira Artzatik, baina “ziklista guztiak” gonbidatuta daudela nabarmendu dute: “Ibilaldiaren hasieratik zein beste edozein momentutan batu daitezke txirrindulariak, zati bat egiteko bada ere. Kilometro guztiak laguntzen diote elkarteari”. Bermeotarren ekimenean parte hartu gura dutenek ez dute aurretik izena eman beharrik, baina #bizkaiacontraelcancer traola erabilita sare sozialetan egindako kilometro kopurua adieraztea eskatu dute: “Egindako kilometroak adieraztea da garrantzitsuena, babesleak kilometroen araberako diru ekarpena egiteko”. Hala ere, minbiziaren aurkako elkartetik Bizkaia Bike ekimenean izen emateko aukera ere zabaldu dute, eta horretarako aukera azaroaren 25era [martitzena] arte egongo da zabalik: 14 euro ordainduta, maillota jasoko dute oroigarri gisa. Bestalde, donazioak egiteko aukera ere zabaldu dute elkartearen webgunean; dohaintzak egiten dituztenek ez dute maillota jasoko.
1.776 kasu berri.
Minbizia munduko arazo soziosanitario “garrantzitsuena” da; izan ere, aurreikuspenen arabera, 2030erako gizonezkoen erdiak eta emakumeen herenak minbizia edukiko dute beraien bizitzan zehar. Minbiziaren Aurkako Elkartearen Behatokiak zabaldutako datue arabera iaz prostatako minbiziaren 1.776 kasu berri diagnostikatu ziren Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan; horietatik 930, Bizkaian. Prostatako minbizia da hain zuzen gizonezkoetan gehien agertzen den tumorea, eta gainera, minbiziaren ziozko heriotzaren hirugarren kausa da.Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak, bestalde, urtarriletik irailera bitartean 1.845 pertsona (paziente eta senideak) artatu ditu arreta psikologiko eta sozialeko zerbitzuen bidez, horietatik %28,7 gizonezkoak izan direlarik.
Testuinguru horretan, diagnostiko eta tratamendurako metodo eraginkorrago berrietan aurrera egin eta prostata minbizia duten pertsonen bizi kalitatea hobetu eta biziraupena handitzeko ikerketa “funtsezkoa” dela aldarrikatu dute Minbiziaren Aurkako Elkartetik.
AURREIKUSITAKO ORDUTEGIA:
- Bermeo (irteera): 7:30.
- Merkurio (Gernika-Lumo): 08:06.
- Gerekiz: 08:32.
- Gamiz-Fika: 08:54.
- Erletxe biribilgunea: 09:30.
- Zornotzako biribilgunea: 09:50.
- Durangora sarrera: 10:12.
- Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearen Durangoko egoitza: 10:49.
- Elorrio: 11:11.
- Durangoko iturria: 11:43.
- Zornotza: 12:03.
- Zugastieta tren geltokia: 12:27.
- Lorategieta (Gernika-Lumo): 12:46.
- Bermeoko begiralekua: 13:25.
- Lamera (helmuga): 13:30.