Zortzi familia-ikuskizun eta hamar musika proiektu, DA! PRO topaketaren zazpigarren aldian
Azaroaren 25 [martitzena] eta 26an [eguaztena] egingo dute topaketa Durangon, eta parte hartu gura duten programatzaileek azaroaren 21era arte [barikua] dute izena emateko aukera.
DA! PRO topaketaren aurkezpenak atzo, r Bilboko BBK AretoanDurangoko Azoka Gero eta hurbilago dago Durangoko Azoka, eta horregaz batera, gero eta gutxiago falta da DA! PRO topaketaren zazpigarren aldirako. Musika eta familia ikuskizunak eskaintzen dituzten sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen topaketa azaroaren 25 [martitzena] eta 26an [eguaztena] gauzatuko da aurten. Antolatzaileek dagoeneko egin dute parte hartuko duten sortzaileen hautaketa, eta iragarri dutenez, hamazortzi sortzaile izango dira guztira: zortzi familia ikuskizun eta hamar musika proiektu. Orain, programatzaileek izena emateko epea zabaldu dute, eta azaroren 21era arte egongo da zabalik, Durangoko Azokako webgunean.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, DA! PRO topaketak sektoreko profesionalei aurrez aurre ezagutzeko aukera eskainiko die, “etorkizuneko lankidetza aukerak bultzatzeko asmoz”. Izan ere, euskaraz lan egiten duten sortzaileek beraien proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, ekitaldiak programatu behar dituzten teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak edota jai antolatzaileek beraien azalpen eta ideiak entzun eta aztertzen dituztelarik. Zehaztu dutenez, hartueman horrek bi helburu nagusiri erantzuten die: batetik, kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta, bestetik, kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea.
Beñat Gaztelurrutia Durangoko Azokako koordinatzaile eta Gerediaga elkarteko kideak azpimarratu duenez, Durangoko Azokak bere burua “Kulturaren Jaialdi gisa” aurkezten duen heinean, “ezinbestekotzat” du bere jarduna azoka egunetatik haratago eramatea, eta batez ere, azoka bera tokiko “kultur garapenerako baliagarria” izatea: “DA! PRO kultura gizarteari bueltan emateko eta euskara indartzeko bide bat ere izan daiteke”. Koordinatzaileak programatzaile eta teknikariek kultura herritarrengana hurbiltzeko egiten duten “lan garrantzitsua” azpimarratu du.
Jasotako proposamenak bi katalogotan txertatu eta “programatzaileen esku” utziko dituztela jakinarazi dute. Hala, musikaren inguruko topaketa Musika Bulegoak antolatuko du, eta familia ikuskizunena, berriz, Berbaro elkarteak.
Zortzi proposamen artistiko.
Familia ikuskizunen DA! PRO topaketa azaroaren 25ean egingo dute, 09:00etatik aurrera, Durangoko Bizenta Mogel liburuegian. Zortzi proposamen artistiko eskainiko dira, antolatzaileek zehaztu dutenez, gehienak adin tarte guztietara irekita daudenak eta formatu anitzekoak: “Dantza, antzerkia, musika, bertsoak eta bestelakoak. Orokorrean formatu anitzak uztartzen dituzte, eta ikuskizun hauek liburutegi, kultura areto eta jaietarako moldagarriak dira”.
Topaketa hurreratzen diren programatzaileek sortzaileak eta beraien lana gertutik ezagutzeaz gain, galderak egin eta bildutako proposamenen “katalogoa jasotzeko aukera” ere izango dutela nabarmendu du Itxasne Arabiourrutia Berbaro elkarteko kideak. Azaroaren 25ean aurkeztuko diren proposamenak honakoak dira: Potx eta Lotx lagunekin topa! (Oñatiko Algaraz Ikuskizun Elkartea), Kanutoren anaia (Josan Aramayo), Txepeldunak harrentzako bertso antzerkia (Lanku), Teilatupean (Lanku), Bertso garbitzailearena (Lanku), Erresinolaren Kantua (Talde Sormena (GRAMA Kolektiboa)) , Xirribit (Euskal Barrok Ensemble) eta Pulcinella Txio-Txinela (Zurrunka Teatro).
Proposamenak “oso interesgarriak” direla eta, “programatzaile guztiei” luzatu die Arabiourrutiak topaketan parte hartzeko gonbitea: “Aukera paregabea izango dute sortzaileekin zuzenean egoteko, euren proposamenak gertutik ikusteko eta etorkizuneko lankidetza aukerak esploratzeko”.
Musika proiektuak, Plateruenan.
Azaroaren 26an izango da musika proiektuak txanda, Plateruena aretoan. Maddi Arana Musika Bulegoko kudeatzaileak DA PRO musika, sortzaile eta programatzaileen arteko topagune legez, musika sektorearentzat “ezinbesteko tresna” bihurtu dela nabarmendu zuen: “Gerediaga Elkartearekin dugun lankidetzak aukera ematen digu Durangoko Azoka erreferentziazko plataforma izaten jarraitzeko, baita musika berriei ikusgarritasuna emateko ere”.
Musika Bulegotik azpimarratu dutenez, aurtengo ediziorako “hainbat proposamen” jaso dituzte, eta horietatik hamar aukeratu behar izan dituzte. Berrikuntza legez, lehen aldiz kanpoko epaimahai bat arduratu da aurten hautaketaz, “gardentasuna eta profesionaltasuna” sendotu asmoz: “Emaitza hor dago, kalitate handiko hamar proposamen, estilo eta ikuspegi askotarikoak, baina guztiek emozioa eta originaltasuna partekatzen dituzte”. Sueder, Sara Zozaya, Gartxot, Jonkass, Hondora, Ilargi, Maialen Ibarra, Uxue Kerejeta, Euskal Barrok Ensemble eta Maider dira Plateruenan aurkeztuko diren musika proiektuak.
Antolatzaileek aurten jasotako proposamenek euskal musikaren “aniztasuna eta osasuna” erakusten dutela nabarmendu dute: “Proiektuen %74 euskaraz dira, %53 emakumeek gidatzen dituzte, eta %68 gazteenak dira. Datu horiek erakusten dute belaunaldi berriak eta emakumeak gero eta presentzia handiagoa dutela gure musikaren etorkizunean”.