Derbia euskal errugbiaren festa bihurtzeko prest
Gernika Rugby Taldeko lehen bi taldeak Hernani CREren aurka lehiatuko dira zapatuan [azaroak 8], eta zaleak Urbietara bertaratu eta harmailetan giroa sortu asmoz, errugbi jaia deitu dute basurdeek. Tiketak bihar arte egongo dira eskuragarri, Azules Tabernan.
Argazkia: @socfjaguado Euskal errugbiaren agertoki izango da Urbietako zelaia etzi [azaroak 8]. Gernika Rugby Taldeak eta Hernani Club Rugby Elkarteak, Ohorezko Elite Multzoko bi euskal taldeak nor baino nor gehiago arituko dira, ligako zazpigarren jardunaldian, 16:30etatik aurrera. Aurretik baina, 14:00etan hasita, bi kluben 23 urte azpiko taldeek ere berdegunean egingo dute topo. Hitzordu bikoitza izango denez, gernika-lumotarrek “jai berezi bat” antolatu dute, zaleak elkartu, harmailetan giroa sortu eta euskal errugbiaren festaz gozatzeko.
Ohorezko Elite Multzoan denboraldiko lehen porrota jaso zuten basurdeek iragan asteburuan Madrilen, CRC Pozuelo Rugbyren aurkako partiduan. Ezerk ez zuen gernika-lumotarrek espero legez funtzionatu: beraientzat “garrantzitsuak” diren jokalariak falta zituzten, eta gainera, ez zuten beraien jokoa ezartzerik lortu. Hala, 39-0ko emaitzagaz hartu zuten etxerako bidea. “Hainbat gauza batu ziren, baina atzean utzi behar da, ez da ezer pasatzen. Sailkapena begiratuz gero, talde guztiek galdu dute gutxienez partida bat, gauza da guk beste bat berdindu genuela”, adierazi du Mikel Bilbao Gernika Rugby Taldeko zuzendaritza taldeko kideak. Zapatukoa da porrota atzean husteko aukera onena, baina halere, basurdeek badakite partida “gogorra” dutela aurretik.
Hernani ere neurketa bakarra galduta iritsiko da Urbietara: “Denok dakigu nolako taldea den Hernani. Inoiz ez du fitxaketarik, baina etxeko jokalariek pila bat urte daramatzate elkarrekin jokatzen eta horrek zaila egiten du beraien aurka jokatzea, jokoa automatizatuta dutelako”. Hala ere, gernika-lumotarrak “oso motibatuta” daude, irabazteak Errege Kopako etenaldira sailkapenaren goialdean joatea ekarriko lukelako. Izan ere, derbia irabazi eta Club de Rugby Sant Cugaten bere neurketa galduko balu, basurdeek lehengo postuari helduko zioten. Kataluniarrek irabaziz gero, bigarrenenak izango lirateke.
Euskal errugbiaren jaia.
Hala, basurdeek “ilusioz” helduko diote zapatuko neurkatari. Garaipena eskuratzera bidean zaleen berotasuna gakoa izan daitezkeenaren jakitun, eta gipuzkoarrek “zale asko” mugitzen dituztela aintzat hartuta, Gernika Rugby Taldetik iazko San Cugaten aurkako finalaurrekoko giroa errepikatzeko deialdia zabaldu diete zaleei: “Urbieta bete behar dugu, beraiek jende asko ekarriko dutelako. Hernanik derbiak gustuko ditu, eta topera etorriko dira”.
Horregatik, “euskal errugbiaren jaia” deitu daitekeena antolatu dute, zale guztiak Urbietan batzeko “gogotsu” daudelako: “Euskal Herriko Ohorezko Elite Mailako bi taldeen arteko derbia da, eta jai berezia egitea da asmoa”. Bi zalegoak “batuta eta animatzen” ikustea bai euskal errugbiarentzat, bai errugbiarentzat orokorrean “positiboa” izango dela uste dute zuzendarita taldeak, eta horretarako, bazkaria antolatu dute.
Urbietara hurreratzen direnek txahal errea dastatzeko aukera dute, Novereken eskutik. 23 urte azpiko taldearen ostean hasiko dira errazioak banatzen, baina tiketak erosi dituztenek lehen taldearen partidan zehar zein ostean ere izango dute jateko aukera. Hala, jan-edana eta musika “bermatuta” egongo direla eta, bertaratzeko deia egin diete zaleei. Jateko tiketak bihar arte [azaroak 7], Azules Tabernan (Pablo Picasso Kalea, 7) egongo dira eskuragarri: bazkideek 8 eurotan erosi ahalko dituzte, eta gainerakoek, 10 eurotan. Tiketagaz baina, partidurako sarrera doakoa izango da: “Ez geratu zure tiketa barik eta etorri errugbiaz eta lagun giroaz gozatzera!”.