Hain hurbil eta hain urrun
Hungarian gertatu legez, azken segunduetan egin zion ihes atzo [azaroak 5] Lointek Gernika Bizkaiari NKA Universitas Pecsen aurkako neurketak (63-66). Fernandezenek bihar [azaroak 7] Ligari helduko diote, Hozono Global Jairis hartuko baitute Malosten.
Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia Nahi eta ezin. Atzetik aurrerako lana eginda ere, garaipenak ihes egin zion atzo [azaroak 5] Lointek Gernika Bizkaiari. EuroCup Womeneko laugarren partidan, NKA Universitas Pecs C multzoko liderra hartu zuen Lucas Fernandezen taldeak Malosten, eta Hungarian gertatu legez, puntuko gutxiko aldeagatik galdu zuten granateek: 63-66.
Lau partidatan lau garaipen bereganatuta kantxaratu ziren hungariarrak. Hasierako jauzitik serio, distantzia ezberdinetatik puntuak pilatzeko erraztasuna erakutsi zuten, ez hala gernika-lumotarrek. Saskiratzerako aukerak sortu eta puntuak pilatzea asko kostatu zitzaien, eta hasierako 5 eta 15eko partzialagaz, Fernandez hutsartea eskatu behar izan zuen. Lehen laurdenak aurrera egin ahala baina, markagailuan aldea handituz joan ziren bisitariak, lehen hamar minutuak 7 eta 22ko emaitzagaz bukatzea lortuz.
Lehen laurden eskasari buelta eman nahian, erasoan sendoago atera ziren granateak bigarren laurdenean, eta minutuen joan-etorriagaz emaitzak ikusten hasi ziren. Etxekoen partzial on batek neurketa etetera eraman zituen hungariarrak, eta jokoa berrabiaraztean, aurkaria ezustekoan harrapatu eta norbere burua babestu nahian, bi taldeek zonakako defentsa ezarri zuten. Tarte horretan gernika-lumotarrek aldea hamar puntutik behera jaistea lortu zuten, aldegelarako bidea 30 eta 38ko markagailuagaz hartuz.
Atsedenalditik bueltan, 10-2ko partzial batek partidua berdindu zuen estrainakoz: 40-40. Harmailetan gozatzen ari ziren, etxekoen aurrerapausoa nabarmena zelako. Garaipena bereganatzeko helburu argiagaz, granateak hiruko bategaz aurrea hartzea lortu zuten, eta orduan hasi ziren kantxaren alde batean eta bestean puntu eta saskiratzeak pilatzen. 20 eta 9ko partzialagaz, azken laurdena hastean, markagailuak 50 eta 47koa adierazten zuen Malosten.
Baloiaren zirkulazio azkarra eta joko bizkorra izan ziren gernika-lumotarrak azken hamar minutuetarako tresna nagusiak, baina NKA Universitas Pecsek taldeko izar Julia Reisingerovaren bitartez puntuak pilatzen jarraitzen zuen. Minutu gutxi falta eta markagailua berdinduta, tentsioa nabaria zen bai kantxan, bai harmailetan. Emily Bessoirren hiruko batek 63ra berdindu zuen partidua, baina, nahiz eta gernika-lumotarrak defentsan tematu arren, Agnes Studer hungariarrak hirukoa bota eta 63-66koa ezarri zuen. Azken jokaldian baloia granateen esku egon zen, baina ez zuten saskiratzea lortu.
Porrotagaz “minduta” ere, partiduak positibotik ere izan zuela azpimarratu zuen Fernandezek, markagailuan atzetik aurrerako lana egiteko taldeak emandako “aurrerapausoa” balioan jarriz: “Denboraldi honetan Malosten atzetik hasi garen lehen partidua izan da. Hungariarrek beraien joko fisikoa ezarri dute, baina pixkanana hurbilduz joan gara”.
Bihar, liga.
Gernika-lumotarrek ez dute porrotean pentsatzeko denborarik, bihar [azaroak 7] Endesa Ligari heldu beharko baitiote berriz ere. Izan ere, Hozono Global Jairisek Maloste bisitatuko du, 20:00etatik aurrera, seigarren jardunaldiari dagokion neurketan.