Mende laurden, herria gore eta metal soinuz betetzen
Duela 25 urte ekin zion Spookypheria Productions kultur taldeak bere ibilbideari, eta geroztik, bermeotarren agendan errotutako hiru ekitaldi sortu dituzte: GoreFest, Vade Retro Party eta Halloween Metal Fest. Azken horrek bere 18. aldia biziko du bihar, 20:00etatik aurrera, Bermeoko Kafe Antzokian. Kartel "osatua" prestatu dute.
Argazkia: Gorefest Halloween urriaren 31an ospatu ohi da herrialde anglo-saxoietan, eta asko dira Euskal Herrian ohitura hori beraien agendan gorriz markatuta dutenak ere. Egun bateko ospakizuna izaten da udalerri askotan, bizpahiru egunekoa beste hainbatetan. Bermeotarrek baina, astebete beranduago bukatuko dituzte egun bereziok, Spookypheria Productions elkarteak antolatutako Halloween Metal Fest musika jaialdian batuko baitira bihar. Aurtengoa berezia izango da Iñigo Atxa, Fernando Martinez, Iraide Narbaiza, eta Jabi Garcia elkarteko kideentzat, elkartearen 25. urteurrena itxiko duen ekitaldia izango baita.
Zinea eta metal musika dituzte pasio, baina, horrez gain, ikus-entzunezkoak ekoizten ere aritu izan dira, ahal zuten neurrian, hiru zaletasunak uztartuz. Izan ere, ikus-entzunezkoen ekoizpen horretan du bere jatorria Spookypheria Productionesek. Rober Garayren Salpicon de Marisco ekimena ikustera joan zen Atxa 1997. urtean, eta “etxean egindako modukoak” ziren film-labur amateur batzuk ikusi zituen bertan. Urtebete beranduago bereak ekoizteari ekin zion eta 2001ean, “hiruzpalau lan” zituela, Bermeoko Udalagaz harremanetan jarri zen, “proiekzio txiki bat” egiteko. Orduan sortu zen GoreFest, elkartearen sorrera bultzatu zuen jaialdia. Izan ere, nahiz eta lehenengo ekitaldia Atxak bere izenpean egin, segituan Martinezegaz, unibertsitateko lagunagaz, lanean hasi zen. Bi urte beranduago osatuko zen laukotea, Narbaiza eta Garciaren iritsieragaz: “2003az geroztik laurok gabiltza lanean”.

Argazkia: Spookypheria Productions
GoreFest bakarrik ez, Bermeoko kultur agendan errotuta dauden beste jaialdi batzuk ere sortu dituzte Spookypheriakoek: Vade Retro Party festa eta Halloween Metal Fest. Vade Retro Party 2011. urtean jaio zen, 80’s party izenarekin: “Izena aldatu genion, gaur egun ez delako 80ko hamarkadako musika bakarrik jartzen; 60ko, 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetakoa da gehien bat”.
Metal jaialdia, ostera, horren aurretik sortu zuten, 2008an: “Hasierako ideia metalak eta zineak bat egitea zenez, lehenengo edizioetan gaiagaz loturiko dokumentalak ere proiektatzen genituen. Urteen joan-etorriagaz eboluzionatuz joan da, eta gaur egun musika jaialdia da”.
Lan asko.
Zalantza barik, urte “berezia” izaten ari da elkarteko kideentzat, eta hasieratik ekitaldiak antolatzeko lanean buru-belarri aritu dira. Horregatik, urtero-urtero beraien deialdiei erantzuten dieten herritarrekin “oso eskertuta” badaude ere, atzean “lan asko” dagoela gogoratu nahi izan dute: “Halloweeneko lehenengo bi jaialdietan topera ibili nintzen antolakuntzan, baina ikusi nuen lan asko eskatzen zuela jaialdi guztiak antolatzeak. Orduan, lanak banatzen hasi ginen, eta ni gehiago arduratzen naiz GoreFestagaz eta Garcia eta Narbaiza, Halloween Metal Festagaz. Lan handia dago atzean, talde askorekin, banatzaile askorekin… jende askorekin hitz egin behar izaten da”, azaldu du Atxak.

Argazkia: Spookypheria Productions elkartea
Hala ere, herritarrek esfortsua eskertzen dutela sumatzen dute, eta horren isla da GoreFest jaialdiak azken hamar urteetan “ia beti” bete duela Nestor Basterretxea aretoa: “Halloween Metal Festak ere harrera nahiko ona izaten du, baina ez da erraza Bermeoko Kafe Antzokia betetzea, 600 lagunentzako tokia baitu. Pozik gaude, beti egoten delako jendea eta giro ona”. Izan ere, belaunaldi berriei dagokienez, Bermeon “metal zale askorik ez dagoela” uste badute ere, gazteak ere hurbiltzen dira: “Batzuek umeak zirela, Lameratik gure zonbiak ikusten zituzten, eta orain, jaialdira datoz; beste batzuk gurasoekin etortzen ziren eta orain, berriz, kuadrillakoekin”.
Hamazortzigarrenez.
Elkartearen izenari jarraiki, Spookypheriakoek ez dute hutsik egin, eta urteko sasoi beldurgarrienagaz bat egin dute, beste urte batez. Halloween Metal Fest jaialdia ere ez da Bermeoko Kafe Antzokiagaz duen urteroko hitzordura faltako, eta bihar ospatuko dute jaialdiaren 18. aldia, “kartel osatuagaz”. 20:00etatik aurrera, hainbat metal azpigeneroz gozatu ahalko dute beraiekin bat egiten dutenek.
2002an sortutako metal industrialeko Kudai talde gipuzkoarra izango da oholtzara igotzen lehena. Duela bost urte jarri zion etena bere ibilbideari taldeak, baina Metal Halloween Festagaz bat egiteko berriro biltzea erabaki dute: “Kontzertu berezia eskainiko dute”. Izan ere, donostiarrek bi kantu berri prestatu dituzte biharko: Berriro ikusiko gara eta Azken nota.

Eszenatoki gainean ezin zen Bermeoko ordezkaritza falta, eta, horregatik, Kruddök emango dio jarraipena emanaldiari. Bi musikari “agertokia betetzeko nahikoa” direla erakustera oholtzaratuko da etxeko stoner metal bikotea. Ostean nazioarteko jaialdietan aritutako Vita Imanaren txanda izango da. Madrildarren emanaldia “berezia” izango da, antolatzaileak 25. urteurrena ospatzen dauden bezala, taldea 20. urtemuga ospatzen ari baita: “Zelan ez, gurekin egon behar ziren Halloween Metal Fest jaialdian”.
Urteurrenen jaialdia izango da aurtengoa, mende laurdeneko ibilbidea ospatzen ari den Killus taldearen esku geratuko baita gaua ixtea. Taldeak zortzi disko kaleratu ditu, eta Dope eta Avatar bezalako taldeen hasierako taldea izan dira: “Herritarrek gure jaialdira hurbildu baino ez dute egin behar talde valentziarraren eszenaratzeaz gozatzeko”.
Hain zuzen ere, metalaz gozatu nahi dutenak oraindik sasoiz daude, kafe antzokiko leihatilan sarrerak erosi ahal izango baitira bihar, 20 euroren truke. Halere, aurretik eskuratu gura dituenak Bermeoko Luma liburu dendan edo bermeokokafeantzokia.com/tiketak helbidean lortu ditzake, 18 euroan (+kudeaketa gastuak).